Artes de la Tierra

Aldi baterako erakusketak

Guggenheim Bilbao Museoak, arte moderno eta garaikideko aldi baterako erakusketa-programazio dinamikoa aurkezteaz gain, egungo artearen oinarrietan sakontzen du, eta artearen historiaren nazioarteko eszenari buruzko ikuspegi zabala eskaintzen du.

Lurraren arteak
Artes de la Tierra

Lurraren arteak

Lurraren arteak erakusketan, paisaian esku hartzen duten eta identitatea, generoa eta ekologia aztertzen dituzten material organikoak erabiltzen aitzindariak diren artisten obrak aurkezten dira. Arte kontzeptuala edo Land Art bezalako korronteak zeharkatuz, azken hamarkadetan sortutako instalazioak, eskulturak, ehunak, performanceak eta pinturak aurkituko ditugu, erakusketan zehar ernamuindu, hazi eta eraldatuko diren obra iragankorrekin batera.

Ibilbidea bigarren solairuan hasiko da, 205. aretoan, besteak beste, Meg Webster, Ana Mendieta edo Fina Miralles bezalako artisten lan historikoekin.

Delcy Morelosek lurrez egindako instalazio monumentalak 206. aretoko espazio ia osoa hartzen du. Sartzean, kanelaren eta iltzearen usaina antzematen da, buztinarekin nahastutako espezieena, sentsoriala denaren bidez ukiezinarekin konektatzera gonbidatzen gaituen esperientzia sortzeko.

Ondoren, 207. aretoan, landare-prozesuak irudikatzen dituzten obra biziak ikusiko ditugu; hala nola, Hans Haackeren Belarra hazten, Isa Melsheimerren Wardian Cases edo Asad Razaren Sustrai-sekuentzia (basotxoa) parte hartzeko instalazioa, 26 zuhaitz gaztek osatua.

209. aretoan, berriz, Gabriel Chailerren adobezko zeramika monumentalak, Oscar Santillanen piezak, Venusen zoruaren konposizioa berdindu nahi dutenak, eta wichi herriko emakume indigenek chaguar zuntzez egindako ehunak nabarmentzen dira. Ibilbideak 203. aretoan jarraitzen du, eta Nekazari Ateneoak lurraren laborantzarekin loturiko objektuak erakutsiko dizkigu, erlezaintza eta nekazaritza bezalako antzinako praktikekin lotuak, toki-mailan nahiz globalean. Azkenik, 202. aretoan dauden artisten lanak material organikoekin eginda daude, Maria Cuetoren landare-tapizak eta Heidi Bucherren erle-argizarizko inpresio arkitektonikoak bezala.

Isa Melsheimer
Warden Case, 2023
Beira, lurra, haziak eta landareak
Neurri aldakorrak (instalazioaren ikuspegia Guggenheim Bilbao Museoan)
Eskaintza: artista eta Galerie Jocelyn Wolff, Paris
© Isa Melsheimer, Bilbao 2025

Beste ibilbide batzuk