image

Paisaia

Margolanean bizi gara, bertan ibiltzen gara, haren sakontasuna arakatzen dugu, begiak jaso eta bertako zerua begiratzera kitzikatzen gaitu.13

XVII. mendean paisaiaren artea errotik aldatu zuten iparraldeko Probintzia Batuetan. Errealistagoa zen ikuspuntu bat nagusitu zen Holandako artistak haien lurra xeheki aztertzera itzuli zirenean, horixe baitzen haien harrotasunaren eta nazio identitatearen oinarri. XVI. mendean arreta ez zen inguruan jartzen eta erlijio-pinturetan paisaiak irudikatzen zituztenean, artistek haien irudimena edo lehenagoko artisten lanak baliatzen zituzten xehetasunak margotzeko. Horrez gain, antolaketa arautzen zuten ohiturak jarraitzen zituzten eta hala, lehen planoak marroia behar zuen, erdikoak berdea eta hondoak urdina14.

XVII. mendearen hasieran baina, iparraldeko probintzietako artistek nazioa goratzen zuten paisaiak margotzen zituzten, Bibliako istorioak edo mitologia oinarri hartu gabe. Jarduera atsegingarriek -ehiza, patinajea, ibilaldiak basoan-, animaliek -behiak eta arrainak- eta eraikinek (errotak) bat egin zuten holandarra izatea zer zen aditzera ematen zuen ikusmoldea osatzeko15. Artistek pinturak antolatzeko modu berri bat garatu zuten: xehetasunak osotasunaren mende ipini zituzten; giro orokor bat aditzera ematen zuten; urrunean luzatzen diren forma diagonalak erabiltzen zituzten (ibaiak, bideak), eta, haien aurrekoek ez bezala, okre eta gris koloreen tonu desberdinekin bustitzen zuten mihisea, ondo bereizitako kolore-paleta erabili ordez.
Argiarekin lotutako jakin-nahi zientifikoak argiak mihisean zuen eragina aztertzera bultzatu zituen paisaia-pintoreak16. Itsasoak bizitzaren alor guztiak -ekonomia, geografia eta militarra- baldintzatzen zituenez, itsas paisaiak margotzen hasi ziren. Era berean, gero eta urrutiko lurralde gehiago ezagutzean, beste pintore batzuek kolonia-lurralde exotikoak, Brasil, esaterako, pintatu zituzten begi europarrentzat. Aurrerago, XVII. mendean bertan, estruktura- edo monumentu-aldia bezala ezaguna den garaian, paisaiek antzerki kutsua hartu zuten, eta horien ezaugarri ziren kolore biziagoa eta egitura irmoagoa17.

Jan van Goyen (1596-1656) paisaiak egiten gailendu zen eta 1630eko hamarkadan tonuen estiloa delakoa garatzen lagundu zuen, kolore kopuru mugatuarekin margolan harmonikoak sortzen baitzituen18. Van Goyenek perspektiba atmosferikoaren alde egin zuen, hau da, distantzia iradokitzen zuen urrutiko elementuak lausoago edo motelago pintatuz, baita uraren egoera anitzak margotuz ere. Pintura hezearen gainean margotzeko teknika baliatuz, Van Goyenek zimurrak sortzen zituen azalean eta testura horrek biziagoak egiten zituen lanak. Lehenengotariko maisua izan zen zeru zabala, sarri Holandako paisaiarekin lotzen zena, irudikatzen. Zeruak margotzeko espazioaren zati handi bat hartzen zuenez, lurraren lautasuna azpimarratzen zuen19. Bidea dunen artean (1629) lanean, adibidez, zerua nabarmendu zuen, baina pintura antolatzeko modu berezi bat ere ikus daiteke: masa sendo bat alde batean bat eta eremu ireki bat bestean. Horrela, naturaren zabaltasuna eta indar handia azpimarratu zituen.

Oharrak:
13 Eugène Fromentin, XIX. mendeko pintore eta idazle frantsesa, Holandako paisaien inguruan, honetan aipatua: Alpers, op. cit., 19. or.
14 Kahr, op. cit., 48. or.
15 Ibid., 55. or.
16 Ibid., 210. or.
17 Ibid., 211. or.
18 Ibid., 206. or.
19 Ibid., 208. or.

Preguntas

  • Eskatu ikasleei naturan igarotako egun bat gogoratzeko. Zein ziren paisaia horren elementurik esanguratsuenak? Artelan batean horietako zein irudikatzea izango litzateke erronka?
  • Orain eskatu Van Goyenen Bidea dunen artean lana begiratzeko. Eskatu haien begiak artelanean nola mugitzen diren eta non gelditzen diren ohartzeko. Zer antzematen dute lehenengo? Eta azkenik? Pinturako elementuen -irudiak eta paisaia, zerua eta lurra, argia eta itzalak, gertukoa eta urrunekoa- arteko harremanak aztertzeko eskatu. Zein nabarmentzen dira? Zein daude lauso, ilun edo orekatuta?
  • Van Goyenek hainbat teknika garrantzitsu baliatzen zituen pinturetan. Giza-eskalan egindako elementuak gehitu zituen, etxeak, animaliak eta pertsonak, esaterako, naturaren handitasuna azpimarratzearren. Irudi batzuk urrun zeudeneko ilusioa ere sortu zuen irudi horiexek txikiago, inguruak lausoago eta tonuak motelago pintatuz. Teknika horien adibiderik aurki al dezakete lan honetan?
  • Pintura honen izena Bidea dunen artean da. Duna bat haizeak egindako hareazko muino bat da. Eskatu ikasleei paisaia horretan bizitzea nolakoa izango zen irudikatzeko. Zein usain eta soinu antzemango lituzkete? Zer sentituko lukete? Nola laguntzen dute irudiek, zeruak, lurrak, argiek eta itzalek zentzumen horiek imajinatzen?
  • Garai honetako artista holandarrek natura behatzen zuten, haien hiri eta herrietakoa bereziki, oso harro baitzeuden. Van Goyenek urteak eman zituen Herbehereetan zehar bidaiatzen eta zirriborroak egiteko koaderno batean hartu zituen oharrak. Lehenago, artistek haien irudimena zuten oinarri edo beste artistek aurretik pintatutako paisaiak. Zein abantaila eta desabantaila ditu margotzeko sistema bakoitzak? Artista bazina, zein nahiago zenuke? Eta ikuslea bazina?