Naturaleza muerta | Obras | Guggenheim Bilbao Museoa

Natura hila (Natura morta), 1942

«Mundu ikusgaiak gugan sortzen dituen sentimendu eta irudiak ez dira erraz adierazten hitzez, edo beharbada ezin dira adierazi hitzez, formak, koloreak, espazioa eta argia baitira». Morandi, 1957

Giorgio Morandik (1890–1964) ia bizitza osoa eman zuen bere jaioterrian, Bolonian (Italia); hiriak tradizio kultural handia zuen. Nahiz eta nazioartean arrakasta handia izan, ez zitzaion gustatzen bidaiatzea. Bizitzan zehar, jaioterritik nahiko gertu zeuden hirietara soilik joan zen; besteak beste, Paduara, Florentziara, Veneziara, Milanera, Erromara eta Winterthurrera (Suitza). Han ikusi zituen hainbat artista espainiarren obrak, hala nola Murillorenak, Velázquezenak, Grekoarenak edo Zurbaránenak; guztiak Contini-Bonacossi kondearen bildumakoak. Obra horiek eragin handia izan zuten haren margotzeko moduan, bereziki haren eszenen argiztapenean eta soiltasunean.

Natura hila (1942) oso obra soila da, eta isiltasun handia dario. Irudi honek portzelana zurizko bi objektu baino ez ditu. Erdian, botila bitxi bat dago; konposizioko elementu bertikal bakarra denez, elementu nagusia bihurtzen da. Harekin batera, material bereko kikara txiki bat dago, apur bat etzanda, botilaren kontra jarrita, eta oso argiztatuta. Hain zuzen ere, eszena argiztatzen duen eta portzelanazko gainazal irregularrean maisutasunez islatzen den zilar-koloreko argi horrengatik batez ere nabarmentzen da margolan hau.

Berrogeiko hamarkadaren amaieratik, Morandiren natura hiletako objektuak bata bestearen atzean edo elkarren ondoan eta plano baten gainean kontu handiz jarrita ageri dira.

Irudi honetan agertzen diren elementuak oraindik ere etxeko tresnak dira, egunerokoak, baina jada ez daude elkarrengandik bereizita, artistaren ibilbidearen hasierako obretan bezala; aldiz, unitate konpaktuak osatzen dituzte, Natura hila (1956) izeneko margolanean gertatzen den bezala.

Obra hau Morandiren azken garai piktorikokoa da; garai horretan, batez ere forma kubikoak dira nagusi, eta haren natura hilen protagonista bihurtzen dira ia. Lehenengo planoan, hiru forma kubiko aztoragarri agertzen dira, kolore leunekin margotuak, baina oso ondo definituak. Bigarren planoan, kutxa baxu zilindriko batez gain, hiru botila eta pitxer bat jarri ditu artistak; haiek bertikaltasuna ematen diote eszenari. Bata bestearen atzean jarritako bi objektu-lerroek sakontasun espazialaren sentsazio nabarmena sortzen dute. Elementu bertikaletako batzuk (botilak) irudikatzerakoan kolore ilunago batzuetara jo denez, margolanak oro har harmonia kromatiko dotore bat izatea lortzen du.

Morandik natural hil hau margotu zuen urtean, Winterthurrera (Suitza) joan zen lehen aldiz, eta, bertan, Jean-Baptiste Siméon Chardinen margolanak ikusi zituen. Chardin XVIII. mendeko margolari ospetsu bat izan zen, eta isiltasunaren eta argiaren maisua esaten zaio. Morandik bezala, Chardinek ere natura hil ugari margotu zituen bere ibilbidean zehar. Objektuak ordenarik gabe antolatzen zituen, eta, horrela, nolabaiteko naturaltasuna lortzen zuen. Morandik bereziki Karta-gaztelua margolanean jarri zuen arreta, eta, lan hartan, xehe-xehe aztertu zuen karten antolaketa; litekeena da hori antzeratu nahi izatea 1956ko natura hilean, lehenengo planoan jarritako forma kubikoen bidez.

 

 

Preguntas

Hasi obra deskribatzen: zenbat objektu daude? Zer tamaina dute? Zer motatakoak dira? Zein nabarmentzen dira? Nola lortu zuen artistak batzuk besteen gainetik nabarmentzea?

Natura hila (1942) margolanean, bi elementu baino ez daude: botila bitxi samar bat eta kikara bat; biak portzelana zurizkoak. Hain objektu finak izanda, zuen ustez, norenak izango ziren? Zer edari izango zuen barruan halako botila dotoreak?

Morandirentzat, artistikoki irudikatzea merezi zuen gai bakarrak paisaiak, loreak eta natura hilak ziren. Hori dela eta, bere ibilbidean, behin eta berriro heldu zien gai horiei, bereziki natural hilei. Bizitza osoan zehar artelanak (musikakoak, literaturakoak, plastikoak, etab.) egiteko hiru gai aukeratu beharko bazenituzte, zeintzuk izango lirateke? Zuen ustez, zer lotura dute aukeratu dituzun gai horiek zuekin? Eta zuen testuinguru sozial, kultural eta denborazkoarekin?

Morandik aurreko artisten margolanetako xehetasun txikiei erreparatzen zien. Adibidez, Natura hila (1956) margolanean, paralelismo bat ikusten da lehenengo planoan agertzen diren kutxen eta Chardinek Karta-gaztelua (1736-1737) margolanean irudikatu zituen karten artean. Bilatu Chardinen margolan hori Interneten eta jar ezazu Morandiren margolanaren ondoan. Nola deskribatuko zenukete bien arteko paralelismoa? Chardinen margolaneko forma kubikoak karta metatuak dira, nabarmen, baina Morandiren margolanean ez dago argi zer irudikatzen duten. Zuen ustez, zer dira? Hortaz, zer lotura dute eszena berean ondo bereizten diren botilekin, pitxerrarekin eta kutxarekin?