Nanak eta gizarte aktibismoa
"Emakume lodi bat ikusi dut gaur hondartzan eta jainkosa pagano handi bat ekarri dit gogora. Beltza ezberdina da. Figura beltz asko egin ditut nire lanean. Venus Beltza, Madonna Beltza, Gizon Beltzak, Nana Beltzak. Kolore garrantzitsua izan da beti niretzat [...]. Beltza ni naiz ere orain"—Niki de Saint Phalle(1)
Niki de Saint Phalle
Rosy beltza edo Rosyrena da ene bihotza, 1965
Oihala, artilea, pintura eta sareta, 226,1 x 127 x 85,1 cm
Niki Charitable Art Foundation, Santee, Kalifornia
Sarrera
1960ko hamarkadan, Niki de Saint Phallek (Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1930–La Jolla, Kalifornia, 2002) emakumeak irudikatzeko zuen modua erabat aldatu zuen: gizaki triste, malenkoniatsu eta pasiboak egitetik figura alai, indartsu eta boteretsuak egitera pasa zen. “Nanak” deitu zituen: emakume gazteak izendatzeko argoteko hitz frantsesa, zertxobait zakarra dena gainera. 1964. urtean, segida luze baten irekiera suposatuko zuen lehen Nana egin zuen Saint Phallek: tamaina handiko eskulturak, kolore distiratsuez margotuak, feminitatea eta amatasuna irudikatzen duten emakume sentsualak agertzen dituzte. Artistaren inspirazioa Larry Rivers (1923–2002) artista estatubatuarraren emakumea izan zen, Clarice Rivers; lehen semearekin haurdun zegoen. Nanak, hasieran, mâché paperaz eta artilez egiten zituen eta topatutako objektuak gehitzen zizkien. 1965ean, berriz, Saint Phalle poliesterra erabiltzen hasi zen figura lodiago, aktiboago eta kartsuagoak sortu eta parke eta aire libreko lekuetan erakutsi ahal izateko.
Saint Phallek Nana asko egin zituen bere bizitzan zehar. Zenbait Nana Estatu Batuetako Afroamerikarren Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua (1954–68) babesteko egin zituen: hau da, emakume guztiak, kolorea dena dela, jainkosak dira artistarentzat.(2) Rosy beltza edo Rosyrena da ene bihotza (1965) artistak egin zuen lehenetako Nana beltza da. Rosa Parksen (1913-2005) omenez egin zuen. 1955ean Parksek —emakumea eta afroamerikarra— autobus eserlekua gizon zuri bati uzteari errefusatu zion eta, egintza horrekin, Martin Luther King Jr. (1929–1968) buru izan zuen segregazio legediaren aurkako eta eskubide zibilen aldeko mugimendu nazionalaren hasiera markatu zuen.(3)
Saint Phalle errepresioaren aurka zegoen, eta bereziki sexu eta arrazakeria arrazoiengatik emakume eta pertsona beltzen aurka gauzatzen zenean. Rosy beltza Saint Phallek bere bizitzan egingo zituen Nana beltzetako bat da. Nana beltzak emakume beltzak omentzeko egin zituen; emakume eta beltz ziren heinean, biktima bikoitzak zirela uste baitzuen(4) Saint Phallek esan zuenez, “gizarteak eta legediak baztertuta eta zapalduta dagoen orok nire elkartasuna du”. (5)
1. Niki de Saint Phalle. Black is different, 1994. Serigrafia, 800 x 1,200 mm. MAMAC Bilduma, Niza. Artistaren dohaintza. http://cache.20minutes.fr/photos/2014/09/15/black-is-different-planche-cea9-diaporama.jpg (azken sarrera, 2014/10/12)
2. Tate Liverpool, Niki de Saint Phalle: Room 4. www.tate.org.uk/whats-on/tate-liverpool/exhibition/niki-de-saint-phalle/niki-de-saint-phalle-room-guide/niki-de-4
3. Niki de Saint Phalle Audio-gida, www.grandpalais.fr/fr/article/niki-de-saint-phalle-decouvrez-lapplication
4. “Niki de Saint Phalle, Txosten Pedagogikoa,” 14. orr.
5. Ibid.
Preguntas
Erakutsi: Rosy beltza edo Rosyrena da ene bihotza (1965)
Rosy beltza azter ezazue elkarrekin. Beren arreta zerk deitu dien galde iezaiezu ikasleei. Hasteko, osagai formalak azter itzazue. Jarrera, generoa eta eskulturaren kokapena azaldu itzazue. Nola azalduko lituzkete koloreak eta osagai apaingarriak? Nola deskribatuko lituzkete jantziak? Zer dakarte gogora kolore eta formak? Zer ikas dezake batek, emakumeari buruz, bere jantziak ikusten dituenean?
Ondoren, Rosy beltzaren gorputz lengoaia aztertuko dute ikasleek. Emakumearen jarrera imitatzea eskatu iezaiozu ikasle bati. Eroso al dago, urduri, buru-lasai? Zer sentitzen du emakumeak, ikasleen ustetan? Zein da Niki de Saint Phallek bidali nahi duen mezua Rosy beltza modu horretan irudikatzean?
Saint Phallek emakumearen zenbait ezaugarri handitu zituen. Zure ustez, zergatik egin zuen? Eskulturaren tamaina 226,1 x 127 x 85,1 cm da . Nola eragiten du horrek ikuslearen pertzepzioarengan? Zer senti daiteke eskulturaren aurrean? Eskulturaren eta ikaslearen tamainak aldera itzazu.
Eskultura Rosa Parksen omenez egin zuen. Eta bere izenburua da Rosy beltza edo Rosyrena da ene bihotza. Zer esaten digu izenburuak artista eta lanaren inguruan? Zure ustez, zergatik inspiratu zen Saint Phalle Parksen istorioan? Parksen inguruan sakontzeko, ikasleek beren bilaketa egin edo zerrendatutako baliabideak irakurri ditzakete.