
Arte liluragarria familientzat
Ongi etorri Bilboko Guggenheim Museora!
Hemen ikusiko dituzuen artelanak dibertigarriak eta harrigarriak irudituko zaizkizue, eta oso ondo sentiaraziko zaituzteten emozioak esperimentatuko dituzue. Gainera, eraikin hau sinestezina dela egiaztatuko duzue!

Zuhaitz garaia eta begia
Urmaela
Sar zaitez Museora, gurutzatu Atrioa eta irten terrazara! Hemendik, Deustuko zubi aldera begira, eskultura deigarri hau ikus ahal izango duzu.
Anish Kapoorrek lan-mota horiek sortzen ditu urmael hau bezalako leku zehatz batzuetarako, eta inguruan duten arkitekturan inspiratzen da.
Nola mantentzen dira bola horiek ur gainean? Magia-trikimailu bat dirudi! Egia esan, oinarri bati lotuta daude. Hori egiteko, artistak zientzia erabili zuen. Obra hau egiteko asko ikasi behar izan zuen, probatu, entseatu eta ezagutza zientifiko oso konplexuak aplikatu.
Artistaren arabera, eskultura beti aldatzen ari da, hautsi, birsortu, zati askotan biderkatzen da…
Kapoorrentzat zure gorputza eta zure begirada oso garrantzitsuak dira. Zer ikusten duzu bola islatzaile horietan eta nola sentiarazten zaituzte oro har?
Anish Kapoor
Zuhaitz garaia eta begia, 2009
Altzairu herdoilgaitza eta karbono-altzairua
1297 x 442 x 440 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Horma-irudia, 831. zk. (Forma geometrikoak)
302. aretoa, bigarren solairua
Obra honetan, Sol LeWitt artistak gorri, urdin, laranja, berde, more eta gris biziak erabiltzen ditu. Forma geometrikoak eta irregularrak margotzen ditu, galeriaren horma kurbatu eta inklinatuarekin tolesten direnak, pintura Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eraikinarekin batu dadin eta eraldatu dezan.
Mugi zaitez astiro-astiro espazio honetan zehar. Nola sentiarazten zaituzte forma eta kolore horiek? Nola sentituko zinateke eskala txikiagoa izango balitz edo beste kolore batzuk izango balitu?
Ba al zenekien lan hau horman zuzenean margotzen dela eta, erakusketaren amaieran, suntsitu egingo dela, hurrena instalatzen denerako jarraibideak geratuz?
Sol LeWitt
Horma-irudia, 831. zk. (Forma geometrikoak), 1997
Akrilikoa horma gainean
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Esnatzen
303. gela, hirugarren solairua
Gilbert & George artistentzat, existitzen den guztia gai bihur daiteke obra egiteko; adibidez, inspirazioa aurkituko dute pertsonengan, basamortuan, oihanean edo hirietan.
Ekoizpenean erabiltzen dituzten ia irudi guztiak ingurune hurbilenean aurkitzen dituzte, etxetik gertu. Era horretan, obraren zati handiena East End auzoan inspiratzen da —Londresko auzo bat; beraiek han bizi dira eta han lan egiten dute aspalditik— eta bertan bizi diren pertsonengan; esate baterako, obra honetan ateratzen diren gazteak!
Gilbertek & Georgek elkar ezagutu zutenean, elkarrekin lan egiten eta bizitzen hasi ziren, eta haien identitate artistikoak batean urtu zituzten. Beren buruak “eskultura biziduntzat” hartzen dituzte, eta uste dute egunero egiten duten guztia ere artelana dela, antzezpen bat bezala.
Ohartu al zara obra honen erdian agertzen direla? Zure ustez, zergatik erretratatzen dira horrela artistak?
Gilbert & George
Esnatzen (Waking), 1984
Argazki-konposaketa
363 x 1.111 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Idi-bihotzak
303. gela, hirugarren solairua
Gela honetan bertan aurkituko duzu Jeff Koons artista estatubatuarraren Idi-bihotzak obra. Jeff Koonsen Idi-bihotzak koloretako ispiluen antzekoak dira, eta horietan batak bere buruari begiratu eta beste kolore batekoa ikus dezake bere burura. Gainera, inguruan dagoena islatu eta kolorez aldatzen dute. Kartoi mehe distiratsu edo metalizatuekin forma ezberdinak sor daitezke.
Ondo begiratu… Idi-bihotzak iruditzen zaizkizu? Usaina dutela uste duzu? Horrelakoak bezain idi-bihotz handiak existitzen dira? Eta hain distiratsuak, kolore hain bizikoak? Zuk noizbait horrelako lorerik ikusi al duzu?
Jeff Koonsek gustuko du eguneroko errealitatetik gauzak hartzea eta bere erara eraldatzea, baita eskala aldatu eta direnak baino handiagoak egitea ere.
Horrez gain, artistak altzairu herdoilgaitza eta kolore biziak eta oso distiratsuak erabili zituen eskultura egiteko. Badirudi lore horiek ez dutela ezer pisatzen, baina horiek fabrikatzea oso zaila izan da materiala oso astuna erabiltzeagatik eta hainbeste kalkulu eta proba egin behar izateagatik. Beraz, lorpen handia egin du artistak!
Lore hauek jostailu handi batzuek bezalakoak dira, haurren edozein amets, egi bilakatua. Jeff Koonsen obraren zati handi batek izpiritu jostaria eta isekaria du. Artistaren ustez, gauza interesgarriak konta daitezke itxura erraz eta dibertigarriaren bidez.
Imajinatzen duzu eguneroko objektu batzuk nola aldatuko liratekeen handiagoak izango balira, edo kolore biziagoak izango balituzte, edo beste material batekin eraikiko balituzte?
Jeff Koons
Idi-bihotzak (Tulips), 1995–2004
Kromo asko duen altzairu herdoilgaitza koloredun laka zeharrargiarekin
203 x 460 x 520 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

ARTETIK: From the Art
303. gelaren alboko korridorea
Zer sentitzen duzu artelan bat ikustean? Ez galdu ARTETIK: From the Art! esperientzia digitala
Museoaren Bilduman gehien gustatzen zaizun obra edo nahi duzuna aukera ezazu; hautatu sortzen dizun emozioa eta emaitza ikusiko duzu. Liluragarria!
Sentitu artea Museoaren Bildumarekin eta partekatu zure emozioak! Halaber, behatzen dituztenen artean lilura sortzen duten beste obra batzuk ere ezagutu ditzakezu.
Proiektu hau Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture-ren arteko lankidetza da.

Puppy
Museoko plaza
Museoko plazan Jeff Koons artistaren Puppy obra aurkituko duzu.
Hori txakurra al da? Hain handia? Imajina itzazu gehien gustatzen zaizkizun animaliak baina beste tamaina batean! Puppy Museoaren txakur zaindaria bezalakoa da, zaintzen eta babesten duena, sartzean ongietorria egin eta irtetean agur esaten diguna.
Koonsek bere lanetan umorea ez ezik, material oso originalak ere erabiltzen ditu horiek egiteko. Konturatu al zara Puppy zer-nolako materialez egina dagoen?… Loreak!
Artistak lorez, zuhaitzez, iturriz eta eskulturez beteta zeuden jauregi handien inguruko lorategi handiak izan ditu inspirazio-iturri. Batzuetan, gorma geometrikoak eta labirintoak sartu izan ditu, zuhaitzekin eta moztutako heskaiekin eginak. Siluetaz betetako leku horiek buruan izanik, Koonsek txakur itxurako lorategi bat sortu zuen.
Gainera, Puppy ez da beste eskultura batzuek bezalakoa: bizirik dagoen artelana da, egunero aldatzen dena, loreak hazten diren izaki bizidunak izateagatik, eta zaindu eta mimatu egin behar da.
Jeff Koons
Puppy, 1992
Altzairu herdoilgaitza, substratua eta loratzen ari diren landareak
1240 x 1240 x 820 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Ibilbide hau amaitu da, nahiz eta hauek dibertsioa eragiten duten adibide batzuk besterik ez izan. Nahi baduzue, Museoa bisitatzen jarrai dezakezue zuen kabuz eta artearekin alaitzen.
Esperientzia atsegina izan duzuelakoan, laster arte!