Warhol Shadows

Itzalak

Andy Warhol
Itzalak
(Shadows), 1978–79
Akrilikoa mihise gainean, 102 pintura mihise gainean, 193 x 132 x 2,9 cm bana
Dia Art Foundation, Beacon, New York
Erakusketaren ikuspegia: Dia:Beacon, Beacon, New York
© 2015, The Andy Warhol Foundation for the Visual Arts, Inc./VEGAP
Argazkia: Bill Jacobson

“‘Itzalak’ izenburua jarri diet nire bulegoko itzal baten argazkian oinarritzen direlako. Serigrafiak dira, eta pintura mopa batez eman nien gainetik. Haiekin lanean duela urte batzuk hasi nintzen. Astean zazpi egun ematen ditut lanean. Baina batez ere asteburuetan lan egiten dut, aste barruan solasean jarduteko jendea etortzen delako”.  —Andy Warhol[1]

Andy Warhol (jaiotzez Andrew Warhola, Pittsburgh, 1928–New York, 1987), aldizkarietarako ilustratzaile-lanean hasi zen 1949n New York hirira lekualdatu ondoren.[2] Pop Art artistetan handienetako bat izanik, Warholek eguneroko bizitzako ohiko ezaugarrietan, publizitatean eta komikietan oinarrituz ondu zuen bere ikonografia. 1960ko urteen hasieran, masa-ekoizpeneko objektuetan eta pertsonaia famatuetan oinarritutako artelanen azterketa eta ekoizpenari ekion zion. Objektuok dira, adibidez, Campbell’s zopa-latak eta Coca-Cola botilak, eta hedabideetako pertsonalitateak Marilyn Monroe eta Elvis Presley, besteak beste.

Bere artelan batzuk eskuz pintatu zituen arren, asko mekanikoki sortu zituen, serigrafiaren bidez. Prozesu horretan, argazki-irudiak mihisera edo paperera hainbat bider pasa daitezke eta, hartara, artelanak erraz eta merke sor daitezke kopuru handitan. Warholen lan-prozesua kontsumo-ondasunen fabrika-ekoizpenaren antzekoa zen. Bere asmoa zen arteak makinaz egin izanaren itxura izatea, mihiztatze-lerroan bezala ekoitzia baleude bezala. Warholek ‘fabrika’, “The Factory” deitzen zion bere arte-estudioari.

1970eko hamarkadaren amaieran, artistak erabaki zuen kultura-ikonoen eta
kontsumo-produktu ezagunen gaia alde batera uztea eta, horren ordez, adierazpen abstraktuak aztertzea. Abstrakzioari buruzko bere interes berri horrek itzaletan arreta jartzera eraman zuen; itzalek aspalditik lilura pizten zioten. 1978an, 50 urte zituela, Warholek, The Factoryko kideen laguntzaz, Itzalak izeneko artelan handia ekoizteari heldu zion.[3] Serigrafiatutako 102 mihise dauzka; hala ere, zati askotako pintura bakar bat izateko sortu zituen.

Serigrafia-prozesuari ekiteko, Warholek eta bere taldeak mihiseak pintura akrilikoz estali zituzten. Hortik datozkie kolore tonu distiratsu eta alai bereziak. Mihise horien hondoak esponja-mopa batez pintatu zituen, eta esponja-mopak utzitako orbanak eta markak “keinua” gehitu zioten irudiaren planoari.[4] Orduan, itzalaren irudia serigrafiatu zuten margoaren gainean: gehienak serigrafia-tinta beltzez egin zituzten; bizpahiru zilar kolorez serigrafiatu zituzten.[5] Itzalak sortzeko, zazpi edo zortzi pantaila desberdin erabili ziren, alde ilunen trantsizio txikietan eta argi-puntuen presentzia arbitrarioan igar daitekeenez.[6] Itzalen kokaera aldatu egiten da. Gainazal batzuk mateak dira, eta beste batzuek, berriz, orban lodiak dituzte, Warholek esponja-mopa pasatako tokietan.[7]Zilarrezko bi salbuespenetan izan ezik, “gailurra” delako forma garai, estu bat agertzen da beltz positibo batez, kolorezko atzealde baten kontra. Bigarren forma, “txanoa” deitua, laburragoa da eta, modu paradoxikoan, negatiboan agertzen da inguru beltz baten kontra: “ez dagoen” itzal bat.[8]

Irudi misteriotsu horien iturriak zein diren eztabaidagai da. Artistak berak itzalen sorburua “nire estudioko itzal baten argazkia” zela argi adierazi bazuen ere, beste kontakizun batzuk ere (batzuetan kontraesankorrak) eman izan dira eta, horietan, indar gehien daukana Warholen estudioko laguntzaile batek, Ronnie Cutronek (New York, 1948–New York, 2013), aipatutakoa da: gogora ekarri zuenez, Warholek eskatu zion forma abstraktuak eratzeko espresuki egindako maketek sortzen zituzten itzalei argazkiak ateratzeko. [9] Cutronek azaldu zuen edizio-prozesu luze bat zetorren ondoren: irudiok mihise baten tamainako pantailetan handitzen zituzten, mihiseok zoruan zabaldu ondoren; gero, erabaki egiten zuten eskala handitu horretan zein irudi ziren baliozkoak eta zein ez.[10]

Itzalak 1979n aurkeztu zen lehendabizikoz, Sohoko, New Yorkeko galeria komertzial batean. 102 mihisetatik 83 baino ez ziren erakusgai jarri.Horietako asko galerian jarri zituzten erakusgai, baina batzuk baita bulegoan ere.[11] 1979n erakusgai jarritako mihiseen azken kopurua erakusketa-espazioaren tamainaren araberakoa izan zen. Markorik gabeko irudiak elkarren ondoz ondo jarri zituzten, zorutik 30 zentimetrora, Warholen laguntzaileek zintzilikatutako ordenan. Itzalak egiteko mandatua Lone Star Foundation-ek eman zuen (egun, Dia Art Foundation). Mandatua 100 pinturako zikloa egitea zen, baina Warholek zortzi gehiago egitea erabaki zuen bere helburuetarako. Azkenean, Lone Star-ek 102 pintura erosi zituen. [12]

1. Andy Warhol, “Painter Hangs Own Painting”, New York Magazine, 1979ko otsailaren 5a, 9–10 or.
2. Biografia osoago baterako, ikus https://www.guggenheim-bilbao.eus/exposiciones/andy-warhol-a-factory/.
3. https://www.guggenheim-bilbao.eus/en/exhibitions/andy-warhol-shadow/
4. Ibid.
5. http://www.smithsonianmag.com/smithsonian-institution/a-fresh-look-at-andy-warhol-93034750/
6. https://www.guggenheim-bilbao.eus/en/exhibitions/andy-warhol-shadow/
7. http://www.smithsonianmag.com/arts-culture/bringing-andy-warhols-shadows-to-the-hirshhorn-88416488/?device=ipad&no-ist=&page=1
8. http://www.diaart.org/exhibitions/introduction/98
9. Ibid.
10. http://www.christies.com/lotfinder/paintings/andy-warhol-shadow-painting-5074069-details.aspx#tabWindow3
11. http://www.smithsonianmag.com/smithsonian-institution/a-fresh-look-at-andy-warhol-93034750/
12. http://www.diaart.org/exhibitions/introduction/98

Preguntas

Erakutsi: Itzalak (Shadows, 1978–79)

Begiratu denbora batez artelanari. Zer ikusten duzue? Deskribatu zuen erreakzioak eta saiatu azaltzen zuen ustez zergatik eragin dizkizuen artelanak erantzun horiek.

Julian Schnabel artistak (New York, 1951) ondorengoa esan zuen Warholen Itzalak margolanei buruz: “Ia ez dago ezer horietan. Baina ematen du zerbait irudikatzen dutela”.[13] Adierazpen horrekin bat zatozte? Azaldu erantzuna.

Itzalak artelan paregabea da, 102 mihisez osatua. Zati askotako pintura bakarra izateko sortu zen. 137 metrotik gora dira beharrezkoak margolan guztiak ondoz ondo ipintzeko.[14] Nola eragiten dio artelanaren tamainak artelan hau ikusi eta harekin elkarreragiteko daukazuen moduei? Lehendabiziko erakusketan, 83 mihise erakutsi ziren. Zein modutan eragingo lioke tamaina txikiagoak artelanari? Zuen ustez, pertzepzio desberdina izango zenukete bakar bat ikusiko bazenute?

Itzalak Warholen Factoryn (“lantegian”) egin zen. Warholen artelan askotan, zaila da zehaztea artista bera artelanaren ekoizpenean zenbateraino hartu zuen parte, laguntzaileek ere bere margolanetan lan egiten baitzuten. Benetan, The Factoryren ideia osoa zen artelana ez zuela pertsona bakar batek egiten. Hori jakiteak zein neurritan eragiten dio pintura hauen inguruko zuen iritziari? Garrantzizkoa da zuentzat jakitea artelanok Warholek edo bere laguntzaileek margotu zituzten? Ze iritzi duzue Warholen lankidetza-prozesuaz? Zer-nolako galderak pizten ditu horrek originaltasunari buruz?

13. Julian Schnabel, Andy Warhol: Shadow Paintings liburuaren hitzaurrea (New York: Gagosian Gallery, 1989), 4. or.
14. Ikasleek ikasgela neur dezakete artelanaren tamainaz ohartu ahal izateko.