Oehlen 2013 oTBaum1

Titulurik gabea (Zuhaitza 1)

Titulurik gabea (Zuhaitza 1) [Ohne Titel (Baum 1)], 2013
Olio-pintura Dibond gainean
378 x 250 cm
Bilduma pribatua, honen eskaintza: Galerie Max Hetzler, Berlin/Paris
Argazkia: def image
© Albert Oehlen

“[Zuhaitza gaitzat hartuta egin ditudan artelanen atzean] zuhaitz adarren antolakuntzarik gabeko garatze kaotiko eta zoroa mihise zuriari aurre egiten dion artistaren analogia izan zitekeela pentsatzea dago; artistak ez baitaki nora eramango duten pintzelkadek. Ez dago zehaztutako xehetasunik ez alderdirik”.[1] Albert Oehlen, 2015

Albert Oehlen (Krefeld, Alemania, 1954) estiloa eta erabilitako materialak aldatzen joan da bere ibilbidean: figurazio lantzetik abstrakzioa jorratzera igaro zen, olio-pintura erabiltzetik ordenagailuak baliatzera eta mihisea gainean lan egitetik aluminio gainean margotzera. Nolanahi ere, margotzeko modua zein teknikak aldatu arren, 1980tik gaur egunera konstante bat dago: zuhaitzak irudikatu ditu.

Oehlenek betidanik gogoko izan du sortzeko orduan bere buruari arau batzuk jartzea. Grisak (Grey) pintura-sailean margo grisa baino ez zuen erabili; Pintura txarrak (Bad Paintings) serierako gorria, horia eta urdina besterik ez; eta Ordenagailu bidezko pinturetan (Computer Paintings) zuria eta beltza bakarrik.

Zuhaitzen seriea hastean, 1988an, Oehlenek honako arau hauek ezarri zizkion bere buruari: irudiak bertikalak izan eta erdialdean egon behar ziren eta lerroak zuhaitzaren erdialdetik gora estutu behar ziren[2]. Lehen zuhaitzak figuratiboak ziren eta ondo bereizten ziren enborra, sustraiak eta adarrak, formak argiak baitziren; berde ilunez, grisez eta marroiz margotu zituen lehen horiek.

2005 aldera, zuhaitzak sinpletzen hasi zen: kolorea galdu eta bi koloretako atzealde geometrikoaren aurrean ipinitako irudi beltz bihurtu ziren[3]. Pintura, gainera, aluminioz estalitako polietilenozko xaflen gainean ematen hasi zen, kontu handiz: olio-pintura txukun eta leunki ematean, azalera lauak sortuz, zuhaitzak diseinu-programa informatiko batez eratu zituelako ilusioa lortu zuen artistak[4]. Teknika berezi horren ondorioz, margolanek iragarki-panel itxura hartu zuten, xehetasun handiz olioz-margotutako koadroak izan arren.

Ordutik aurrera, Oehlenek sustraien eta adarren garapenean arreta jarri zuen. Zuhaitz batzuen sustrai eta adarren egitura kaotikoak oinarritzat hartuta, artelan intuitiboak egiten hasi zen, bulkadei jarraiki sortutakoak. Ez zuen aurretik ezer erabakitzen, irudia egiteko kolorea eta atzealdean nagusi diren zuri eta magenta izan ezik.

Preguntas

Oehlenen artelanari begiratu baino lehen, hartu arkatza eta papera eta marraztu arin zuhaitz bat, xehetasun askorik gabe. Amaitzean alderatu artistaren pinturarekin. Zertan dira antzekoak? Eta ezberdinak? Nola deskribatuko zenuke Oehlenen zuhaitza? Eta zeurea? Zergatik dakizu Oehlenena zuhaitz bat dela? Zertan nabaritzen da?

Artistaren margotzeko teknikari erreparatu: olio-pintura eskuz eman zuen aluminiozko xafla batean Oehlenek Titulurik gabea (Zuhaitza 1) [Ohne Titel (Baum 1)] sortzeko. Begiratu pintzelkadari. Zergatik margotu zuen horrela? Zer efektu lortu nahi zuen? Asmo hori bete zuen? Arrazoitu erantzuna. Zergatik aukeratu zituen artistak material horiek? Zer lotura dute gaiarekin? Euskarriak eragina al du artelanaren akaberan? Zergatik? Nolakoa litzateke artelana euskarria zura, mihisea edo horma bat balitz?

Non imajinatzen duzu zuhaitz hori landatuta? Irudikatutako inguru horretan, zer dago zuhaitzaren inguruan? Leku horretara joatea gustatuko litzaizuke? Zergatik? Zer entzun, usaindu eta sentituko zenuke? Nola sentituko zinateke zu? Zer ordu da toki horretan? Zuhaitzera igoko zinateke?