Menú

Lucio Fontana. Atarian

2019(e)ko maiatzak 17 – 2019(e)ko irailak 29

Lucio Fontana (1899, Rosario de Santa Fe, Argentina–1968, Comabbio, Italia) XX. mendeko artista berritzaileenetako bat izan zen. Bere garaiko eraldaketa politiko, kultural eta teknologikoen lekuko izan zen, eta gerraosteko Europako artearen funtsezko erreferentzia bihurtu zen, 1958tik aurrera bere margolanetan sastakaiaz sistematikoki egin zituen ebakiei esker. Ezohiko ekintza horren erradikaltasunak Gerra Hotza eta espazioaren konkista nagusi izan ziren garaiko larrimina sinbolizatzen du. Nahiz eta Fontanak ikerketen erdian jarri pintura, hark askoz ere zabalagoa eta konplexuagoa den eremu bat hartzen du, egileak espazialismo kontzeptuaren bidez laburbildu zuena. Hitz horrek arte guztien sintesia egiten zuen, eta irudikapen-erregimen bat baino gehiago biltzen; besteak beste, eskultura eta eszenografia. Erakusketa bikain hau azken urteotan Fontanari buruz egin diren asmo handieneko atzera begirakoetako bat da. Pintura, eskultura, zeramika, marrazki eta “giro” garrantzitsuenetako batzuk biltzen ditu, 1929 eta 1968 artean egindakoak, eta aparteko aukera eskaintzen du funtsezko artista honen ondare artistikoa berriro ebaluatzeko.

New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-ek antolatutako erakusketa, Milango Fondazione Lucio Fontana fundazioarekin eta Guggenheim Bilbao Museoarekin elkarlanean.

Komisarioak: Iria Candela, Arte Latinoamerikarreko Estrellita B. Brodsky arte arduraduna (The Metropolitan Museum of Art), eta Manuel Cirauqui, arte arduraduna, Guggenheim Bilbao Museoa

 

Lucio Fontana
Kontzeptu espaziala (Concetto spaziale), 1961
Olio-pintura eta ebakia mihise gainean
81 x 100 cm
© Fondazione Lucio Fontana, Bilbo, 2019

×