Georges Braque
2014.06.13 - 2014.09.21
Georges Braque (1882-1963) XX. mendeko artista esanguratsuenetako bat da. Margolaria, grabatzailea eta eskultorea izan zen, eta arte modernoaren historiako bi une garrantzitsutan parte hartu zuen: Kubismoaren sorreran, Pablo Picasso eta Juan Grisekin batera, eta collage teknikaren asmakuntzan, papiers collés-ekin (“itsatsitako paperak”) esperimentatuz. Geroago, natura hilen eta paisaiaren metodoak arakatzean oinarritu zuen bere lana. Frantziako margolari moderno nagusia izan zen Braque, tradizio klasikoaren oinordeko, eta aldi berean, abangoardiaren ordezkari eta gerraondoko abstrakzioaren aitzindari. Artistaren heriotzaren 50. urteurrenaren harira antolatutako atzera begirako bikain honek bere ibilbide artistikoaren fase guztiak biltzen ditu, Fauvismotik hasi —fauve gazteekin erakusketak egin zituen Salon des Indépendants-en (independenteen erakusketa), 1907an— eta amaierako obretaraino, tailerrei eta txoriei buruzko sail liluragarriekin gorenera iritsiz. Erakusketak, halaber, bere obraren fase esanguratsuenak bereziki azpimarratzen ditu, hala nola, Kubismoa, hogeiko hamarkadako kaneforen margolanak edo Nicolas de Staëlek hainbesteko miretsitako azken paisaiak.
Erakusketak 250 artelan inguru biltzen ditu, centre Georges Pompidou eta nazioarteko beste zenbait bilduma garrantzitsuren mailegu bikainei esker. Artelan horien artean maisulan paregabeak ikus daitezke, bai eta artistaren jarduera islatzen duen material dokumentala ere, esaterako, Pablo Picassorekiko elkarlana, bere artea eta musikaren harreman estua (arlo honetan Erik Satieren adiskidetasuna nabarmentzekoa da) eta Pierre Reverdy, Francis Ponge eta René Char poetekin, edo Carl Einstein eta Jean Paulhan garaiko ezinbesteko intelektualekin izandako konplizitatea. Erakusketa honek, azken batean, Georges Braque Kubismoaren maisu handiaren obra artearen historian merezi duen lekuan kokatzen du, eta artistaren lan zorrotza, geldiezina eta sakona berrezagutzeko aukera eskaintzen dio ikusleari.
Georges Braque
Natura hila mahai-zapi gorriarekin, 1934
Olio pintura mihise gainean
81 x 101 cm
Bilduma pribatua
Georges Braque © VEGAP, Bilbo, 2014
Argazkia © Leiris SAS Paris
Erakusketa
Georges Braque
Fruituak mahai-zapi gainean eta fruitu-ontzia (Fruits sur une nappe et compotier), 1925
Olio-pintura mihise gainean, 130,5 x 75 cm
Centre Pompidou, Musée national d’art moderne, Paris.
Artistari erositakoa, 1947
© Georges Braque, VEGAP, Bilbo, 2014
Argazkia © Bertrand Prévost - Centre Pompidou, MNAM-CCI/Dist. RMN-GP
Georges Braque
Kaneforak (Canéphores), 1922
Olio-pintura mihise gainean, 180,5 x 73 cm bakoitza
Centre Pompidou, Musée national d’art moderne, Paris.
Legatua: Baronne Eva Gourgaud baronesaren legatua, 1965
© Georges Braque, VEGAP, Bilbo, 2014
Argazkia © Bertrand Prévost - Centre Pompidou, MNAM-CCI/Dist. RMN-GP
Artista
Braque, Georges
Argenteuil-sur-Seine (Francia), 1882