conexiones

Konexioak - Orkestra III (Connections - Orchestra III), 1983

Konexioak - Orkestra III (Connections - Orchestra III), 1983
Serigrafia
69,5 x 49,5 cm
The Josef and Anni Albers Foundation, Bethany, Connecticut

“Sortzailea izatea ez da hainbeste zerbait egiteko desira izatea, baizik eta gauzatu nahi duen horri kasu ematea: hori da materialen agindua.” Anni Albers

Ehun-artearen (fiber art) aitzindari izateagatik, bilbeak tra­tatzeko modu berriak asmatzeagatik eta etengabe ehuna­ren motibo eta funtzio desberdinak bilatzeagatik izan zen ezaguna Anni Albers (Berlin, 1989–Orange, AEB, 1994). Artearen historian funtsezko irudia izan zen, berriz defi­nitu baitzuen artistaren diseinatzaile-lana.  Bere ibilbidean zehar, ehunez gain, bitxiak, marrazkiak eta grabatuak ere egin zituen. Ehungintzari buruzko bere teoriak arte-mota horren eboluzioa ulertzeko egun funtsezkoak diren idazkietan formalizatu zituen, Ehungintzaz (On Weaving, 1965) liburua kasu.

1963an Josef Albers bere senarrarekin batera joan zen Anni Los Angeleseko Tamarind litografia-tailerrera, eta bertan ezagutu zuen grabatua, aurretiaz ehunekin lortu ezin izan dituen formak ezagutu eta esperimentatzeko bidea emango zion teknika berria. Albersek ikerketa bisualerako espazio berri bat aurkitu zuen grabatuan eta horren teknika desberdinetan. Gainera, obra berberaren ale bat baino gehiago sortzeko aukera ematen zion grabatuak artistari: aldi berean arte-objektua demokratizatzeko aukerak irekitzen zizkion eta artea eta diseinua banatzen dituen lerro fina ezabatzen zuen. Artistak paralelotasun interesgarri bat aurkitu zuen ehungintza-produktuen industrializazioaren —bera horren aldekoa zen—, eta grabatuaren teknikaren artean. Eskuz ehuntzeaz gain, era askotako diseinuak egin zituen, beranduago etorri zen ekoizpena ehungailu industrialetan ordenatu ahal izateko; izan ere, ehun-ekoizpen mekanikoaren aldekoa zen artista. Bere lanaren bitartez, Albersek ehun-artisten paper duala sustatu zuen; bi ardatz zituen haien lanak: alde batetik, industriarako oihal-laginen ekoizpena, eta, bestetik, ehun-artelanen sorkuntza.

1964. urtetik aurrera eta bere bizitza bukatu arte, lan grafikoari eskaini zion bere arreta Anni Albersek, nahiz eta zenbaitetan ehungintzara itzuli. 1970eko hamarkadaren erdialdera, eta Josefen heriotzaren ondoren, larriki gaixotu zen Anni. Hala ere, ospitalizazio luze baten ondoren, berriz ekin zien grabatuei. Grabatu abstraktuak egin zituen berriro, nahiz eta oraingoan motibo nagusia lau aldeko figura izan, Orkestra izena jaso zuen obra-multzoko bariazio desberdinetan erabili zuena. Multzo horrek 1920ko hamarkada du inspirazio iturri, Anni eta bere ahizpa, oraindik ere Alemanian, Berlingo Operara joaten ziren garaia, hain zuzen. Kolore eta formek afinazio-prozesuan dauden instrumentuak dakartzate gogora, eta baita kontzertuetara joaten ziren emakumeen belusezko parpailadun jantzi lirainak ere, beste irudi batzuen artean. Obra horietan guztietan, koloreak nabarmendu zituen artistak: horretarako, inprentako makinak erabili zituen, tinta inprimatze bereizi desberdinetan aplikatzen zuen eta bigarren inprimatzean berniza ematen zuen, beltza ahalik eta bizien ager zedin.

Preguntas

Behatu eta deskribatu Orkestra III. Zer ikusten duzue? Deskribatu Anni Albersek lan honetan kolorea nola erabili duen. Gogo-aldarte, sentimendu edo sentsazio jakinen bat transmititzen dizue? Zerbait gogorarazten dizue koloreen paleta edo konbinazio honek bereziki?

Lanak Orkestra III du izena. Izenburua jakin ostean, nola aldatzen da lanari begiratzeko duzuen modua? Zuen ustez, erakusten al ditu Albersek orkestra honek izan ditzakeen ezaugarriak? Azaldu erantzuna.

Orkestra multzoak momentu jakin bat dakar gogora: Anni eta bere ahizpa, gazte zirela, Berlineko Operara joaten ziren garaia, 1920. urte inguruan. Nolakoa uste duzue zela garai hartan eta hiri hartan bizitzea? Gustuko izango zenukete bertan egon izana? Nolakoak uste duzue zirela kontzertu horiek? Nola uste duzue janzten zela jendea orkestra bat entzutera joateko? Zein soinu, usain eta kolore uste duzue dakartzala Annik gogora bere lanean?

Albersentzat oso garrantzitsua zen grabatuaren bitartez arte-objektua demokratizatu eta horrela artearen eta diseinuaren arteko banaketa gatazkatsua ezabatzeko agertuko zaion aukeraren aurkikuntza. Zein iritzi duzue gai honi buruz? Uste duzue garrantzitsua dela artea demokratizatzea? Zuen ustez, zergatik zen garrantzitsua beretzat artearen eta diseinuaren arteko banaketa desegitea? Albers funtsezko irudia izan zen, berriz definitu baitzuen artistaren diseinatzaile-lana. Gaur egun artista eta diseinatzaileen artean desberdintasun aipagarriak daudela uste duzue?