2012 Noli me tangere III 1

Noli me tangere III, 2012

Noli me tangere III, 2012
Grafitoa, papera, zinta itsaskorra eta pintura paper gainean
152 x 165 cm
Artistaren bilduma
© VEGAP, Bilbo, 2017

Pello Irazuk (Andoain, 1963) marrazki ugari egin ditu bere ibilbidean. Bere marrazkiak ez dira eskulturak egin aurreko azterlan edo bozetoak, artelan osoak baizik. Eskulturekin batera erakutsi ohi ditu, elementu baliokide eta bereizezinak balira bezala .[1] Eguneroko agertoki edo elementu eskematikoak dira marrazki horien abiapuntua (aurpegiak edo objektuak, adibidez), eta artistak abstraktu bihurtzen ditu.[2] Irazurentzat, marrazki horiek ez dira “eskultore-marrazkiak”, “eskulturak” baizik [3]; “paretako eskultura” edo “pantaila espazial” esaten die.[4] Diziplina horretan eskulturako teknika batzuk erabiltzen dituenez, marrazkiek eskultura-izaera mantentzen dute. Lan horietan, Irazuk gure gorputzaren, objektuen, irudien eta espazioen arteko erlazioetatik sortzen diren arazoak jorratzen ditu.[5]

Noli me tangere III obran, garai horretako beste marrazki batzuetan bezala, Irazuk hainbat material uztartzen ditu, askotariko lengoaiak aipatze aldera.[6] Grafitoaz gain, zinta itsaskorra ere erabiltzen du, sortutako formen eraikuntza markatu eta proiektatutako espazioa modu eraginkorragoan nabarmentzeko.[7] Zinta itsaskorra paperaren gainean jartzen du zuzenean eta zintaren gainean margotzen du, kolore desberdinekin. Zinta itsaskorrek formen eraikuntza adierazten dute, alde batera utzi gabe haien koloretako “barra” izaera eta pintzelkada bakoitzaren keinuaren tentsioa.[8] Funtsean, esan dezakegu Noli me tangere III obrako zinta itsaskorrek bi zeregin betetzen dituztela: formak berriz marraztea eta, aldi berean, amaierako konposizioari testura gehitzea.[9] Gainera, kasu honetan, zinta itsaskorra gainjarritako beste euskarri-geruza batzuekin uztarturik dago: hondoko paperean, grafitodun paper-multzo batek labirinto-itxurako bilbe bat sortzen du, eta multzo horren gainean margotutako zinta itsaskorrak daude.[10]

Noli me tangere III artelanean, Irazuk gustukoen duen gaietako baten profila eta oinarrizko bolumena irudikatzen ditu, hainbat ikuspegitatik: eserleku-eskulturak, hain zuzen. Artistak eguneroko objektu bat eraldatzen du, eserlekua, alegia; berregin egiten du eta, modu horretan, harridura sortu eta jatorrizko funtzioa galtzen du. Halaber, aulkiak, eraldatuta, funtziorik gabe, desplazamendu-sentsazioa sortzen du. Ezaguna den eguneroko objektu bat dugu aurrean, baina aldi berean, arrotza zaigu. Eserleku-eskulturak egiteko prozesuan Irazuk ateratzen dituen argazkiak berak baliatzen ditu artistak iturri gisa, eta paperean forma desberdinekin esperimentuak egiten ditu. Era horretan, Irazuk ezin deszifratuzko mapa bat sortzea lortzen du; benetako erreferentea galdu egiten da bertan, eta zuriaren gaineko trazu beltzak sortutako bolumen-masak bakarrik du zentzua.[11]

Preguntas

Begiratu eta deskribatu Noli me tangere III (2012) obra. Zer ikusten duzu? Azaldu al ditzakezu Irazuk marraztutako formak? Zer ekartzen dizute gogora?

Obra honetan, marrazteko grafitoaz gain, artistak paper-pusketak eta zinta itsaskorra erabiltzen ditu, oinarri-paperean eransteko. Zergatik uste duzu erabiltzen duela material hori horrela? Zer efektu lortu nahi du? Bere helburua lortzen duela uste al duzu? Zergatik?

Zinta itsaskorra jarri ondoren, Irazuk margotu egiten du. Emaitza zertan izango litzateke desberdin zinta beharrean zuzenean papera margotuko balu? Zer alde egongo litzateke?

Irazuk bere marrazkiei “paretako eskultura” esaten die. Zergatik uste duzu esaten diela horrela? Nola uste duzu daudela erlazionatuta marrazkia eta eskultura? Bere obrarekin “paretako eskulturak” egitea lortzen duela uste duzu? Nola?

Begiratu erakusketako beste obra batzuk, Kommutadorea (Switch, 1997) eta Itzala (Sombra, 2002), adibidez. Zer erlazio dago obra horien eta Noli me tangere III obraren artean? Zer dute berdin eta zer dute desberdin hirurek? Irazuren lanetako asko eserlekuak edo bere inguruko eguneroko materialak baliatuz egiten ditu, eta beste obra batzuk egiten dituenean sortzen ditu.[12] Gertatu al zaizu inoiz marrazki edo bozeto bat egiten hasi eta beste gauza baten inguruko ideiaren bat bururatzea? Zer egin ohi duzu ideia berri hori ez ahazteko?