Sol caribeño (Caribbean Sun), de la serie Gafas maravilla (C-Stunners), 2012

Prologue

Cyrus Kabiru
Karibeko eguzkia (Caribbean Sun), Betaurreko txundigarriak (C-Stunners) sailetik, 2012
Koloretako inprimaketa, 150 x 100 cm
© Carl de Sauza/AFP/Getty Images

“Nairobiko zabortegiaren aurrean hazi nintzen. Nairobiko hondakin guztiak nire auzora ekartzen zituzten. Beraz, egunero, esnatzean zaborra ikusten nuen. Aitari esaten nion zaborrarekin egin nahi nuela lan, hondakinei bigarren aukera bat eman nahi niela. Eta horregatik, orain arte, hala egin dut”. —Cyrus Kabiru(1)

 

SARRERA

Cyrus Kabiru Nairobin, Kenyan, jaio zen 1985ean, eta bertan bizi eta lan egiten du; nazioartean haren lanak ezagun egiten hasi dira. Margolari eta eskultore autodidakta da, eta haren lanetan aberria modu umoretsuan irudikatzen du maiz. Kabiru behatzailea da, esploratzailea, haren pinturak eta eskulturak bizitakoaren ondorio baitira(2). Ezaguna da birziklatutako materialez eta aurkitutako objektuz egindako lanengatik. Objektu horiei beste aukera bat ematean, Kabiruk eraberritzearen eta berrerabiltzearen ahalmenaren alde egiten du eta zaborra sormen-lanen oinarri izan daitekeela aldarrikatzen du(3).

Kabiruk betaurreko-eskultura multzo bat sortu du eta Betaurreko txundigarriak (C-Stunners) izena eman die. Artearen, performancearen, modaren eta diseinuaren arteko mugak zalantzan jartzen dituzte Betaurreko txundigarriak lanek. Bakoitzak kontakizun bat eta mezu eta esanahi jakin batzuk aditzera ematen ditu. Birziklatutako materialei steampunk estiloa ematen die Kabiruk, eta horren adibide dugu ezohikoak diren eta hainbat estereotipo zalantzan ipintzen dituzten betaurreko hauek(4).

Txikitatik egin ditu betaurrekoak artistak: hasieran berarentzako jostailuak ziren eta ondoren ikaskideei oparitzen zizkien, etxeko-lanak egitearen truke. Kabiru betaurrekoekin liluratuta zegoen, neurri batean, aitak ezinikusia zielako: aita txikia zenean gogor zigortu zuten behar zituen betaurrekoak hausteagatik, gurasoek (Kabiruren aitona-amonak) ahalegin eta sakrifizio handiak eginez erosi baitzizkioten. Kabiruk zazpi urte inguru zituenean, aitak bere betaurrekoekin jolasten ikusi zuen, eta esan zion: “Cyrus, betaurreko batzuk nahi badituzu, zuk zeuk egin itzazu”(5). Orduan hasi zuen bizitzako pasio eta xede bihurtu den abentura: aurkitutako materialez betaurrekoak egitea. Aitak gogoko zuen semeak horrelako betaurrekoak egitea eta, oharkabean, haren lanaren komisario bihurtu zen honakoa esan zionean: ez zuela betaurrekorik egingo atzean arrazoirik edo istoriorik ez bazegoen(6). Aitaren oinazea eta aitona-amonaren esperantza hezurmamitzen zuen objektua behin eta berriro berregitean, Kabiruk familiaren baitan esangura sinbolikoa zuen lan-multzoa egin zuen, baina baita esanahi sinboliko handiagoa duena: Afrikan eta munduan sormenak duen ahalmen eraldatzailea aditzera ematen du(7).

 

1. http://blog.ted.com/no-art-no-life-fellows-friday-with-cyrus-kabiru/

2. http://cyruskabiruart.tumblr.com/

3. Making Africa — Un continente de diseño contemporáneo, erak. kat., Bilbo, Guggenheim Bilbao Museoa, 92 or. (gaztelaniaz)

4. http://edition.cnn.com/2013/04/23/world/africa/cyrus-kabiru-glasses-kenya/index.html

5. http://blog.ted.com/no-art-no-life-fellows-friday-with-cyrus-kabiru/

6. http://xlablog.blogspot.co.uk/2013/03/ted-fellow-cyrus-kabiru-c-stunners-art.html

7. Ibid.

Preguntas

GALDERAK

Erakutsi Karibeko eguzkia (Caribbean Sun, 2012)

Aztertu Kabiruren betaurrekoak. Zergatik aukeratu zuen Karibeko eguzkia izenburua? Nola izendatuko zenukete? Zergatik?

Nola sentituko zinatekete betaurrekoak eramatean? Nora joango zinatekete? Zergatik?

Zer material erabili zuen Kabiruk zuen ustez? Antzeko materialak non bilatuko zenituzkete?

Zuen aburuz, Karibeko eguzkia betaurrekoak soinean eramateko ala artelan gisa ikusgai jartzeko sortu zituen? Azaldu zuen erantzuna.

Betaurreko txundigarri bakoitzak arrazoi bat, istorio bat du atzean eta mezu eta esanahi jakin bat aditzera ematen du. Zuen iritziz, zer mezu edo esanahi adierazi nahi du artistak Karibeko eguzkia lanaren bidez? Idatzi paragrafo bat zuen ideiak azalduz.

Kabiruk esan zuen: “Betaurreko txundigarriak lanek halako energia eta grazia dute, Nairobiko gazteen belaunaldi baten sentiberatasuna eta jarrera islatzen dutenak. Herriak gogoko duen distira-kultura hezurmamitzen dute, jendearen asmamena islatzen dute; bizi garen mundua ikusteko beste filtro bat eskaintzen digute, ikuspegi berri bat, eta soinean daraman pertsonaren itxura aldatzeaz gain, haren pentsamoldea ere aldatzen dute”(8). Hitz horiek zer esan nahi dute, zuen ustez? Zuen kulturako zer objektu aukeratuko zenukete antzeko ezaugarriak izateagatik? Azaldu.
8. http://cyruskabiruart.tumblr.com/