codigo

Kodea (Code), 1962

Kodea (Code), 1962
Kotoia, kalamua, metal-haria eta artilea
58,4 x 18,4 cm
The Josef and Anni Albers Foundation, Bethany, Connecticut

"Helburu praktikoa bistatik galtzeak ez du esan nahi galera bat gertatu denik, praktikoa ez den emaitza bat arte izatera irits baitaiteke" Anni Albers, 1947 [1]

Anni Albersek (Berlin, 1899–Orange, Connecticut, 1994) Bauhaus eskolan ikasle ari dela ezagutu zuen Paul Klee artista, bere ibilbidean eragin handia eduki zuen pertsonetako bat. Walter Gropiusek  sortu zuen 1919an Weimarren (Alemania), eta diseinu-, arte- eta arkitektura-eskola iraultzailea izan zen. Bere historian zehar, hiru egoitza izan zituen eskolak: 1925ean Weimarretik Dessau hirira lekualdatu zen, eta, azkenean, Berlinen ezarri. Weimarreko garaiko lehen urteetan, Paul Klee artistak ehun-arteari buruzko irakasgai bat eman zuen. Eskola horietatik abiatuta, artistarekiko miresmen berezia sentitu zuen Albersek. Anniren ustetan, Klee "jenio" bat zen, abstraktua eta geometrikoa zena naturala eta organikoa zenarekin konbinatzeko zuen gaitasunagatik.[2] Haren eskoletan, konposizioa modu estrukturalean lantzen ikasi zuen Albersek, eta horretarako, errotazioa, kolore-aldaketak, errepikapena, ugalketa eta zatiketa bezalako printzipioetan oinarrituta, koadrikula batean antolatzen diren forma modularren hizkuntza erabili zuen.[3] Klee-ren eraginaz gain, oihal tradizional amerindiarrek ere zeresan handia izan zuten Albersen obran. 1933an Latinoamerikan zehar egindako bidaietan ezagutu zituen ehun horiek, eta Mexiko eta Peruko herriek egindako oihalak "ehun-artearen adibide zirraragarriena” ziren artistarentzat. Aspaldiko teknikak erabiltzen zituzten Peruko ehuleak izan ziren bereziki Albersen "maisu handiak". Artistak inka, wari eta tiwanaku indigenen tuniketako diseinuaren konplexutasuna, horien kolore biziak eta erabiltzen zituzten motiboak miresten zituen, Bauhaus eskolan Klee-ren tutoretzapean esploraturiko patroien antza handia zutenak.[4] Kolonaurreko kulturetako zeinuek erakartzen zuten bereziki, non idazketak eta irudiak bat egiten duten. Gainera, motibo geometrikoak dauzkan eredua txertatzen duten tunika inketan interes bizia erakutsi zuen; kitxua hizkuntzan tocapu izena jasotzen dute eredu horiek.

1936an garai artistiko berri baten hasiera markatu zuten bi obra burutu zituen Albersek: Monte Albán (1936) eta Idazkera zaharra (1936). Lan horietan lehen aldiz erabili zuen bilbe flotatzailearen teknika, zeinetan bilbe-hari osagarri bat ehundutako azaleraren gainetik korapilatua edo "flotatuz bezala" ageri den. Teknika hori baliatuz, ehundutako egituraren azaleraren gainean lerroak "margotzen" zituen artistak. Teknika hori aplikatuz egiten zituen obrei “ehun piktoriko” esaten zien Albersek , ehungintzako lan horientzat arte piktorikoaren estatus berbera aldarrikatzeko asmoz; modu horretan, soilki estetikoa zen esanahia eta intentzioa zuten objektuak sortu zituen, funtzio erabilgarririk izango ez zutenak.[5]

Hurrengo hamarkadetako obrarik esanguratsuenak bi multzotan bana daitezke: Amerikako kultura indigenako paisaia edo motiboak darabiltzatenak batetik eta mundu zaharreko zeinu ideografikoetan oinarritutako karaktere eta sistema linguistikoak gogorarazten dituztenak bestetik. [6] Albersek bere obrak bisualki irakurriak izan zitezen nahi zuen. Semiotikarekiko zuen interesa Bauhaus eskolako garaian Klee artistaren irakaspenenetatik eta kolonaurreko kulturen inguruan berak zeuzkan ezagutzetatik jaio zen. Azken obra horien izenburuetako askok zuzeneko erreferentzia linguistikoak dauzkate: Kodea (Code, 1962) lanean, Albersek bilbe flotatzaile bat erabili zuen hitz edo esaldien itxurak egiteko. Elementu lineal eta punteatuek, izenburuarekin batera, morse kodea edo beste hizkuntza laburturen bat dakarte gogora.[7]

Preguntas

Behatu arretaz Kodea lana. Zer ikusten duzue? Deskribatu obra xehetasunez. Piezaren zein alderdik deitzen du zuen arreta? Deskribatu lana sortzeko erabili diren koloreak. Zein sentsazio transmititzen dizkizuete? Nola deskribatuko zenituzkete lerro beltzak? Patroiren bat (lanean errepikatzen den elementuren bat) bereiz dezakezue?

Albersek “ehun piktorikoak” izena jarri zien bere lanei. Zergatik uste duzue jarri ziela izen hori? Pentsatu zer ezaugarri izan behar dituen obra batek izen hori jasotzeko eta osatu zerrenda bat. Zer harreman dute zuen ustez ehunak eta pinturak?

1965ean, On Weaving (euskaraz, Ehungintzaz bezala argitaratu da) idazkia argitaratu zuen Albersek. Bertan, bere ehunak diseinatzeko marrazten zituen zenbait diagrama erreproduzitu zituen. Museoko erakusketa bisitatzerakoan, behatu arretaz erreproduzitzen diren diagramak: zein berdintasun eta zein desberdintasun daude horien eta Kodea (1962) lanaren artean?

Albersek bere obrak bisualki irakurriak izan zitezen nahi zuen. Artistak baieztatu ohi zuenez, bere lanek erreferentzia linguistiko zuzenak zituzten, hark ikertutako artista andetarren pare; izan ere, Albersek oihala bera hizkuntza-forma bat balitz jorratzen baitzuen. Zer uste duzue kontzeptu horri buruz? Joskintzaren bitartez hizkuntza bat sor daitekeela uste duzue? Albersen oihalak ezagutzen duzuen lengoaiaren bat gogorarazten dizue? Zergatik uste duzue jarri ziola Albersek, adibidez, Kodea (1962) izenburua bere obretako bati? Izenburua aldatzeko aukerarik bazenute, zein izenburu gustatuko litzaizueke? Arrazoitu zuen erantzuna.

Kodea (1962) lanean, bilbe flotatzaile bat baliatu zuen Albersek hitz edo sinboloen itxurak egiteko. Lerro bakoitza desberdina da eta modu espresiboan erabiltzen da, hizkuntza baten itxura izateko helburuarekin. Behatu arretaz artistak bere ehunean sortu zituen irudi desberdinak eta imajinatu soinuak direla. Irudika ezazue oihala partitura bat balitz bezala, eta, imajinatu lerroak musika-hizkuntza bat direla. Imajinatu lerro bakoitza partitura bateko “nota” musikal bat dela eta hutsik dauden espazioak “isiluneak” direla. Hausnartu melodia batean isiluneek duten garrantziaz eta artelan batean zuriz dauden espazioek izan dezaketen balioaz. Zein soinu izango luke obrak?