Espejo invertido

Michelangelo Pistoletto, Ispiluaren arkitektura (Architettura dello Specchio), 1990

"Nire burua ikusten dut, agian ez, zuk ispiluan ikusten nauzun bitartean. Baina ez gaude gu bakarrik, eta orain aurrean dagoena eta urruti dagoena ere ispiluan daude. Izan ere, gu geu gaude ispiluan hura aurrean izan ez arren. Ezin zaio ispiluari ihesik egin. Espazio handia ispiluan dago, denbora (oso-osorik) ispiluan dago, eta espazioak denboraren dimentsioa dauka"10.

Michelangelo Pistoletto, Ispiluaren arkitektura (Architettura dello Specchio), 1990

Michelangelo Pistoletto (Biella, Italia, 1933) artea guztiz ohikoa zen sendi batean jaio zen: aita pintorea zuen, zaharberritze lantegi baten jabe; berak irakatsi zion txiki-txikitan marrazten eta, hamalau urte zituela, haren lantegian hasi zen lanean. 1950eko hamarkadan, figuraziora jo zuen, eta autorretratu asko egin zituen; dena dela, 1960ko hamarkadaren hasierarako hondo metalikodun irudi monokromoak egiten zituen. Geroago, argazkia eta collagea uztartu zituen eta hondo islatzaileak erabili. Ispilu ahurrak eta ganbilak erabili zituen, irudiak deformatzen zituztenak eta ikuslearekin halako jolasa eragiten zutenak: isla handitu edo txikitu egiten zen, tamaina naturaleko margotutako irudien aldean. Pistoletto isla aztertzen jarraitu zuen: mihisea leundutako altzairuz ordeztu zuen, eta, azkenik, ispiluak erabiltzen hasi zen.

1967. urtearen inguruan, bestelako baliabidetara jo zuen: performancea, zinema, bideoa eta antzerkia. Arte Poverarekin lotu zuten; mugimendu hori 1960ko hamarkadan hasi zen Italian, eta ezaugarri izan zituen material organikoak eta industrialak uztartzea eta naturaren eta artifizialaren arteko aldeak horien bidez aditzera ematea. Pistolettok bereizgarri izan zuen eguneroko materialak erabiltzea, hala nola, oihala, zura, kartoi korrugatua eta ispiluak.

Ispiluaren arkitektura (1990) lanean, Pistolettok islan eta islarik ezan arreta jartzen du; gai hori funtsezkoa du artelan askotan. Era berean, azaldu duenez ispilu lanak hurrengo artelanak egiteko oinarria izan ziren, baita ideiak eta teoriak idazteko eta garatzeko ere.

10. Museu d'Art Contemporani de Barcelona, Michelangelo Pistoletto

Preguntas

  • Zer ikusten dute artelanean ikasleek?
  • Zer dela eta erabiliko luke artista batek zatikatutako ispilu bat artelan bat sortzeko?
  • Artelana eta hura kokatutako arkitektura-gunea “elkarreragin” diezaioten sortu zen; era berean, bisitaria eta haren isla elkarreragin diezaioten. Nola bihurtzen da arkitektura lanaren parte? Nola parte hartzen du ikusleak artelanean?
  • Imajinatu artelana beste lekuren batean erakusten dela: kanpoaldean, esaterako, baso batean edo barrualdean, adibidez, supermerkatu batean. Nola aldatzen da ikasleen pertzepzioa?