ph 950

PH-950, 1950

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA

Clyfford Still
PH-950, 1950
Olio-pintura mihise gainean
233,7 x 177,8 cm
Clyfford Still Museum, Denver
Honen eskaintza: Clyfford Still Museum, Denver, Colorado.
© City and County of Denver, VEGAP, Bilbo, 2016

“Artelanek ez dute izenbururik izan behar. Ez dut ikuslearen ulermena oztopatu edo lagunduko duen aipamenik nahi.” Clyfford Still, 1949[1]

Clyfford Still (Grandin, Ipar Dakota, AEB, 1904−Baltimore, Maryland, AEB, 1980) Espresionismo Abtraktuaren lehen belaunaldiko artista izan zen. Mugimendu hori AEBn loratu zen 1950eko hamarkadaren amaieran, Bigarren Mundu Gerraren ostean. Beste artista batzuen modura, estilo horri ekin zion Stillek ezohiko ikuspegiak aztertuz eta usadiozko teknika eta metodoetatik askatuz —hala nola, astoko pintura eta pintzelak—[2]. Figuraziotik aldendu ziren espresionista abstraktuak, hots, mundua ikusten dugun moduan irudikatzetik; aitzitik, errealitatea jasotzeko beste hizkuntza baten alde egin zuten, formetan, koloreetan eta lerroetan oinarritutakoa. Margolan adierazkorrak sortu zituzten, egiturarik gabeko konposizio asimetrikodunak.

Garai hartako kritikariak artista horiek bitan sailkatzen saiatu ziren: keinu-pintura eta kolore-eremuen pintura egiten zutenak. Lehenengoaren baitan zeuden margotzeko keinua islatzeko eta nabarmentzeko joera zutenak, eta bigarrenaren barruan koloreak orban handietan zabaltzen zituztenak. Still, baina, bi kategoria horien artean zegoen, oreka perfektuan. Egia esateko, espresionista abstraktu bakoitzak lengoaia eta estilo berezia zituen.

1947tik aurrera, formatu handia baino ez zuen landu Stillek. Mihise osoa bete egiten zuen espatulaz zakarki aplikatutako kolorez, eta, irudirik ez zenez agertzen, orban handienak etenik gabeko azaleren antza hartzen zuten. Artistak, gainera, kolore artegagarriak erabiltzen zituen berariaz, aparteko lanak sortzeko. Garaiko margolari gehienek ez bezala, Stillek berak prestatzen zituen pigmentuak, haren koadro erraldoietarako kolore bereziak lortzeko[3].

PH-950 (1950) lanean, Stillek modu adierazkorrean eman zuen pintura, espatula batez baliatuz, eta kolore-eremu handiak sortu zituen hainbat kolore-geruza metatuz. Margo geruza lodia denez, kolore-geruza bat kendu duela eta azpiko geruza agerian geratu dela ematen du. Laranja-hori argitsua lortzeko kontu handiz, pintzelkada zainduez, kolore biziak eman zituen; gainera, geruza irregularra da eta, ondorioz, margoak distira egiten duela ematen du[4]. Ez dago ezagut dezakegun irudirik; haien ordez sugar itxura duten formak ageri dira, zabaltzen ari diren kolore-eremuetan gora egiten dutenak[5]. Simetria eta oreka baztertu zituen konposizio berezia sortzeko: olio-pintura mihisearen mugetatik harago eraman zuen, koloreen eta forma abstraktuen panoramika bat irudikatu izan balu bezala[6]. Horia eta beltza aurrez aurre daude espazio bertikalean: argitasunak gora egiten du, goialdeko osin beltzerantz, eta talka gunean hondoko zuria nabarmentzen da, olatuen bitsa balitz bezala; mihisearen goiko aldean ere zuri hori agertzen da, gure begirada gorantz zuzenduz.

Stillek gehienetan ez zituen artelanak izendatzen, obraren inguruko argibiderik ez emateko. Lan honen letrak eta zenbakia, PH-950, artistaren alabak egindako katalogazio-argazkietakoak dira benetan.

Koadro handi honek paisaia bat ekar dezake gogora. Artista Albertako, Kanadako, ordoki babesgabeetan bizi izan zen gaztaroan[7]; familiak landa lurra ustiatzen zuen eta Depresio Handian geratutako nekazal ekonomiaren krisiari aurre egin behar izan zion. PH-950 lana paisaia bat gogoraraz dezakeen arren, ez zen hura Stillen asmoa: ikuslearen emozioak kitzikatu nahi zituen, egoera espiritual batera eraman. Artistaren hitzetan, haren artelanak ez dira “pinturak, zentzu tradizionalean, baizik eta bizitzaren eta heriotzaren bat-egite izugarria”[8]. Artista koloreen adierazkortasunaz, akabera argitsu eta distiratsuaz edo hits eta ilunaz baliatzen zen. Koloreak aurrez aurre ipintzen zituen, ongiaren eta gaizkiaren, bizitzaren eta heriotzaren, arteko gatazka iradokitzeko.

Preguntas

Arretaz aztertu Clyfford Stillen margolana. Denbora hartu xehetasunei begiratzeko. Zer ikusten duzu? Formarik bereizten duzu? Nola margotu zuen artistak, zure ustez? Deskribatu erabili ahal izan zituen materialak.

Stillek ukatu egiten zuen haren pinturak paisaiekin lotura zuzena zutenik; hala ere, kritikari batzuek Ipar Ameriketako ordoki eta zelai zabalekin erlazionatzen dituzte. Artelan hau paisaia bat balitz, non legoke? Nola deskribatuko zenuke margolanaren kolorea eta formak oinarri hartuta? Toki baten bat gogoratzen dizu? Zergatik?

Deskribatu lan honetan ikus ditzakezun koloreak. Stillek esaten zuen pintura abstraktuak gogo-aldarte bat isla zezakeela, barneko emozioak; beraz, paisaiekin ez zutela zerikusirik. Hauxe azaldu zuen: “Neure burua baino ez dut pintatzen; naturarik ez”[9]. Artelan honek jasotzen duen gogo-aldartea deskribatu. Nolakoa da? Zer sentimendu sorrarazten dizkizu?

Loturak baztertzeaz gain, Stillek izenburuak ipintzeari ere muzin egiten zion —hasierako obrei jarritakoez damutzen zen—, ikuslearen esperientzia baldintzatzen baitzuten, haren ustez[10]. Ados zaude uste horrekin? Izenburuak eragina du koadro bat hautemateko eta ulertzeko orduan? Berdin gertatzen al da liburu ala film batekin? Artelan honi titulu bat jarri beharko bazenio, zein aukeratuko zenuke?

Stillen artegintzaren ezaugarri bat da mihise handi-handiak erabiltzen zituela. Margolan monumentalak sortzen zituen ikuslea lanaren baitan biltzeko. Tamainak eragina al du obra bat hautemateko eran? Zer nahiago duzu: artelan handi bat ala txiki bat behatu? Zergatik? Zer sentiarazten dizute obra erraldoiek? Folio tamainako margolana balitz Stillen lan hau, nola aldatuko zen zure pertzepzioa eta iritzia?