Urtarrilaren 3a
Urtarrilaren 3a (January 3), 1993
Olio-pintura liho gainean, 199,4 x 393,7 cm
Bilduma pribatua, Londres
© VEGAP, Bilbao, 2015
"Aldaketa handia 1957an etorri zen, nik uste, Ada behin eta berriro pintatzen nuela. Pintura zipriztintzen nuen mihisearen gainean eta begien espresioa eta horrelakoak ondo jasotzen ari nintzen begiratzen nuen. Zaila egin izan zait beti. Hasieran, ez nuen antzekotasunik lortzen, ezin nuen haren begien espresioa islatu. Orduan pinturaren estiloa erraztu, sinplifikatu behar izan nuen. Eta bururatu zitzaidan zera... ondo margotzen badut Ada, ondo margotzen badut emakume zein gizon bat —edonor—, orduan unibertsala izango da. Zer demontre!" (1)
SARRERA
Alex Katz (Brooklyn, New York, 1927) artista ezaguna zen Ada Del Moro ezagutu zuenean, haren erakusketaren inaugurazio batean, 1957an. Del Moro Europan ikasten zebilen biologoa eta ikerlaria zen. Berehala halako lotura estua sentitu zuten, eta, urte beteren buruan, ezkondu ziren. Ada modelo, musa eta lagun izan zuen Katzek erretratuak egiten hasi zenean, baita artelanen tamaina handitzen hasi zenean. Erretratu mota berria garatu zuen, errealismoa eta abstrakzioa uztartzen zituena: erretratutako pertsona aurrez aurre zegoen, kolore bakarreko atzealde abstraktu baten aurrean (2).
Harremanaren hasieratik, Ada lagun izan zuen Katzek erretratu modernoa ikertzeko bidean. Ada bertan zela margotzen zuen, ez zuen argazkirik erabiltzen. Behin eta berriz agertzen da Katzen pinturetan, hainbat ingurutan eta askotariko jarrera eta osagarriak dituela. Batzuetan bakarrik dago, beste batzuetan lagunekin; haren nortasunaren zenbait alde agertzen dira eta garaiko modako jantziak daramatza soinean. Katzek arin egiten du lan: zirriborro azkar bat egiten du —olio-pinturazko panel txiki bat— eta ondoren mihise handi batera darama irudia. Helburu du zerbait hautematean gertatzen den une hori jasotzea (3). Behin eta berriro jorratuko balu margolan bat, une horren berehalakotasuna galduko luke (4).
Urtarrilaren 3a teknika horren adibide ona da. 1993an margotu zuen, eta Katzek paisaia eta erretratua uztartzeko duen modua aditzera ematen du. Erdian, Adaren erretratu bat dago (moztutakoa) eta bi alboetan neguko paisaia bat dago; zuhaitzak daude, lainoz inguratuak. Lehenengo zirriborro bat egin zuen aire zabalean eta ondoren estudiora joan zen eskala handiko artelana egitera. Bost orduko saio bakarrean egin zuen (prozesu hori seme Vicent-ek eta errain Vivien Bittencourt-ek filmatu zuten).
Katzek honela azaldu du artelan hau sortzeko prozesua: “Zineman nengoela bururatu zitzaidan. Film Forum-en nengoen, pelikula errusiar bat ikusten. Bide batetik zebiltzan pertsonaiak eta alboetan zuhaitzak zeuden. Neguko irudi bikaina zela pentsatu nuen, neguko margolan baterako. Beraz, udaletxera hurbildu eta bertako parkean pintatu nuen. Neguko egun hotza zen, laino astuna zegoen eta eguzki-izpiak laino artean sartzen saiatzen ziren. Aire zabalean margotu nuen. Asko gustatu zitzaidan eta Adari etortzeko eskatu nion, eta zirriborro bat egin nuen. Paisaia txiki bat zen hasieran eta gero handitu nuen, ondo geratuko zelakoan. Zatikatzea pentsatu nuen. Ideia interesgarria iruditu zitzaidan" (5).
1. http://www.aaa.si.edu/collections/interviews/oral-history-interview-alex-katz-12448
2. Jill Berk Jiminez et Joanna Banham, Dictionary of Artists' Models (Chicago: Fitzroy Dearborn Publishers, 2001), p. 291.
3. http://www.vogue.com/13275846/alex-katz-high-museum-january-3-artsplainer
4. Ibid.
5. Ibid.
Preguntas
Erakutsi Urtarrilaren 3a (1993) eta egin ikasleei honako galderak: Zer geratzen da margolanean? Zer ikusten duzue? Non dago, zuen ustez, modeloa?
Jarri arreta modeloan. Zer adierazten du haren aurpegierak? Nola uste duzue sentitzen dela? Zer du buruan? Azaldu erantzunak.
Ikusleari begiratzen dio zuzen. Harekin hitz egiteko asmoa bazenute, zer galdetuko zeniokete? Nolakoa litzateke elkarrizketa?
Lehen begiratuan, margolanak triptiko bat ematen du, baina ez dago benetan banatua, margotutako hiru gune dira. Gertutik begiratzen osagai guztiak bateratzen dira. Nola lortu zuen bateratasun hori artistak?
Katzek panel txiki batean zirriborro bat egiten du, eta, ondoren, mihise handi batera darama irudia; mihisean bertan marrazten du. Arin margotzen du eta askotan saio bakarrean amaitzen du koadroa. Urtarrilaren 3a egiteko (199,4 x 393,7 cm) bost ordu behar izan zituen; seme Vincent-ek eta errain Vivien Bittencourt-ek prozesua filmatu zuten. Bideoak ez du elkarrizketarik. Zati bat dago ikusgai hemen: http://www.films.com/ecTitleDetail.aspx?TitleID=19314&r=. Zer ikasi duzue Katzen lan egiteko eraz? Eztabaidatu zer alde interesgarri edo harrigarri ikusi dituzuen.