Lekuak: ingurumena
[Kontinenteen] adierazpena ez da nahikoa; orain gure bizitza bera bezain ezegonkorra den zerbaiten proiekzioa daukagu1.
Artistak esanahiak sortzen saiatzen dira, baita munduko gaitzen aurka borrokatzen ere. Borroka hori era didaktikoan edo politikoan bideratu ordez, Dimitris Daskalopoulos-en funtsak osatzen dituzten artistek zeharkako ikuspuntu metaforikoak erabiltzen dituzte. Daskalopoulosek dio bere bilduman nahita saiatzen dela "arte politikoa" ekiditen. "Politikoa dena oso lotuta dago testuinguru historiko konkretu bati eta gai zehatzei. Artistei dagokienez, [...] gizakiaren esentzia modu unibertsalago batean nola lantzen duten interesatzen zait"2. Artista askok Lurraren baliabide naturalei lotutako arazoak jorratzen dituzte gerren, zientziaren eta ekonomiaren analisiaren bidez.
Rivane Neuenschwander-i (Belo Horizonte, Brasil, 1967) gizaki bizidunek eta bestelako izakiek elkarri nola eragiten dieten eta euren inguruekin dituzten harremanak interesatzen zaizkio. Gerta daitekeena (Contingente, 2008) filmean eztiz egindako munduko mapa bat agertzen da eta inurri kolonia batek mapa jaten du. Hamar minutu baino gehiagoz, kontinenteak txikitzen doaz desagertu arte; horrela, gizakiek munduko baliabide naturalak kontsumitzen dituzten abiadura kezkagarria jorratzen du. Neuenschwanderrek gustuko du inurrien nolakotasun sinbolikoa: "Kontinente ia guztietan egon dira milaka urteetan zehar, gu baino askoz ere lehenagotik"3. Era berean, mapa oso sinbolo garrantzitsua da: ikasgeletan dauden mapen tamaina bera du, baina honek ingurugiroarekin nolako harremana dugun erakusten du. Neuenschwanderrek dioenez, bere filmari Gerta daitekeena (Contingente) deitu dio "kontingente" hitzak esanahi ugari dituelako. Gustatzen zaio "kontinente" hitzak eta portugesezko "contingente" berbak antzeko ahoskapena izatea. Artistak azaldu duenez, "nolabaiteko nahasketa eratzea interesatzen zait, munduaren interpretazio berri bat ematea, atzerapen bat sortzea haren esanahian"4.
Oharrak
1Rivane Neuenschwander, honetan aipatua: El intervalo luminoso: D.Daskalopoulos Collection, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2011, 161. or.
2Dimitris Daskalopoulos, honetan aipatua: "Organizando una galería en mi mente: Dimitris Daskalopoulos con Nancy Spector", in El intervalo luminoso, op. cit., 25. or.
3Neuenschwander, honetan aipatua: El intervalo luminoso, op. cit., 161. or.
4Ibid.
Preguntas
- Rivane Neuenschwander-en Gerta daitekeena (Contingente, 2008) lanaren bi fotogramei begiratu. Zer ikusten dute ikasleek?
- Azaldu ikasleei filmak 10 minutuko eta 30 segundoko iraupena duela, eta lehenengo fotograma bigarrenaren aurretiko momentu batetik aterata dagoela. Haien ustez, zer gertatuko da filmean? Sekuentzia osoa YouTube-n ikus daiteke. Lan hau egiteko Neuenschwanderrek munduko mapa bat sortu zuen eztiz eta horren gainean inurrien kolonia bat jarri zuen. Galdetu ikasleei zein indar sinboliko duen lanak. Inurrien, mapen eta eztiaren artean egon daitezkeen lotura guztiak aztertu behar dituzte.
- Neuenschwanderrek dioenez, filmari Gerta daitekeena (Contingente) izenburua jarri zion “kontingente” hitzak esanahi anitz dituelako. Ikasleei eskatu “kontingente” terminoa definitzeko. Ondoren, hitz horrek lan honen testuinguruan duen esanahia aztertu behar dute.
- Neuenschwanderri gustatzen zaio “kontinente” eta “kontingente” hitzek antzeko ahoskapena izatea. Artistak aditzera eman duenez, “nolabaiteko nahasketa eratzea interesatzen zait, munduaren interpretazio berri bat ematea, atzerapen bat sortzea haren esanahian”1. Galdetu ikasleei zer uste duten adierazpen horri buruz. Zergatik nahastu nahi ditu gauzak, era argian adierazi ordez?
- Azaldu ikasleei erakusketa honen lan guztiak Dimitris Daskalopoulos-en bildumaren parte direla; honek adierazi du bere bilduman “arte politikoa ekidin” nahi duela. Bere hitzetan, “Politikoa dena oso lotuta dago testuinguru historiko konkretu bati eta gai zehatzei. Artistei dagokienez, […] gizakiaren esentzia modu unibertsalago batean nola lantzen duten interesatzen zait”2. Eskatu ikasleei ideia hori eztabaida dezaten orain arte ikusi dituzten artistak kontuan hartuz. Uste al dute Neuenschwanderren lana arte politikoa izan litekeela? Zergatik? Zergatik ez?
Oharrak
1Rivane Neuenschwander, honetan aipatua: El intervalo luminoso: D.Daskalopoulos Collection, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2011, 161. or.
2Dimitris Daskalopoulos, honetan aipatua: “Organizando una galería en mi mente: Dimitris Daskalopoulos con Nancy Spector”, in El intervalo luminoso, op. cit., 25. or.