cristina solano e1515056121732

Muino hutsak 13 zk. (Colinas huecas n.º 13), 1985

Susana Solano
Muino hutsak 13 zk. (Colinas huecas n.º 13), 1985
Burdinazko xafla kurbatu eta soldatua
102,5 x 140 x 209,5 cm
Collection Stedelijk Museum, Amsterdam

“Hutsuneetan dago irudikapenaren misterioa eta plano horizontal tolestua. Horixe: misterioa.” Susana Solano, 2017.[1]

Susana Solano (1946, Bartzelona) pinturan espezializatu zen Bartzelonako Arte Ederren Fakultatean. 1970eko hamarkadan, ordea, eskulturaren bidea hartu zuen. Lehenbiziko obretan, Constantin Brancusi (Errumania, 1876–Frantzia, 1957) eskultorearen lana inspirazio iturritzat hartuta, lan industrialen eta artisau-lanen arteko teknikekin saiakuntzak egin zituen. Zura material artistiko gisa baliatuta egin zituen lehen eskultura-sailak, forma sinple eta geometrikoekin; lan horietan bloke trinkoak ziren nagusi, eta haiei laukiak eta barrak eransten zizkien. Hasieratik, espazioa eta egitura arkitektonikoa izan ditu etengabeko kezka.

Burdina, zumea eta beruna erabiltzen hasi zenean, material horiek artisau-prozedura eta -tekniken bitartez lantzea erabaki zuen. Forja industrialaz baliatu arren, prozesuaren artisau-alderdiari ematen zion garrantzia: makina bakunak erabiltzen zituen, eta horrek industria-lengoaiaren eta artisau-lengoaiaren erdibideko itxura ematen zien obrei. Artistak garrantzi handia ematen zien hala materialari nola materialaren tratamenduari; kolorea, ordea, ez zitzaion batere interesatzen. Materialak esploratzeko prozesu horretan, gero eta eskultura handiago eta trinkoagoak egiten hasi zen, eta egitura formal bihurtu ziren. Solanok eskulturak hiru dimentsioko objektutzat hartzeari utzi zion, eta espazioak sortzeko eta eskultura bere ingurunean hedatzeko saioak egin zituen.[2]

Muino hutsak 13 zk. (1985) lana izenburu bereko obra-multzo baten parte da. Izenburuak bi hitz horien arteko kontraesan inplizituarekin jolasten du. Hau da, “muinoaren” trinkotasun eta sendotasuna “huts” kontzeptuari kontrajartzen zaie nolabait, jolas antzeko bat sortzen du: hutsa eta betea, hutsune itxia eta hura inguratzen duen azal irekia[3]. Muino huts izeneko Solanoren obrek gorputz inguratzaile, arkitektoniko eta ia eszenografikoak iradokitzen dituzte. Espazio mugatu baina irisgarriak dira, kutxak eta kaiolak, adibidez.

Muino hutsak 13 zk. (Colinas huecas n.º 13) lanean artistak burdinaren eta hura inguratzen duen espazioaren artean sortzen den hutsunea nabarmentzen du. Sortzen den formaren bitartez, Solanok hutsaren eta hutsik ezaren arteko dikotomia zenbateraino interesatzen zaion adierazten digu. Metalak bolumenik eza menderatzen du, forma ematen dio eta obraren parte bihurtzen du; metalari esker, bolumen eza besarkatu eta neurtu dezakegu[4].

Preguntas

Begiratu arretaz eskultura. Nola deskribatuko zenukete eskulturaren forma? Zer materialekin egina dago? Zer bereizgarri ditu material horrek? Zer ezaugarri ekartzen dizkizuete gogora? Zer ehundura duela iruditzen zaizue? 

Solanoren iritziz, bere obrak lotura estu eta bizia du arkitekturarekin. Zergatik uste duzue pentsatzen duela hori? Erabiltzen dituen materialak nola daude erlazionatuta diziplina horrekin?

Bere aburuz, gainera, eskulturak sortzeko bere modua industriaren eta artisautzaren arteko bidean dago. Zer material eta prozesu dira zuentzat, berez, industrialak? Eta artisautzakoak? Zer material eta prozesu komun izan ditzakete? Zer abantaila edo arazo izan ditzake diziplina horiek materialak trukatzeak?

Solanoren obrak hutsaren eta hutsik ezaren dikotomiari buruzkoak dira. Nola definituko zenuke hutsa? Nola uste duzue sartzen duela Solanok espazio hutsa eskulturetan? Zergatik uste duzue sartu nahi duela?

Solanoren obraren izenburua Muino hutsak 13 zk. (1985) da. Zergatik uste duzue jarri diola izen hori? Zuen iritziz, zer esanahi ditu? Zerekin lotzen duzue? Obrari izenburua aldatu ahal izanez gero, zer izenburu jarriko zeniokete? Zergatik?

Muino hutsak 13 zk. izenburu bereko obra-multzo baten parte da. Bilatu artistaren Muino hutsak izeneko obra gehiago. Zer erlazio dute? Aukeratu gustukoen duzuena eta hausnartu zergatik aukeratu duzuen hori.