Jean Michel Basquiat EROICA NAVARRA cropped Zoom

Teknika esperimentala

Jean-Michel Basquiat
Heroikoa (Eroica), 1987
Akrilikoa, olio-barra eta fotokopien collagea paper gainean, mihise gainean muntatua
228,5 x 271,5 cm
Bilduma pribatua
© Estate of Jean-Michel Basquiat. Artestar-en lizentziaz, New York.

“Hitzak nabarmentzeko, zirrimarratzen ditut; argiak ez direnez, batek irakurri egin nahi ditu”. (1)


Sarrera

Jean-Michel Basquiatek (New York, 1960–1988) inguruan zeukan guztia bihur zezakeen bere margolan baten zati. Hirian aurkitzen zituen zeinuak eta marrazkiak erabiltzen zituen: moztu, eta berrantolatu egiten zituen bere koadroetan zerbait berria bihurtzeko. Batzuetan, anatomia edo historiaurreko arte liburuetan aurkitzen zituen irudiak marrazten zituen ere bai.

Umetan landutako artearen gaineko interesari esker, askotariko arte-estiloak eta -mugimenduak ezagutu zituen eta, disc jockey bat balitz bezala, horiek berreskuratu eta nahastu zituen lengoaia artistiko berritzaileak sortzeko. Bada, zentzu berri bat eman zion art Poparen irudiari, eta lengoaia espresionistaren keinuzko askatasuna egokitu zuen afrikar-amerikar kultura eta historia goresteko.

Heroikoa artelanak (1987) collage teknika erruz erabiltzearen bidez aplikatutako irudi ugari dauzka. Basquiatek hainbat hitz, esaldi, zeinu, marrazki eta fotokopia jarri eta gainjarri zituen. Hartara, bere interes eklektikoa agerian uzten duten geruza ugari sortu zituen. Bera eklektikoa zen kaleko kulturarengatik eta kultura sofistikatuarengatik.

EROICA hitza behin eta berriz agertzen da idatzita, zerrenda bat osatzeraino, eta Beethovenen 3. sinfoniari egiten dio erreferentzia, Heroikoa ere deitua. Basquiatek oso garrantzitsutzat zeukan musika, eta gai hori etengabe errepikatzen da bere lanetan. Bere musika-zaletasunak oso askotarikoak ziren: musika klasikoa, jazza edo rapa.

Nerabea zela, graffitia erabili zuen eta, geroztik, interes artistiko handia izan zuen bere konposizioetan testua eta irudia bateratzeko. Inoiz ez zuen bere burua graffiti-artistatzat hartu, baina hitzak baliatu zituen bere izaerarekin eta aldarrikatu nahi zuenarekin konektatzeko. Basquiatek pintzelkadak balira bezala erabili nahi zituen hitzak koadroan. Konposizioak osatzen zituzten hitzak, hitz-zerrendak edota esaldiak bere lan artistikoaren funtsezko osagaiak ziren. (2)

Euskarri gaineko paper edo mihisetan pintatu ez ezik, Basquiatek kalean aurkitutako materialen gainean margotzen zuen, adibidez, leihoak, ateak edo goma-aparrezko hondarrak, egur-barren eta bisagren bidez lotzen zituenak. Pinturaz, zartatu edo zimurtutako paper-zatiz eta horiek elkarren gainean jarriz estaltzen zituen gainazalak.

Teknika artistiko berriekin esperimentatuz eta adierazpen-metodo desberdinak nahasiz, arte popularra atzeman eta goratzea lortu zuen, artelanei ikuspegi poetiko bat emanez, orduko hip hop gogoaren antzekoa. (3) Emaitzan, marka grafikoak eta hitzak erruz erabiltzen ditu, eta ikuslearen jakin-mina pizten. Era horretan, ikuslea konexio bihurrien mataza batean kokatzen da, eta bizi duen munduaz gogoeta egiten.


1. Jean-Michel Basquiat, erak. kat. Lugano, Suitza: Museo d’Arte Moderna Cittá di Lugano, 2005, 87. or.

2. Henry Geldzahler, “Art: From Subways to SoHo, Jean-Michel Basquiat,” in Jean-Michel Basquiat, erak. kat. Lugano, Suitza: Museo d’Arte Moderna Cittá di Lugano, 2005, 42. or.

3. Franklin Sirmans, komisario independentea.

Preguntas

Erakutsi Heroikoa artelana (1987) ikasleei.

Esan guztiek arretaz begiratzeko koadroa eta, guztien artean, aurkitzen dituzten askotariko elementuak deskribatzeko (marrazkiak, zeinuak, letrak, etab.).

Zein materialez eginda dago artelana? Saiatu irudikatzen Basquiatek nolako lan-prozesua eraman duen. Nola uste dute hasi zela pintatzen? Nola uste dute joan zela hitzak, margoa eta paperak gehitzen? Esan koadrotik antzeman daitezkeen ekintzak zerrenda ditzatela.

Eskatu ikasle bakoitzari adierazteko koadroaren zein zati, marrazki, zeinu edo pintura-orban duen gustukoen, eta zergatik.

Basquiaten artelanetan aurkitzen ditugun zeinu asko hobo delakoek jarri zituzten, Estatu Batuetako etxerik gabeko langile ibiltariak, seinaleak uzten baitzituzten elkarren artean komunikatzeko kaleetan. Uste al dute zeinu eta marrazki horiek hiritik artelanera lekuz aldatzean aldatu egiten direla? Zergatik? Esan hoboek erabilitako zeinuak Interneten bilatzeko eta haien esanahiari buruz ikertzeko. Esan Heroikoan (1987) agertzen den zeinu edo marrazki-multzo bat aukera dezatela, eta arbelean marraz dezatela. Esan hoboek egiten zituztenen antzeko esanahiak asmatzeko eta marrazkiaren aldamenean idazteko.

Esan artelanean aurkitzen dituzten hitz idatziak ahots gora irakurtzeko. Esan hitzok esaldiak osatuz jartzen saiatzeko, era horretan artelanari zentzua emango dioten narrazio-zentzuak bilatzeko.

Basquiatek Eroica hitza erabili du harekin zerrenda bat osatzeko. Zertarako erabili ohi ditugu zerrendak? Esan adierazteko eguneroko bizitzan zerrendak egiten ditugun momentuak.

Zergatik uste dute hitz batzuk zirrimarratuta daudela? Artelanean, zirrimarratutako hitzez gain, gune batzuetan gainetik margotuta dago, eta eragotzi egiten digu azpian zer dagoen ikusten. Zer uste dute dagoela gainetik margotutakoaren azpian?

Basquiatek artelan hau margotu zuenean, zer aldarte izango zuen haien ustez? Esan erantzunak arrazoi ditzatela.

Musika oso garrantzitsua zen Basquiatentzat. Musika-talde bateko kide izateaz eta noizbait DJ aritzeaz gain, musika erabili zuen bere konposizio piktorikoak inspiratzeko. Zer-nolako musika entzungo zuen Basquiatek artelana egiten zuen bitartean? Zergatik?