Pisua eta oreka
“Pisuak funtsezko balioa adierazten du niretzat; kontua ez da niretzat arintasuna baino erakargarriagoa izatea, baina astuntasunari buruz gehiago dakit arintasunari buruz baino eta, beraz, gauza gehiago dut horri buruz esateko, pisuaren orekari, pisuaren murrizketari, pisua gehitu edo kentzeari, pisuaren kontzentrazioari, pisuaren manipulazioari, pisua eusteari buruz baina (…)””(1).
Tona baten eskora (karta-gaztelua),
[One–Ton Prop (House of Cards)], 1969
Beruna; lau xafla: 122 x 122 x 2,5 cm bakoitzak
The Museum of Modern Art, New York
Grinstein familiaren dohaintza
Sarrera
Pisu eta tamaina handikoak izan arren, Richard Serraren (San Francisco, AEB, 1939) eskulturak osatzen dituzten xaflak ez daude zoruan itsatsita, orekan elkarri eutsita baizik. Artistak aldez aurretik eta doitasun handiz kalkulatzen ditu xaflek izan behar duten forma eta pisua, beren kasa zutik mantendu ahal izan daitezen.
Serrari mirespen handia eragiten dio pisuak: bere obrekin pisuak gure bizitzan eragiten dituen ondorio psikologikoak eta espiritualak nabarmendu nahi ditu. Hala, bere esanetan lotura estuagoa sentitzen du “astuntasunarekin” “arintasunarekin” baino. Serrarentzat pisua egoera fisiko bat da, guztiok halabeharrez bizi dugun egoera, grabitatearen indarrak eraginda. Bere obretan, altzairuzko edo berunezko xafla astunak finkapenik gabe zutik mantentzea lortzen du. Horrek eragiten du obra horiek tentsioz beteta egotea, Tona baten eskora (karta-gaztelua) obran adibidez. Izan ere, lan honetan beren pisuaren indarrez bertikaltasuna mantentzen duten berunezko lau xafla bata bestearen gainean eutsita geratzen dira, karta-gaztelu baten antzera.
Azken hogeita hamabost urteetan, Serrak batez ere altzairua erabili izan du eskulturak egiteko, beren eskala nabarmen handitu delarik tarte horretan. Denboraren materia izenburua duen instalazioaren eskala, pisua eta altuera monumentalak dira. Piezarik arinenak 44 tona ditu eta astunenak 276. Guztiak dira lau metrotik gora altu eta bost zentimetro inguru lodi. Dimentsio izugarriak izan arren, Serrak ez ditu zoruan itsasten, piezak orekan mantendu baizik. Artistak sakonetik aztertzen ditu aldez aurretik materialaren printzipio estrukturalak pisuari eta masari dagokienez, bere obretan erabateko tentsioa lortu ahal izateko. Obra hauek gune anbiguoan kokatzen gaituzte, non pisua arin bihurtzen den. Masa izugarria, astuna izan arren, arin ikusten dugu. Serrak flotatzen ari dela ematen duen zerbait bihurtzen ditu altzairuzko xaflak. Honela tolestuta egotean, formak magiko bihurtzen dira. Pisuak eta orekak, grabitateak eta graziak kontrako erreakzioak eta sentimenduak sorrarazten dituzte ikuslearengan. Obra hauek esperimentatzean, eskala handiak areagotu egiten du pisuaren eta orekaren artean sortutako tentsioak eragiten duen sentsazio kezkagarria. Artistak modu zehatz batez kokatu ditu Denboraren materia instalazioa osatzen duten eskulturak, ikuslea obretan barrena eta inguratzen duten espazioan zehar mugitu dadin eta hórrela beren presentzia fisikoak ikusmenean eragiten duen inpaktua ahalik eta handiena izateko.
Serrak, pisua eta oreka aztertzeko garaian, giza gorputza behatzen du tentsio horren adibidea delako, biziduna eta mugimenduan dagoena. Horrela, bere obrak dantzari batekin konparatu daitezke, dantzan ari denean desafio egiten baitio grabitateari mugimenduaren eta orekaren bidez.
1 Richard Serra. Serra erak. kat. Urtarrilaren 28a–martxoaren 23a, Museo Nacional Reina Sofía, Madril, 1992, 9. or.
Preguntas
Aipatu itzazue astunak diren eguneroko objektu batzuk eta arinak diren beste batzuk. Zer sentsazio sorrarazten dizuete objektu astunek? Eta arinek? Aipatu material astun batzuk eta material arin batzuk. Nola bihurtu daiteke material astuna arin? Eta alderantziz?
Serrak dioenez, lotura estuagoa sentitzen du “astuntasunarekin” “arintasunarekin” baino. Zer esan nahi ote du horrekin? Zergatik nahiago ote du “astuntasuna”? Astuntasuna nahiago izatearen arrazoia jakiteko, fitxa honen hasieran agertzen den aipamena irakur dezakezue. Zerekin identifikatzen zarete zuek gehiago?
Erakutsi ikasleei Tona baten eskora (karta-gaztelua) obraren irudi bat eta galdetu iezaiezu: nola sentituko zinatekete pieza honetatik gertu egongo bazinate? Efektu bera sorraraziko al luke zuengan beste material batez eginda balego? Serrak ez du itsasgarririk, iltzerik edo antzekorik erabiltzen bere obretan. Nola mantendu ote daiteke pieza hau zutik? Zergatik ez ote du erabiltzen artistak finkapenik? Zer gogorarazten dizue obraren izenburuak? Zergatik ote du izenburu bikoitza?
Zer eragin du gauzen tamainak haiei buruz dugun pertzepzioan? Zer eragin du eskultura baten tamainak begiratzen dugun moduan? Imajinatu Serraren eskulturak askoz ere eskala txikiagoan: Nola aldatuko litzateke eskultura horiei buruz dugun pertzepzioa? Zergatik aukeratu ote du Serrak eskulturak hain eskala handian sortzea?
Zergatik jartzen ote du Serrak bere arreta dantzariengan pisuari eta orekari lotutako alderdiak aztertzeko? Zer lotura egon daiteke eskultura baten eta dantzari baten artean?