Une honetan ikusgai (202 aretoa)

Kathreiner, goizean, zakila tente

1969–79Akrilikoa, zura, baliabide anitzak, collagea markoarekin mihise eta ehun gainean
235 x 305 cm

Berrogei urte luzetan, Sigmar Polkek egungo artea itxuratu zuen oso obra konplexua sortu zuen. 1960ko hamarkada-hasierako "puntu"en pinturek Alemaniako artearen irudi berri eta berezi bat sortu zuten. Alemaniako gerraosteko artea keinu-abstrakzioan, batez ere, inspiratzen zen; Polkek hasierako lan horietan Benday inprimaketa komertzialaren teknikako puntuak imitatu zituen, baina ez zuen erreprodukzio-modu mekanikorik erabili, eskuz, arreta osoz, egin zituen puntuak. Horretarako, argazki-negatiboak hartzen zituen oinarri, eta, horiek perfektuak ez zirenez eta eskuz margotzen zituenez puntuak, artelanei halako artisau-kalitatea nabari zaie, baita halako eszeptisismoa ere; izan ere, azken horrek bereizten ditu Polke eta AEBko pop artistak, adibidez, Roy Lichtenstein eta Andy Warhol. 1963an, Düsseldorfeko Kunstakademien ikasten ari zirela, Polkek, Konrad Luegek eta Gerhard Richter-ek "Errealismo Kapitalista" deitu zuten estiloan sendotu zuten beren kultura-kritika. Errealismo Sozialistaren estilo ofizial sobietarrari trufa egin zitoen, eta, era berean, arte-objektua kultura kapitalistaren artikulu komertzial bihurtu zela adierazi zuten. 1970ko hamarkadan, Polkek lan-erritmoa geldotu zuen Afganistanera, Brasilera, Frantziara, Pakistanera eta AEBra bidaiatu ahal izateko. Herrialde horietan, argazki- eta film-sail bat egin zuen eta, gero, 1980ko hamarkadako lanetara gehitu zituen. Pinturarekin nahastu zituen ehun sintetiko gardenak, kolorezko lakak eta produktu kimiko hidrosentikorrak, eta hala hasi zen pinturaren arauak urratzen; izan ere, uste zuen arau horiek garai hartako bizitza behar bezala jasotzea eragozten zutela.

Joera horren adibide dugu Kathreiner, goizean, zakila tente (Kathreiners Morgenlatte); ehunak eta irudiak geruzetan jarri zituen: etxe-barne motel baten irudiaren gainean ehun estanpatua eta komunikabideetatik ateratako irudiak ipini zituen, eta horrela sortu zuen postmodernismoaren ideien gainjarpen konplexuaren metafora formal bat. Astoko pintura tradizionalaren "suntsipena" nabarmentzeko, Polkek egurrezko egitura zatitan moztu du, antza, eta lanaren gainazala horiekin estali du. Izkina batean bere izena alderantzikatuta, letren goialdea behera begira, idatzi zuen Polkek eta lanaren goiko eskuinaldean "Henri Matisse" izenaz sinatu zuen; hala iseka egin zion artelanari benetakotasuna eta balioa bermatzeko modernotasunaren aldi gaileneko ezaugarri baten bat txertatu behar zelako ustezko premiari. Kathreiner, goizean, zakila tente lanean, Polkek erreferentzia asko pilatu eta sorta konplexua sortu zuen, artisten egoera eta XX. mende amaierako arte garaikidean orijinaltasun iraunkor bati eusteko ezintasuna salatzeko.

Jatorrizko izenburua

Kathreiners Morgenlatte

Data

1969–79

Teknika / Materialak

Akrilikoa, zura, baliabide anitzak, collagea markoarekin mihise eta ehun gainean

Neurriak

235 x 305 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa