Zezen baten estudioa
Francis Bacon
Zezen baten estudioa (Study of a Bull), 1991
Olio-pintura, aerosol-pintura eta hautsa mihise gainean
198 x 147,5 cm
Bilduma pribatua
“Ospetsuak garela hil egiten gara, ez soldadu ezezagunak garela. Eta artearen mundu txiki honetan txorakeriak esaten aritzen gara beti. Beharbada lotzen gaituena [Bacon eta Picasso] bizitzarekiko zaletasuna da. Baina Picassok guztia asmatu zuen. Haren ondoren ezin dugu margotu harengan pentsatu gabe”. Francis Bacon, 1992[1]
Francis Bacon-ek (Dublin, 1909–Madril, 1992) Ingalaterran, Irlandan, Parisen eta Berlinen eman zituen bere bizitzako lehen hogei urteak [2]. Parisen, 1927an, artistak Pablo Picassoren erakusketa bat bisitatu zuen (Malaga, 1881–Mougins, 1973) eta liluratuta geratu zen, hainbeste non pinturan autodidakta hastea erabaki zuen. Picassok hainbeste eragin zuen Baconen baitan eta obran, non beraren ibilbide artistikoko (espainiar artistaren ia garaikidean) pintura ekoizpenean malagarraren gai eta estilo batzuk errepikatzen diren tarteka, Bacon hil zen arte. Picassoren artearen zale amorratua izateaz gain, Bacon beti liluratu zen beste espainiar maisu batzuekin, adibidez, Zurbarán, Greco, Goya eta Velázquez. Azken hau hainbat bider miretsi ahal izan zuen Museo del Pradon, batez ere, sakonago, 1990ean Velázquezi buruz Museo del Pradok egindako atzera begirako erakusketan.
1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Baconek asko bidaiatu zuen, eta denboraldiak igaro zituen Monako, Frantziako hegoalde, Espainia eta Afrikan[3]. Une horretan hasi zen tematzen tauromakiaren munduarekin, segur aski Frantzia hegoaldera eta Espainiara egindako bisitek zirikatuta, herrialde horietan zuzenean ikusi ahal izan baitzituen zezenketak [4].
Zezenketetako bere bizipenek, Picassoren obrari eta Lorcaren (batez ere tauromakiari buruzko) literaturari zien mirespenarekin batera, bere pinturetan hainbat aldiz gai hori lantzera eraman zuten [5]. Michel Leiris idazle frantses eta adiskidearen (Paris, 1901–Saint-Hilaire, 1990) idazkiek ere aztarna sakona utzi zuten Baconen obraren baitan [6]. Miroir de la tauromachie (1938) da Leiris-ek tauromakiaren gaiari buruz Baconi bidali zion lehendabiziko liburua, eta gaiari buruzko Baconen lehendabiziko pinturen inspirazio-iturri bihurtu zen, 1960ko hamarkadaren amaieran: Zezenketa baterako estudioa, 1 zk. (Study for a Bullfight no. 1, 1969), eta bi urte geroago: Zezenketa baterako estudioaren bigarren bertsioa (Second Version of Study for a Bullfight, 1971)[7]; gero, Baconek zezenketaren gaia lantzen jarraitu zuen, bere azken sorkuntza arte: Zezen baten estudioa (Study of a Bull, 1991), hil baino urtebete lehenago egindakoa.
Bere ibilbideko azken urteetan egindako artelanetan, zezena piztiaren irudia bihurtu zen, bere baitan dagoeneko sentitzen ez zuen alimaleko kemenaren adierazlea [8]. Bacon oso ahul zegoen azken margolan hau ondu zuen unean, ordurako pneumoniak jota baitzegoen, txikitatik zeukan asmak areagotua. Zezen baten estudioan, animaliaren irudia anbiguoa da. Zezena laukizuzen beltz batetik ateratzen bide da argirantz eta, aldi berean, aldameneko forma zurian desagertzen da. Zezenketetan ohi den legez, animalia ilunpetik ateratzen da (zezendegitik) eta argirantz doa, plazara, baina han toreroa du zain, bere argi-trajez jantzita, eta heriotza emango dio.
Baconen pinturan, zezena ahula dirudi, eta ez dago argi zezen-plazatik ihes egiten ahalegintzen ari ote den, edo hara sartzen. Segur aski, azken artelan honetan, Baconek hiltzen ari zela adierazi nahi zuen, baita horretaz ohartzen zela ere [9]. 1992an, adiskideen eta medikuen aholkuen kontra, Madrilera bidaiatu zuen oporrak han emateko, eta han zendu zen apirilaren 28an.
Preguntas
Begiratu arretaz pintura honi. Zer ikusten duzu? Nola deskribatuko zenuke? Prestatu hau ikustean burura datozkizun hitzen zerrenda bat. Zezen baten estudioa artistak margotutako azken pintura izan zen. Nola aldatzen da eszenaren zure ikuspegia informazio hori izatean? Zein hitz gehituko zenituzke zerrendara Baconek egin zuen azken koadroa izan zela jakinda? Konparatu zure zerrenda ikaskide batenarekin. Ze hitz idatzi dituzue biok? Zein hitz dira desberdinak? Komenta itzazue bikoteka aukeratu dituzuen hitzak.
Mihisea bi metro baino altuagoa da, eta zati handiena tratatu gabe dago, alegia, mihisea berariaz geratu da pintatu gabe. Zure ustez, zergatik utzi zuen Baconek espazio huts handi hori? Margolan honetan, gainera, Baconek oso kolore gutxi erabiltzen ditu. Zure ustez, zergatik aukeratu zituen bakarrik beltza, zuria eta gordina Zezen baten estudioa pintatzeko? Zertan aldatuko litzateke irudiaren zure ikuspegia ortzadarraren kolore guztiak erabili izan balitu?
Zezen-irudiaren azpian, mihisearen gainean bertan, Baconek benetako hautsa gehitu du, Londreseko bere estudioaren anabasan metatutako benetako hautsa. Identifika dezakezu non jarri duen? Zure ustez, zergatik nahiko luke artista batek material mota hori erabili? Zure ustez, nolako erlazioa dauka gaiarekin edo berak bizi duen unearekin? Zure ustez, hauts hori erabiliz, Baconek zerbait adierazi nahi du zehazki?
Zenbait historialariren iritziz, Baconek pintura hori egin zuenean, bazekien hil hurren zegoela. Zergatik, orduan, aukeratuko zuen gai hori bere azken ordurako?
Artelan horri izenburua aldatu eta poetikoagoa edo metaforikoagoa den beste bat jarri ahal izango bazenio, nola deituko zenioke? Zergatik?