Gizakiak
Artelan on batek ez du inoiz irakurketa bakarrik. Nire lanak kontraesanez beteta daude. Artelana gai irekia da; hari so egiten dioten ikusleek taxutzen dute euren esperientziaz baliatuz. Nire lan batean lanpara batek, agian, polizia etxe bat ekarriko dizu gogora, baina ikur erlijioso ere izan daiteke, kandela baten modukoa. Aldi berean, margolan preziatu bat adieraz dezake, horretan distira egiten duen argi bakarra balitz bezala. Modu askotara begira daiteke lana eta, beraz, pixka bat ‘fokuz kanpo' egon behar du, guztiok gurea den zerbait ezagut dezagun bertan1.
1960ko hamarkadaren hasieran, artista batzuek argazki-irudiak txertatu zituzten euren pinturetan eta, hala, artelan batek artxibo gisa jardun dezakeela ikertzen hasi ziren. Argazki berri bat atera beharrean, batzuek jada bazeuden irudiak erabili zituzten euren lanetan. Hasiera batean muturreko jarrera bazen ere, egun artista askok horrela egiten dute, hots, irudiak bereganatzen dituzte Internet den artxibo--gordailu erraldoiak xaxatuta.
1960ko hamarkadaren amaieratik Christian Boltanskik (Paris, 1944) eguneroko euskarrietatik bildutako irudiekin lan egin du eta hala, egunerokotasuna esanahiz bete du. Bere instalazioetan jatorrizko argazkiak erabili ordez, irudi zaharrei argazkiak ateratzen dizkie maiz pertsona arruntei gorazarre egiteko. Boltanskik errealitatetik ezin bereiz daitekeen artea sortu nahi du. Hala esan du: Niretzat, unerik zirraragarrienak ikusleak aurrean duena artea dela jakin baino lehen gertatzen dira; lotura hori ahalik eta beranduen egin dezaten lortzen badut, hobe2. Beste batzuen oroitzapenak bereganatzean eta arte testuinguru batean jartzean, Boltanskik argazkigintzak duen ahalmen bat aztertzen du, hain zuzen: norbanakoen identitateaz haraindi joateko eta taldean bizitako errituen eta partekatzen ditugun gogoramen kulturalen lekuko izateko ahalmena.
Gizakiak lanak, Boltanskiren eskala handiko beste batzuen artean, antzoki baten edo gurtzarako leku baten hausnarketarako giroa gogora ekartzen digu. Instalazioa 1.200 argazkik baino gehiagok osatzen du. Maiz topatu ohi ditugun euskarrietako irudiei egindako argazkiak dira, hau da, pasaporterako eta eskola urtekarirako argazkiei, egunkarietan agertu ziren argazkiei, familia-albumen eta polizia-fitxen argazkiei berriro egindakoak. Sabaitik zintzilik dauden bonbillek irudiak argitzen dituzte, baita aldi berean ezkutatu ere. Antolaerak ez digu arrasto gehiegirik ematen: ezin jakin dezakegu nor ziren horietan agertzen diren izen gabeko pertsonak, ez gara gai bizidunak eta hildakoak bereizteko, eta ez dakigu nor izan zen biktima eta nor gaizkile. Giza bizitza baten berri ematen digun irudi horietako bakoitza neurri jakin batera murriztu zuen; hala, norbanakoaren ezaugarriak ilundu eta, beraz, taldearen batasuna eta banakoaren berdintasuna azpimarratu nahi zituen artistak. Irudien antolaera ausazkoa da eta horrek irakurketa bakarra ekiditen du. Giro lilurakor horretan, Boltanskik emozioak eta historia uztartzen ditu eta alboz albo jartzen ditu errugabea eta erruduna, egiazkoa dena eta atsekabea eragiten duena, minberatasuna eta sakontasuna3. Boltanskiren lanak erreferentzia pertsonalez zein unibertsalez beteta daude eta gerretako eta beste gatazka batzuetako biktimei eskainitako oroigarri gisa jarduten dute.
Oharrak
1 Tamar Garb in conversation with Christian Boltanski, in Christian Boltanski, Phaidon Press, Londres, 1997, 24. or.
2 Honetan aipatua: "Christian Boltanski: Lessons of Darkness" (azken bisita 2010eko urtarrilaren 25ean).
3 www.guggenheim.org
Preguntas
- Zer eragiten dizue lanak? Zer giro edo aldarte helarazten du?
- Gizakiak egiteko bi material arrunt erabili ditu: argazkiak eta argiak. Zerekin lotzen dituzue bi horiek? Material horiek erabiliz eta eraldatuz sentipen jakin bat iradoki du artistak. Nola?
- Boltanskik esan du: Nire jardunaren alderdi batek ‘oroitzapen txikiekin’ -nik hala deitzen diet- dute lotura. Oroitzapen handiak, garrantzitsuak, liburuetan jasotzen ditugu, baina oroitzapen txikiak gauza arrunten, xumeen ingurukoak dira. Hortaz, nire lanaren zati batean ‘oroitzapen txiki’ horiek gordetzen saiatu naiz; izan ere, norbait hiltzen denean, maiz oroitzapen txiki horiek desagertzen dira eta, hain zuzen, besteetatik horiexek bereizten gaituzte. Oso hauskorrak dira, horregatik gorde nahi ditut1.Zuen ustez, Boltanskiren asmo hori bete da lan honetan? Arrazoitu erantzuna.
Oharra
1 Tamar Garb in conversation with Christian Boltanski, in Christian Boltanski; Phaidon Press, Londres,1997, 19 or.