Guggenheim
Sarrera

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA

Théo van Rysselberghe
Kalfeko errota Knokke-n edo Flandesko errota (Le Moulin du Kalf à Knokke o Moulin en Flandre), 1894
Olio-pintura mihise gainean
80 x 70 cm
Bilduma partikularra

“Elkarren osagarri diren koloreen arteko joko boteretsu eta anitzak aktibatzen du mihise osoa. Alaitasun inpresio bat hautematen da, kolore-kantu bat”. [1]

1886an, artista berrien lanak ikusteko Parisera egindako bidaian, Théo van Rysselberghe

 (Belgika, 1862–1926) txundituta gelditu zen Artista Independenteen Elkartean ikusi zuen Georges Seurat-en Igande arratsaldea Grande Jatte irlan (Un dimanche après-midi sur l’île de la Grande Jatte, 1884–86) artelanarekin. Kolorearen erabilerak nahiz Seuratek margolanean erabilitako teknikak liluratu egin zuten. Lan horren harira, Van Rysselberghek Seuraten estiloa hartuko zuen: kolorearen bereizketa edo Puntillismoa [2], Neoinpresionismo [3] izenarekin ezagutuko zen mugimenduaren teknika esanguratsu bilakatu zena.

Mende amaierako Paris asaldura politiko handiaren eta kultura-transformazio bizien agertoki izan zen. Bertan jaio ziren elkarren artean lotutako joera artistiko berriak —teoria zientifikoetan oinarrituak, kasu batzuetan—, eta bertan sortu ziren, halaber, sortu berri ziren ezkerreko taldeen filosofia eta ekintza iraultzaileak; azken horien erreakzio gisa, kontserbadurismo-oldea piztu zen. Artista-belaunaldi berri bat agertu zen, neoinpresionista izena jaso zuena. Lehen begiratuan, sortzaile horiek aitzindari inpresionisten gai berberak landu zituzten: paisaiak, hiri modernoetako bistak, jolas-jarduerak, etab.; alabaina, neoinpresionistak teknika berri eta oso desberdinen erabileragatik definitu ziren.[4]

Margolari iraultzaile horiek garaiko koloreari eta giza-pertzepzioari buruzko ezagutza zientifikoak erabili zituzten mihise puntillistetan efektu optikoak sortzeko, eta kolore osagarriak forma leunekin egituratu zituzten, konposizio unitarioak lortu ahal izateko. Askotan, neoinpresionisten eszena utopikoak teknikagatik ez ezik eduki ideologikoagatik ere bereizi ziren; dena den, helburu politiko argi batekin margotzen ez zuten kasuetan ere, neoinpresionistek hiriaren, aldirien eta landa-eremuaren gainean egindako interpretazio sutsuek harmonia idiliko bat transmititzen jarraitzen zuten. [5]

Van Rysselberghek azkar hartu zuen ikuspegi berri hura, baina bere erara egokitu zuen. Bere lanak ikusmolde errealistago batetik abiatu ohi ziren arren, Seuraten berrikuntza teknikoei ere probetxu ateratzen zien. Hark ez bezala, Van Rysselberghek ez zituen guztiz baztertu hiru dimentsioko irudikapena eta perspektiba; izan ere, Seuraten obretan forma lauak eta bi dimentsiotako espazioak ziren nagusiago. [6]

Seuraten metodoa berdindu nahian, kolorezko puntutxoak aplikatzen zizkion Van Rysselberghek plano piktorikoari, askotan osagarriak zirenak. Puntutxoak elkarrengandik horren gertu egonda, behatzaileak tonu homogeneoak hautematen zituen. Gainera, ordura arte egin zen moduan, pigmentuak mihise gainean nahasi beharrean, Van Rysselberghek kolore-pintzelkadak bakandu egiten zituen, eta irudi distiratsu eta garbiagoak sortzen zituen horrela. [7]

Van Rysselberghek 1886. urtean bere lagun Emile Verhaeren-ekin Paris bisitatu zuenean, Seurat, Paul Signac eta horren hainbat dizipulu ezagutu zituen. [8] Signac eta Van Rysselberghe elkarren lagun egin ziren; 1890eko hamarkada hasieran batera bidaiatu eta margotu zuten, eta argiz betetako paisaia neoinpresionista ugari sortu zituzten, elkarren artean sendo lotutako pintzelkadez osatutako azalerekin.[9] Kalfeko errota Knokke-n edo Flandesko errota (Le Moulin du Kalf à Knokke ou Moulin en Flandre, 1894) eszena flandestarra Van Rysselberghen garai inpresionistako une gorenari dagokio. Bere pintzelkada eten bereizgarriekin, kolore puruak erabiliz, Belgikako landazabaleko errota handientsu bat irudikatzen du. Margolan honetan eszenako eremu desberdinetako argi aparta jasotzea lortu zuen, belarraren itzaletan eta egurraren aberastasun kromatikoan ikus daitekeen bezala.

Seuraten heriotzaren ondoren, Van Rysselberghek uko egin zion kolorearen bereizketa zorrotzari bere erretratu eta paisaietan, eta pintzelkada zabalagoak erabiltzen hasi zen, hizkuntza piktoriko errealistago bat lantzeko. 1903. urterako bere teknika neoinpresionista gutxitu zuen, eta 1910. urtearen ondoren behin betiko abandonatu zuen.

Galderak

Begiratu margolana arretaz. Deskribatu eta analizatu zehatz-mehatz bere xehetasunak. Non uste duzu dagoela paisaia hau?

Imajinatu margolanean sartzeko aukera daukazula. Nora joango zinateke? Zer sentitzen da bertan? Zein doinu eta usain iristen zaizkizu? Eguneko zein momentutan gaude? Zein urtaro da? Zergatik egon nahiko zenuke han? Non uste duzu zegoela Théo van Rysselberghe lan hau margotu zuenean?

Egon zara inoiz antzeko tokiren batean? Zer egiten zenuen han? Zertan da desberdina margolan hau ikusi dituzun beste paisaia batzuekin alderatuta? Lan hau margotzen ikasteko, Europa osoan zehar ibili zen bidaian Van Rysselberghe, bere lagun Paul Signac-ekin batera. Aire zabalean lan egitea gustatzen zitzaien: lehenbizi zuzenean naturatik margotzen zuten, gero margolana estudioan lantzeko. Zeintzuk dira barruan (estudioan) eta kanpoan (aire zabalean) lan egitearen abantailak eta desabantailak? Zer nahiago zenuke zuk artista bazina, eta zergatik?

Orain, begiratu berriz margolana. Nola uste duzu margotu zuela Van Rysselberghek Kalf-eko errota Knokke-n? Berariazko zein teknika erabili zuen? Nola deskribatuko zenituzke pintzelkadak? Azala lupaz begiratzerik bazenu, zer ikusiko zenuke?

Jarduerak

Sortu margolan puntillista bat

Bere lanetan, Van Rysselberghek —Seuraten dizipulu izandakoak— askotan elkarren osagarri ziren kolorezko mantxa txikiak erabiltzen zituen irudiak sortzeko, margoa mihisean nahastu gabe. Puntutxoak beren artean oso gertu zeudenez gero, ikuslearen begiak nahastu egiten zituen, eta kolore homogeneoak hautematen zituen horrela.

Zure margolan neoinpresionista propioa egiteko, arkatz bat, oinarrizko koloretako tenpera, mihise txiki bat, erabili eta botatzeko plater bat eta pintzel txiki batzuk beharko dituzu.

Hasteko, aztertu gustuko duzun paisaia baten argazki bat. Segidan, egin irudi horren zirriborro bat zure mihisean. Lehenengo, marraztu lerro nagusiak, xehetasunei eta itzalei erreparatu gabe. Zure margolanak ez du zertan errealista izan.

Ondoren, jarri erabiliko duzun pintura bakoitzeko kantitate txiki bat (hur baten tamainakoa) erabili eta botatzeko platerean. Erabili pintzelak zirriborroa puntutxoz betetzeko, pintura freskoa nahasi ez dadin arreta jarriz. Gogoratu koloreek osagarriak izan behar dutela. Adibidez, bioleta koloreko loreak egin behar badituzu, erabili puntutxo urdin eta gorriak elkarren ondo-ondoan. Landa marrazteko berde argia edo berde iluna behar badituzu, erabili puntutxo berde eta horiak (edo berde eta zuriak) eremu argienean, eta berde eta beltzak (edo berde eta marroiak) eremu ilunenean. Koloreen arteko konbinazio desberdinak ere proba ditzakezu zuzenean mihisean margotu baino lehen.

Ikerketa-jarduera

1886an, artista berrien lanak ikusteko Parisera egindako bidaian, Théo van Rysselberghe guztiz liluratuta gelditu zen Georges Seuraten Igande arratsaldea Grande Jatte irlan (1884─86) lanarekin. Margolan haren ondorioz, Van Rysselberghek Seuraten estiloa hartuko zuen. Begiratu arretaz eta konparatu Seuraten margolana Van Rysselbergheren Kalfeko errota Knokke-n edo Flandesko errota (Le Moulin du Kalf à Knokke ou Moulin en Flandre) lanarekin. Begiratu arretaz margolan biak eta idatzi beraien arteko berdintasun eta desberdintasunen inguruko idazlan labur bat. Margolan bietako bat zure etxean jartzerik bazenu, zein aukeratuko zenuke eta zergatik?

Hiztegia

Neoinpresionismoa: Neoinpresionistek puntillismo deitutako teknika piktorikoa erabili zuten maiz; Georges Seurat margolariak asmatu zuen teknika hori, eta Paul Signac eta bere jarraitzaileek garatu zuten. Koloreari eta optikari buruzko teoria zientifikoetan oinarritzen da, eta kolore osagarriak erabiltzen ditu nagusiki; margo-ukituak oso juntu aplikatzen dira, pintzelkada indibidualen bitartez; hori dela eta, margolanak nolabaiteko distantzia batetik begiratzen direnean, giza-begiak konbinatu egiten ditu puntuak, eta koloreak modu homogeneoan hautematen ditu.

Loturak

https://www.museodelprado.es/aprende/enciclopedia/voz/rysselberghe-theophile-van/62fc9f4e-1c90-47f5-8c90-17a6b7f287ed?searchid=7a82c2fa-83de-2bd6-37ba-c3690b0181ed

https://www.britannica.com/art/Neo-Impressionism

https://www.britannica.com/biography/Theo-Van-Rysselberghe

http://www.artcyclopedia.com/artists/rysselberghe_theo_van.html

Oharrak

[1] Emile Verhaeren, L‘Art moderne, 1898ko martxoak 13; jatorrizkoa frantsesez: « Un jeu puissant et varié de complémentaires mouvemente toute la toile. Une impression de joie, une chanson de couleurs s’entend. » Ronald Feltkamp, Theo Van Rysselberghe, 18621926 (Editions Racine, 2003).

[2] Arte-kritikariek puntillismo hitza erabili zuten 1880. hamarkada amaieran artista batzuek beren lanetan erabiltzen zuten estiloaz burla egiteko, baina, gaur egun, izan lezakeen konnotazio satirikoa galdu du. Seuratek teknika horrekin ekindako mugimenduari Neoinpresionismo izena ere ematen zaio.

[3] Vivien Greene (ed.): Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak, erakusketako katalogoa (Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017).

[4] Vivien Greene (ed.): Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak, erakusketako katalogoa (Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017).

[5] Vivien Greene (ed.): Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak, erakusketako katalogoa (Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017).

[6] http://www.museothyssen.org/en/thyssen/ficha_obra/561

[7] http://www.wga.hu/bio_m/r/rysselbe/biograph.html

[8] http://www.wga.hu/bio_m/r/rysselbe/biograph.html

[9] https://www.nationalgallery.org.uk/paintings/theo-van-rysselberghe-coastal-scene

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA