Guggenheim
Aprendiendo a través del arte 2021
Aurreko erakusketa

Urtero udan antolatzen den erakusketa hau ikasturtean zehar garatzen den proiektu artistiko eta hezitzaile baten azken urratsa da.Osasun-arrazoiengatik, martxoan hasitako edizio honetako zortzi saioetan sei ikastetxetan planteatu dira proiektu artistikoak, eta horietan curriculumeko gaiei heldu zaie, besteak beste: geometria eta bolumena, giza gorputzaren organoen funtzionamendua edo esperimentu zientifikoak, ikuspegi artistiko batetik, betiere.

Osasun-krisiaren testuinguruan, jolastokiak, leku irekiak, parkeak eta gisakoak hartu ditugu gure jardunerako. Hala, sorpresa bat baino gehiago ekarri dizkigu gure ingurunetik paseatzeak. Gure eremua inguratzen duten lekuak arakatzean, hormak, plazak eta lorategiak ezagutu ditugu, orain arte oharkabean pasa zaizkigun lekuak, alegia. Oraingo honetan programak laburragoa izan behar izan duen arren, are ahalegin eta ilusio handiagoarekin burutu da.

Elssie Ansareo, Ibon Garagarza, Zaloa Ipiña, Nerea Lekuona, Manu Muniategiandikoetxea eta Ibon Saénz de Olazagoitia dira abentura honetan ehun bat ikasleri laguntzen aritu diren sei artistak, beren ingurunea ezagutzera eta beren sorkuntza-prozesuetan parte hartzera bultzatuz. Aukeratutako metodoak eraman ditu ikasleak pentsatzera, baloratzera, aukeratzera, probatzera, zalantza egitera, dibertitzera, baita zenbaitetan galtzera eta, jakina, huts egitera ere, huts egin gabe ez baitago aurrerabiderik. Programaren bitartez galderak planteatzen dira, jakin-mina pizten da eta inprobisazioari, jolasari, esplorazioari, ikerlanari eta esperimentazioari ematen zaie bide.

Erakusketa honek azkena ematen dio prozesu artistikoaren zikloari; egindako lana balioan jartzen duen eszenaratze bat da. Erakusketa bisitatzen duen publikoak ikuspegi original eta freskoekin disfrutatzeko ustekabeko aukerarekin egiten du topo, baita ehun ikasle parte-hartzaile horiek gauza berriak ezagutzean eta sortzean sentitu duten emozioa partekatzeko eta haien ideia inspiratzaileak arakatzeko ere.

Artistak

elssie-ansareo

“Programa honen esperientzia bizitzeak izugarrizko poza ematen dit. Urteetan zehar proiektu zoragarriak eta garrantzitsuak egin ditugu. Gaur, pandemiaren bizipenarekin, funtsezkoa da gure zeregina”.

Elssie Ansareo 

Ibon Garagarza

“Neska-mutilen harrera oso ona izan da. Lehenengo egunetik mantendu dute interesa. Harrituta utzi ninduten haien ezagutzeko gogoak eta egiten zituzten galderek eta komentarioek erakusten nienean nire proiekturen bat, Olafur Eliassonen obra, eta beste artista batzuena, gizakiak bere ingurunearekin duen harremana aztergai hartuta lanean diharduten eta materialtzat ura erabiltzen duten artistena. Zein garrantzitsua den ingurunea, bizi garen lekua! Karrantza haranerako sarbideak, La Escrita mendatean zehar, dauden bistek El Suceso-tik, ostegunero goizez Concha ikastetxera nindoala, beste egoera batean sartzen ninduten, lasaitasun handiagokoa beharbada, eta horrek prestatzen ninduen saioari kementsu heltzeko. Paisaia hori, ingurune hori, talde jator hau hazten ari den leku hori, non espero dudan ekarpenen bat egin izana nire proposamenekin”.

Ibon Garagarza

Zaloa Ipiña

“Hitzetik askoz ere haratago adierazi ahal izatea. Elkar ezagutzea, elkarraldiak zirkulu itxietara mugatzen diren momentuetan. Taldean eraikitzea, geure aztarnaz ahaztu gabe. Norberaren, norbanakoaren ikuspegitik hastea, gure inguruari, gure ikaskideei begiratzeko, elkarrekin bat egin eta hazteko. Artea ikasbidek beharrezko tresnak eman dizkigu esperimentazioari, gozamenari eta ezagutzari berriro heltzeko, bizitzako garai hauetan, non haurrek batez ere distantzia berriak eta monotonia asimilatu behar izan dituzten”.

Zaloa Ipiña

Nerea Lekuona

“Esperientzia zirraragarria izan da. Eskolaren ingurunean esku hartzea zen asmoa. Deigarria iruditu zitzaiguna hauxe izan zen, Euskal tipografiaren erabilera hain hedatua, saltoki eta ostalaritzako establezimendu ugaritan. Safari fotografiko bat egin genuen errotulu hauek guztiak biltzeko. Haietaz baliatu ginen eta, jarraian, taldeak biztanleei helarazi nahi zizkien mezuak diseinatzeko erabili genituen. Errotulu hauek irakurketa berri batekin hartu zituzten kaleak”.

Nerea Lekuona

Manu Muniategiandikoetxea

“Urte honek, bizitako zirkunstantziengatik berezia izan denak, aukera eman digu prozesua ikuspegi desberdin batetik planteatzeko. Kanpoaldean lan egitea erabaki dugu, modu efimeroago batean eta ekintzan oinarrituagoan, eta oso aberasgarria izan da esperientzia. “Digestioa” curriculum-gaiari heldu diogu ikuspegi fisiko eta kontzeptual batetik. Nire ustez, haurrek naturaltasun osoz hartzen dituzte proposamen hauek, haientzat normala eta berezko zerbait delako artearen prozedura: irudikatzeko modu hau, gauzak berregitekoa, jolas bat balitz bezala. Horrela, proiektu zehatzetik ulertzen du artista txikiak artea orokorrean hartuta”.

Manu Muniategiandikoetxea

Ibon Sáenz de Olazagoitia

“Nire aurtengo esperientzia: pizgarria ilusioarentzat, eta arraroa. Pizgarria ilusioarentzat, aukera eman didalako jakin-mina eta gogoa erakutsi dituzten neska-mutil talde batekin harremanetan egoteko, ezagutzeko eta ikasteko gogoarekin, eta niretzat pribilegio bat izan delako transmititzaile-rola betetzea; eta arraroa, hainbeste baldintzatzen gaituzten zirkunstantziengatik eta esperientzia laburra izan delako, horrek ‘azeleragailua zapaltzera’ behartu baikaitu”.

Ibon Sáenz de Olazagoitia

Ba al zenekien...?

BILBO–NEW YORK ELKARTRUKEA

Ikasturte bakoitzean, bi ikastetxetako —bata Bilbokoa eta bestea New Yorkekoa— ikasleek beren proiektu artistikoen dokumentazioa eta argazkiak trukatzen dituzte, eta informazioa partekatzen dute ingurune bakoitzaren bereizgarriei eta dituzten ezaugarri komunei buruz.
Lortu informazio gehiago

PROGRAMA

Artea Ikasbide Hezkuntza-programa honek Lehen Hezkuntzako eskola-curriculuma indartzen du, artea baliabide gisa erabiliz.
Lortu informazio gehiago

HISTORIA

1970. urtean, Learning Through Art hezkuntza-programa abiarazi zen New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en.
Lortu informazio gehiago