
Ibilbide Azkarra
Denbora gutxi baduzu, hautatu Museoan gaur ikusgai dauden ekitaldi artistiko eta elementu arkitektoniko nagusiak, eta ahalik eta gehien gozatu zure bisitaldiaz.

Atrioa
1. solairua, Atrioa
Igo zaitez hirugarren solairura: 304 aretoaren aurrean dagoen balkoitik ikusmira zoragarria dago Atrioa begiratzeko, hau da, Frak Gehryren diseinu arkitektonikoaren punturik garrantzitsuena behatzeko. Artearen eta arkitekturaren arteko joko interesgarria ere ikus dezakezu begiratoki horretatik. Gozatu Jenny Holzer, El Anatsui, Sol LeWitt zein Lucio Fontanaren obrez ikuspegi berri batetik begiratuta.

Denboraren materia
2. solairuko balkoia
204 aretoaren aurrean dagoen balkoitik, beha itzazu Richard Serraren Denboraren materia (1994–2005) instalazioa osatzen duten zortzi eskultura erraldoiak. Obra egitea erronka itzela izan zen —punta-puntako teknologiari esker lortu zen—, eta instalatzea ere oso konplexua izan zen, altzairuzko plantxak ikaragarri astunak baitira eta haien gainazala, berriz, oso hauskorra.
Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Maria Helena Vieira Da Silva
105 Aretoa
(Urriak 16–otsailak 22)
Maria Helena Vieira Da Silvari (1908–1992) eskainitako erakusketak hainbat atal ditu, eta artista portugaldarrak 1930etik 1980ra egindako ekoizpena biltzen du.
Vieira da Silva Parisko Eskola izenekoan nabarmendu zen, abstrakzioaren eta figurazioaren arteko hiztegi bakarrari esker. Artistak errealitatearen eta fikzioaren arteko erdibideko eszenak eraiki zituen bere pinturetan, proiektatzen diren lerroak, erretikulak, xake-taulak edo Portugalgo azuleju tradizionalak gogorarazten dituzten motiboak erabiliz, mihisearen espazio piktorikoa eraldatuta. 1938an, Bigarren Mundu Gerraren mehatxuaren aurrean, Rio de Janeiron erbesteratu behar izan zuen, eta han História trágico marítima ou Naufrage (Itsasoko istorio tragikoa edo Naufragioa, 1944) bezalako lanak margotu zituen.
Gatazka amaitu eta Parisera itzuli ondoren, Vieira da Silvak egitura eta arkitektura erreal eta imajinarioen gaiari heldu zion berriro, Hiria (La Ville, 1950–51) mihiseak islatzen duen moduan. Artistak bere pinturetan barrualde nahaspilatsuak islatu zituen, kolorezko kaleidoskopioak non irudiak eta hondoa bat bihurtzen dira.
Haren sorkuntza askotan ikus ditzakegun tonu dardaratiak gutxiagotzen dira erakusketaren azken atalean. Zuriaren gama kromatikoetan oinarrituta, hemen hautatutako pinturek Vieira da Silvak argiaren inguruan egindako ikerketa nabarmentzen dute, etengabea izan baita haren ibilbide osoan.
Maria Helena Vieira da Silva
La Ville (Hiria), 1950–51
Olio-pintura mihise gainean
97,3 x 129,4 cm
Museum of Modern Art, New York.
Dohaintza: Mrs. Gilbert W. Chapman
© María Helena Vieira da Silva, VEGAP, Bilbao 2025




