13077

Paisaia Cassisetik gertu (Paysage aux environs de Cassis), 1907

André Derain
Paisaia Cassisetik gertu (Paysage aux environs de Cassis), 1907
Olio-pintura mihise gainean
33 x 41 cm
Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, Kunstmuseum Bern
© André Derain, VEGAP, Bilbo, 2016.

“Fauvismoa saio erabakigarria izan zen guretzat […] Argazkilaritzaren aroan geunden. Eta ziurrenez horrek izan zuen eragina gure erantzuteko moduan, baztertu egiten baikenuen bizitzaren bat-bateko argazki baten antzeko edozer gauza. Ez zion axola noraino urruntzen ginen errealitatetik; gero eta urrunago orduan eta hobeto. Hala, koloreak bihurtu ziren gure arma.” André Derain, 1967[1]

André Derain (Chatou, 1880–Garches, 1954) ingeniaritzako ikasle gazte bat zen 1898an Eugène Carrière-rekin pintura-eskolak jasotzen hasi zenean. Carrièreren estudioan, Henri Matisse (Le Cateau, 1869–Nice, 1954) eta Maurice de Vlaminck (Paris, 1876–Rueil-la-Gadelière, 1958) pintoreak ezagutu zituen, geroago lagun onak izango zituenak.

1905eko udan, Derain, Matisserekin batera, Collioure-ra (Frantziako hegoaldea) joan zen. Bertan, kontraste nabarmenak sortuz hasi zen pintatzen, kolore biziak erabiliz eta paisaiak argitasun handiz nabarmenduz. Urte hartan bertan, Parisko Udazkeneko Aretoan egon zen ikusgai bere artelana. Erakusketaren kritikan, Louis Vauxcelles-ek fauves (basapiztiak) hitza erabili zuen Derain, Matisse eta Vlaminck barnean zeuden artista-taldearen lana gaitzesteko. Artista haien estiloa Fauvismo[2] izenez ezagutzera eman zen harrez geroztik.

Derainek Frantziako hegoaldean eman zituen hurrengo udaldiak. Kosta Urdina leku erakargarria zen pintore fauvistentzat bertako argitasunagatik, ezin hobea kolorearen distira jasotzeko [3]. Garai hartan, Mediterraneo itsasoaren eta zeruaren urdina behin eta berriro erabili zituen Derainek bere lanetan [4]. Tututik zuzenean aplikatzen zuen pintura —orban lodi-lodiak lortzen zituen horrela— eta arreta handiz aukeratzen zituen koloreak, irudikatzen zuen lekuaren argitasuna eta tonalitateak kontuan hartuz [5].

Paisaia hau Cassisen pintatu zuen artistak 1907ko udan. Bertan, marra lodien bitartez iradokitzen dira paisaiaren muino leunak, kolore-eremu zabal bezain lauak mugatzen dituztenak. Artelan hau Fauvismoaren eta Kubismoaren erdibidean dago: batetik, Fauvismoaren ezaugarri diren kolore-kontraste nabariak eta ingeradaren marra beltz lodiak ikusten ditugu oraindik ere —kontuan hartu behar da ordura arte Derain mugimendu horren adierazgarririk handienetakoa izan zela—; eta, bestetik, lur-koloreko ñabarduretara mugatzen den paleta, eta gainazal lau batean luzatzen diren naturako elementuen egitura trinkoa, guztiak Kubismoaren ezaugarri [6].

Urte hartan bertan, Hermann Rupf (1880–1962) bildumagileak Derainen estudioa bisitatu zuen Daniel-Henry Kahnweiler (1884–1979) arte-merkatari eta Rupfen lagun minarekin batera. Bisitaldi hartan, Rupfek Paisaia Cassisetik gertu artelana erosi zuen, eta era horretan ekin zion bere bilduma osatzeari. Derainen lana izugarri miresten zuenez, Rupfek artistaren beste 10 artelan gehiago erostea erabaki zuen aurrerago.

Preguntas

Begiratu ondo artelana. Hartu tarte bat koadroa aztertzeko eta xehetasun guztiak deskribatzeko. Non ote dago paisaia hau? Egunaren zer ordu ote da? Zerk pentsarazten dizu hori horrela dela?

Imajinatu pintura honetan sartu zaitezkeela. Nola sentituko zinateke? Zer soinu, usain edo sentsazio jasoko zenituzke? Gustatuko al litzaizuke bertan egotea? Zergatik? Non ote zegoen Derain artelan hau sortu zuenean?

Begiratu koloreak arretaz. Nola deskribatuko zenituzke? Zein da aditzera ematen dizun gogo-aldartea? Zertan bereizten direla uste duzu pintura hau eta aurretik ikusi izan dituzun beste paisaia-pintura batzuk? Egin zerrenda bat artelan honetan ikusten dituzun osagai guztiak adieraziz (adibidez: zuhaitzak, muinoak, zerua, itsasoa…) Zeintzuk dira atentzioa ematen dizuten osagaiak? Zergatik? Nola erlazionatzen dira elkarren artean?

XIX. mendearen amaierara arte, artistek euren estudioan pintatzen zuten batez ere, arte-akademien arauei jarraituz. 1907ko pintura hau sortzeko, kanpoaldean pintatzen jardun zuen Derainek, naturatik zuenean. Zeintzuk dira bi lan-sistema horien alde onak eta txarrak? Zer nahiago zenuke artista izango bazina, zure estudioan pintatu edo naturatik zuzenean? Zergatik?

Bilatu Interneten Cassiseko oraingo irudiak eta alderatu itzazu 1907ko Paisaia Cassisetik gertu artelanarekin. Zertan dira desberdinak? Ba al dute zure ustez zerbaitetan antzik? Derainek irudikatuko balu gaur egun Cassis: Nola pintatuko ote luke? Zein elementu nabarmenduko lituzke? Zertan aldatuko luke irudia? Zer uste duzu gehitu edo kenduko lukeela iruditik?