Moulin Rougen, La Goulue eta bere ahizpa, 1892
Henri de Toulouse-Lautrec
Moulin Rougen, La Goulue eta bere ahizpa (Au Moulin Rouge, La Goulue et sa sœur), 1892
Koloretako litografia
46,1 x 34,8 cm
“Zementu armatua baino aurpegi gogorragoa duena Lautrec da: ez du inolako kontenplaziorik, ez marrazkian, ez kolorean. Zuria, beltza eta gorria plantxetan, forma sinpleak; eta kito. Inork ez bezala jasotzen ditu agure lizun aberats okituak, urdanga losintxariekin eserita, sosak ateratzeko haiek limurtzen aritzen direnak... Bere trebezia, lotsagabekeria eta sarkasmoa itzelak dira”[1].
Henri de Toulouse-Lautrec artistak (Frantzia, 1864─1901) sortzetiko gaixotasun bat zuen, eta haren ondorioz, nerabezaro garaian hausturak izan zituen bi hanketako hezurretan. Tratamenduak mingarriak izan ziren oso, eta denboraldi luzeak pasatu zituen ohean; hala ere, hausturak ez ziren behar bezala sendatu. Gaixondoan ezin zuen ia jarduera fisikorik egin; horregatik, Toulouse-Lautrec oso goiz murgildu zen pinturan eta marrazkigintzan. Gaztetan, zaldiak izan ziren haren gairik gogokoena. Askotan lagundu ohi zuen bere aita zaldi-lasterketatara, eta bizi osoan mantenduko zuen grina garatu zuen hipikarekiko. [2] Bere hanken hazkuntza behar baino lehenago eten zen eta, ondorioz, proportzio normaletako gorputz-enborra bazeukan ere, hanka oso laburrak zeuzkan, eta mugikortasuna zailtzen zioten.
1884ean Montmartrera joan zen bizitzera, Pariseko auzo bohemiora alegia. Bertan, gaueko bizitza sutsu eta dekadentean murgildu zen, eta inguruetan ibili ohi ziren aberatsak ezagutu zituen, eta baita langile eta artistak ere. [3] Asalduzko garai gorabeheratsua zen, eta Pariseko kultura-agertokia transformatuko zuten aldaketa sozial, politiko, industrial eta zientifikoek baldintzatu zuten. Orduko artistek mugimendu berritzaile askoren sorkuntzan lagundu zuten: mugimendu horien lekuko eta bultzatzaile izan ziren. Toulouse-Lautrec bere garaiko gizartearen ordezkari zen, errealismo garratzaren eta satiraren artean zegoen estiloarekin. Bere xarmarik handiena, ziur asko, mende amaierako Pariseko gauetako pertsonaia ezagunak erretratatzeko gaitasuna izan zen. [4]
1885erako bere auzoko gaueko bizitza libertinoaren pintore bilakatu zen, eta bere lanetan sartu ohi zituen aretoetako, kafe-kontzertuetako eta putetxeetako bezeroak. Inguruko kabaretetan ohiko bisitaria izan zen, eta goi mailako klaseetako jarduera heterodoxo eta alaiak betikotzeaz gain, klase horiek bilatzen zuten entretenimendu frenetikoa ere jaso zuen, bai eta areto horietan lanean ari ziren behe mailako klaseetako pertsonen bizitza tragikoak ere.
1889an, Montmartreko Moulin Rouge kabaret famatuak ateak ireki zituenean, Lautrecek kabareteko publizitate-kartel sorta sortzeko enkargua jaso zuen. Arratsaldero joan ohi zen espektakulua ikustera eta, izkina batean eserita, dantzariak eta bezeroak marrazten aritzen zen.[5] Bere kartelek Montmartreko aktoreak artista ezagun bezala irudikatzen zituzten, eta litografia publizitarioa arte kategoriara jasotzea lortu zuten. Bere Moulin Rougeko pertsonaien estanpek kabareta betetzen zuten pertsonen izpiritua, tristezia eta xarma erakutsi zuten.
Moulin Rougen bertan ezagutu zuen, gainera, kafe-kontzertuetako bere izarrik gogokoenetako bat: Louise Weber, La Goulue ezizenez ezaguna (“tripontzia”); mahaian nahiz bizitzan erakusten zuen apetituaren ondorioz jaso zuen goitizena. La Goulue anbizio handiko emakumea zen, eta kankan [7] dantzari gisa erakusten zuen trebeziagatik zen ezaguna. Energiaz betetako dantza zen kankana, eta esfortzu fisiko handia eskatzen zuen; gizarte "errespetagarriarentzat", ordea, eskandaluzkoa eta desegokia suertatzen zen. Dantzariek, oldartsu, parpailadun pololoak erakusten zituzten orduko galtzerdi beltzen gainean, kontraste agerikoan. Espektakulu bero gisa zeukan ospea gorabehera, kankana dantzalekuetako dinamismoaren eta gehiegikeriaren sinbolo bilakatu zen.
Moulin Rougen, la Goulue eta bere ahizpa (1892) litografian La Goulue ikus dezakegu kabaretean bere ahizparekin, bertako giro eta gizonei begira. La Gouluek soineko eskotatua, orrazkera deigarria eta lepoko beltz estu bat daramatza. Bere itxura xelebreari esker, Lautrecek atzetik aurkeztu zezakeen, silueta nahikoa baitzen hura ezagutzeko. [8] Era berean, artistak bere modeloen ezaugarri nagusiak erabili ohi zituen beren nortasunen barne-barnekoa jasotzeko, egiten zituen interpretazio estilizatu eta sinplisten bitartez. [9]
Preguntas
Begiratu arretaz litografia. Zer ikusten duzu? Deskribatu ahalik eta zehaztasun gehien erabilita. Non uste duzu daudela pertsona hauek? Hasieran ikusi ez duzun zein zehaztasun ikusi duzu beranduago? Nola kalifikatuko zenuke estanpa honetako giroa?
Paris hiri ezaguna zen entretenimendurako eta gaueko bizitzarako eskaintzen zituen aukerengatik, baina gizarte-gatazka askoren agerleku ere bazen. Aristokratak, dantzariak eta langileak nahasi egiten ziren Montmartreko kale eta kafeetan. Nolakoa uste duzu izango litzakeela garai hartako Parisen bizitzea? Gustatuko litzaizukeela uste duzu? Zure iritziz, zergatik zen hain dinamikoa garai hartako agertoki artistikoa?
Irudi honetan hainbat figura ikus daitezke. Lehen planoan agertzen diren bi emakumeetan jarriko dugu arreta: zer jakin dezakegu beraien inguruan beren pose, itxura eta janzteko moduei erreparatuta? Nortzuk izan daitezke? Zer uste duzu ari direla egiten? Orain, erreparatu gainontzeko figurei: zertan ari direla uste duzu?
La Goulue kankan dantzari ezagun bat izan zen, Pariseko Moulin Rouge kabaretean aritzen zena. Ikusi edo entzun duzu inoiz kankanaz zerbait? Ikusi 1952ko Moulin Rouge filmaren zati hau: https://www.youtube.com/watch?v=exrcnq6Uac4
La Goulue filmeko dantzariak bezalakoa zen. Gustatuko litzaizuke bere saio batera joatea? Zergatik bai, edo zergatik ez? Kankana eskandalagarria zela uste zuten askok, eta debekatzen saiatu ziren denbora batez. Zergatik uste duzu zela hain polemikoa?
Behin filmeko zatia ikusita, uste duzu Lautrecek kabareteko atmosfera islatzea lortu zuela? Moulin Rougeko publizitate-kartelak ere sortu zituen artistak. Bilatu Google-en irudiak eta erabaki zein duzun gustukoen. Zergatik aukeratu duzu? Zer ikas dezakezu mende amaierako Paris hartaz, Lautrecen kartelak aztertuz gero?