Testuingurua
Xabier Salaberria
Debacle, 2009
“Erakutsi egin nahi izan dut irudi hauen estetikak irudiak edertasunarekin nola parekatzen dituen. Esanahi horien bidez, gerra irensteko moduko zerbait bihurtu zen. Are gehiago, zalantzan ezin jar zitezkeen gertaera gorena zela aldarrikatu zuten”[1].
—Erlea Maneros Zabala, artista
Hautemate subjektiboak zalantzan jartzea eta lehen begiratuan ikus daitekeenaren konnotazioa eta garrantzia aldatzen duten testuinguru berriak sortzea da Iñaki Garmendiaren (Ordizia, Gipuzkoa, Espainia, 1972), Erlea Maneros Zabalaren (Bilbo, Espainia, 1977) eta Xabier Salaberriaren (Donostia, Espainia, 1969) obren ezaugarrietako bat.
Garmendiaren Kolpez kolpe (2003) bideoak Taipeiko 2002–03 Bienalerako egindako performancea erakusten digu. Garmendiak Zarama eta Kortaturen —rock erradikaleko bi euskal talde— kantu arrakastatsuak jotzea eskatu zion hard-core talde taiwandar bati. Izenburua Kortatuk 1987an kaleratutako diskoaren kantu bati dagokio. Performance honen bidez, bertako eduki kultural bat sistema kultural desberdin batera eramatea zen Garmendiaren asmoa. Garmendia Taiwango musikariei musikaren garrantzia komunikatzen ikus daiteke bideoan. Gehienek ez dute kantuen esanahia ulertzen, eta rock edo punk musiken jarrera eta keinu ohikoak erabiliz erantzuten dute. Musika hizkuntzaz haratago doan gazteen adierazpen gisa ulertzen da. Asmoa ez da euskara erabiliz edo eduki literalaren edo bertako edukiaren bidez musikara hurbiltzea, rockaren gorputz-lengoaia ohikoaren bidez hurbiltzea baizik[2].
Erlea Maneros Zabalak, Titulurik gabea, osteguna, 2001eko azaroaren 1a, Los Angeles Times eta New York Times (Untitled, Thursday, November 1st, 2001, Los Angeles Times and New York Times, 2005–13) obran, pinturaren historia erabiltzen du hedabideek sortutako irudiak berrinterpretatzeko. Kasu honetan, gerra irudi bat kontsumo objektu bilakatzen du[3]. Obra honetan Afganistanen AEB egindako lehen bonbardaketaren —irailaren 11ko eraso terroristak gertatu eta gutxira— inguruko lau prentsa-argazki ikus daitezke. Irudi horiek XIX. mendeko margolan erromantiko bilakatu ditu artistak, eta gerraren gaia eta sublimearen ideia erromantikoa konbinatzen ditu. Honako hau dio Manerosek obrari buruz: “Estatu Batuak Afganistan inbaditzen hasi zirenean, Estatu Batuetako prentsak gertaera hura ilustratzeko hainbat argazki argitaratu zituen. Irudi haiek ez zituzten erakusten hildako pertsonak, ezta suntsiketak ere eta hemeretzigarren mendeko paisaia-pinturak gogorarazten zituzten. Forma hau, pintura, erabiliz, erakutsi egin nahi izan dut irudi hauen estetikak irudiak edertasunarekin nola parekatzen dituen. Esanahi horien bidez, gerra irensteko moduko zerbait bihurtu zen. Are gehiago, zalantzan ezin jar zitezkeen gertaera gorena zela aldarrikatu zuten”[4].
Salaberriak eskultura konstruktibistaren forma abstraktuak arakatzen ditu Hondamendia (Debacle, 2009) obraren bidez. 1957ko São Pauloko laugarren Bienalean Jorge Oteizaren (Orio, Gipuzkoa, 1908–Donostia, 2003) eskulturak aurkezteko erabilitako oin eta plintoetan jarri du arreta[5]. 1950eko hamarkadan ohikoak ziren plintoak artelan bilakatu ditu Salaberriak —horien gainean jartzen ziren Oteizaren eskulturak—, eta ondorioz horien berezko funtzioa ezabatu du. Salaberriaren arabera, funtsean, proposamen artistiko oro diseinu-ariketa bat da eta, ariketa horretan, begiratzeko eta mugitzeko modu zehatz bat antolatzen duen ibilbidea marrazten da. Ez dago espaziorik gabeko erakusketarik (zorua, sabaia, hormak, euskarriak eta panelak) eta erakusteko moduak, bere horretan, testuinguru bat eskaintzen du: ez da berezko zerbait, baina objektuei beraiek lortzen ez duten izaera artistikoa ematen die[6]. Hondamendia obrako oinarriak ez daude aretoan barrena ibilbide bat sortzeko sakabanatuta; egitura bat osatzen duten unitate modular gisa jarrita daude. Baina egitura nagusiak erakusketa baterako balizko diseinu guztiak jasotzen ditu. Testuinguru hau aintzat hartuta, Tetris jokoaren unitate geometrikoak datozkigu gogora, izan ere, bereizi gabe osotasun batean integratuz desagertzen den egitura zuzen batean egokitzen diren arren, unitate horiek bertan jarraitzen dute[7].
OHARRAK
1. Erlea Maneros Zabala. Bricks to a House/Figures to a Picture: North American Press Imaginary 2001–2004. 2011ko maiatzak 6–ekainak 19. http://stiftelsen314.com/Archive2011.htm
3. Beshty, Walead. “The Discrete Tastes of the Bourgeoise: Erlea Maneros’ Temporal Painting”. Meanwhile, in Another Place... (2004) erakusketako katalogoaren artikulua, 111 or.
4. http://www.manifesta8.com/manifesta/manifesta8.artist?nombre=Erlea-Maneros-Zabala&codigo=63
5. Jorge Oteiza y el Propósito experimental. http://www.museoreinasofia.es/sites/default/files/salas/informacion/407.pdf
6. Artium. Arte Garaikideko Euskal Zentro-museoa. Gure Artea XX. Sariak. Prentsa-oharra. 2009ko urriaren 25a
http://www.e-flux.com/announcements/gure-artea-xx-presents-iratxe-jaio-klaas-van-gorkum-asier-mendizabal-xabier-salaberria/
7. www.hoyesarte.com
http://www.hoyesarte.com/sin-categoria/artium-acoge-a-los-premiados-de-gure-artea_90446/
www.artdaily.org
http://www.artdaily.org/index.asp?int_sec=11&int_new=35275#.Ud5sZNIm42Y[/url]
Preguntas
Museoan bideoa osorik ikus dezakezue. Ikasgelan bideoaren zati bat ikus dezakezue http://vimeo.com/11706455 helbidean.
Zer ikus daiteke? Zein musika mota entzuten da? Galdetu ikasleei zein musika mota atsegin duten. Zergatik? Zein mezu transmititzen du musika mota horrek? Galdetu ikasleei haien musika gogokoena janzteko edo jokatzeko modu zehatz bati lotzen zaion. Eskatu horren inguruko azalpenak.
Zer dakite punkari, rock erradikalari edo hard-core musikari buruz? Zein mezu transmititzen dituzte?
Eskatu ikasleei punk musikari lotutako janzteko, jokatzeko eta pentsatzeko moduak zeintzuk diren azaltzeko.
La Petite Nurse Taiwango taldeak 1980ko hamarkadako rock erradikaleko euskal taldeen kantuak jo zituen bost egunez. Eskatu ikasleei Taiwango talde honi buruzko informazio bilatzeko. Zein musika mota egiten dute? Galdetu ikasleei haien ustez Garmendiak zergatik eramaten duen euskal rock erradikala beste kultura batera.
- Aztertu: Maneros Zabalaren Titulurik gabea, osteguna, 2001eko azaroaren 1a, Los Angeles Times eta New York Times (Untitled, Thursday, November 1st, 2001, Los Angeles Times and New York Times, 2005–13)
Eskatu ikasleei ikusten dutena deskriba dezaten. Zein adjektibo erabiliko lituzkete irudi horiek deskribatzeko?
Eskatu paisaia horretan barrena pasieran daudela irudikatzeko. Nola sentituko lirateke? Eskatu egoera horretan izango lituzketen emozioak azaltzeko.
Maneros Zabalak Afganistaneko gerra aztertzen du, bai eta Estatu Batuetako hedabideek gerra hori nola azaltzen duten ere. Galdetu ikasleei zer dakiten gerra horri buruz.
Zein gerra irudi ikusi dituzte telebistan edo egunkarietan? Eskatu irudi horiek deskribatzeko eta aztertu ikasgelan gertakari horiek hedabideetan iraganean nola tratatzen ziren eta egun nola tratatzen diren.
Eskatu ikasleei obra honetan ikusten dituzten elementuak deskriba ditzaten.
Nola ipini dira oinarriak?
Salaberriak oinarriak muntatu ditu. Eskatu ikasleei muntatzeko konbinazio desberdinak arbelean marrazteko eta, haien ustez, konbinazio interesgarrienak zeintzuk diren eta zergatik aztertzeko. Sakabanatuta baldin badaude, zein obra mota jar daiteke oinarri horien gainean? Lerro bat marraztu arbelean muntaia bakoitzetik sor daitezkeen balizko ibilbideak adierazteko. Ikasleek zein ibilbide dituzte gustukoen artelana aztertzeko? Zergatik?
Artistek zertarako baliatzen dute erakusketa baten antolamendua?
Galdetu ikasleei erakusketa baten antolamendua bere horretan artelantzat jo daitekeen. Aztertu aukera hori. Artelan bat erakusteko moduak zertan alda dezake artelanaren beraren esanahia?
OHARRAK
1. “Iñaki Garmendia, ARCO 2011”. 2011ko otsailaren 18a.
http://www.diariovasco.com/v/20110218/tolosa-goierri/inaki-garmendia-arco-20110218.html