Pertsonak: giza gorputza
Artea, hein batean, froga baten modukoa da: erraietatik mundu fisikora ateratzen zaizun zerbait da, eta, aldi berean, zure erraien irudikapena besterik ez da1.
Jaiotzaren eta heriotzaren artean dagoen espazio labur eta magikoan, alegia, erakusketaren tituluak aipatzen duen "bitarte argitsua"n, giza gorputza aurkako norabideetara, hain zuzen, sorkuntzara eta zatiketara jotzen duten indarren menpe dago. Horrexegatik dio Dimitris Daskalopoulos-ek "gizakien izatasuna edo funtsa d[el]a bere bildumaren euskarri". Interesa sortzen dio "amildegira itzuli aurretiko sortzeko borroka horrek"2, grina horrek. Gizakiaren irrika dira artea sortzea, seme-alabak edukitzea eta iraunkorra den zerbait egitea hondamendiaren bidean eta, azken batean, heriotzaren bidean doala. Kiki Smith-en (Nurenberg, Mendebaldeko Alemania, 1954) lanetan irudikatzen den giza gorputza borroka horren sinbolo da.
Artean eta literaturan oro har, giza gorputz batek (edo haren ordezkoak) gizatasuna orokorrean izendatzen du. Smithek baina, sexurik gabeko gorputzean jartzen du arreta haren lanetan, eta hala, gorputzaren azterketari beste alderdi bat gehitzen dio. Smithek darabilzkien irudietan gorputza istorioen, metaforen eta filosofien jatorria da. Interesa du gorputzak gizartearekin eta munduarekin duen harremanean, edo haren hitzetan, "gure jarioa espazio publikoan non amaitzen den eta jario publikoa gugan iragazten non hasten den"3 jakin nahi du. Titulurik gabea (1992) lanean, adibidez, artez dagoen irudi batek irekidura bat du sabelean eta horretatik ateratzen dira haren erraiak, tindatutako Nepalgo paperaz egindako hesteak diruditenak. Gorputz atalek osotasunetik bereizi nola ibil daitezkeen interesatzen zaio Smithi, baita, artista gisa, "gorputz bat osatzeko behar den informazio eskasak"4 ere. Girlandan (Daisy Chain, 1992) buru bat eta gorputz atalak aurkezten dira elementu banandu moduan, baina metalezko kate lodi batek lotzen ditu.
Oharrak
1"Learning by Looking: Witches, Catholicism, and Buddhist Art", Kiki Smithi Art 21ek egindako elkarrizketa, Art21, Pdh.org.
2Dimitris Daskalopoulos, honetan aipatua: "Organizando una galería en mi mente: Dimitris Daskalopoulos con Nancy Spector", in El intervalo luminoso: D.Daskalopoulos Collection, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2011, 25. or.
3Kiki Smith, honetan aipatua: El intervalo luminoso, op. cit., 189. or.
4Ibid
Preguntas
- Begiratu Kiki Smith-en Titulurik gabea (1992) lana eta galdetu ikasleei zer ikusten duten eskultura horretan. Haren jarrera, generoa eta artistak hura sortzeko erabili dituen materialak deskribatzera anima itzazu.
- Ikasleen ustez, zer gertatzen zaio irudiari? Zer iruditzen zaizkie Smithek aukeratutako materialak —tindatutako Nepalgo papera erraieterako eta Tailandiako papera gorputzerako—? (Ahal izanez gero, eraman ikasgelara paper mota horien adibideak ikasleek uki ditzaten.) Loturarik al dago materialen eta gaiaren artean? Bestelako materialak erabiliz gero, zer-nolakoa izango litzateke lan hori?
- Smithek “porotsu” gisa deskribatu du gizakia haren gorputz fisikoaren izaera eta hark gizartearekin duen harremana dela eta. Zer esan nahi du horrekin? Hitz horrek izan ditzakeen esanahietan pentsatu, eta ondoren, horiek eskultura honi nola aplika daitezkeen.
- Smithek maiz banatzen edo isolatzen ditu gorputz atalak haren eskulturetan sinbolo gisa jardun dezaten. Zeren sinbolo izan daitezke gorputz atalak?