
Jasangarritasuna zeharkako ardatz gisa
Jasangarritasuna Guggenheim Bilbao Museoaren jardueraren zeharkako ardatza da, eta, Jasangarritasuneko Urteko Ekintza Planen bidez, sail guztiei eragiten die; hau da, energia eraginkortasunarekin espezifikoki lotutakoetatik hasi eta erakusketekin, bisitariekin, jarduera komertzialarekin edo gastronomiarekin lotutakoetaraino.





Museografia eta logistika jasangarria
Museoak modu aktiboan lan egiten du museografian eta erakusketen logistikan jasangarritasuna hobetzeko. Material berriak ikertzen ditugu eta horien karbono-aztarna murrizten saiatzen gara. Horrez gain, praktika artistikoak ekonomia zirkularrean integratzen saiatzen gara.
Hala, 2024an erabili ziren lehen aldiz pintura biodegradagarriak eta %100ean birzikla daitezkeen egur-zuntzezko taulak formatu txikiko erakusketa batean, eta oso emaitza positiboak lortu ziren.
Bestalde, Museoak alokairuko enbalajeak erabiltzea eta erakundeen artean bidaiatzen duten artelanak lekualdatzeko eta instalatzeko lanak birtualki gainbegiratzea lehenesten du. Teknologia hori 2020an ezarri zen, eta museo ezberdinetako langileen joan-etorriak murrizteko aukera ematen du.
Azken helburuetako bat da 2024an sortutako MUSEOTIK tresna zabaltzea eta sustatzea. Tresna horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko museo-sareko kideen artean material museografikoa partekatu, berrerabili eta birziklatu nahi da.
Denda-liburudenda eta espazio gastronomikoak
Azken urteotan, Museoko Denda-Liburudendak bezeroei eskaintzen dien produktu aukeraren barruan produktu jasangarrien portzentajea handituz doa.
Gune gastronomikoetan sasoiko eta hurbileko produktuak dira nagusi. Era horretan, arlo horretako profesionalek tokiko ekoizleekin lan egiten dute lehengaien freskotasun eta kalitate handiena bermatzearren.
Ekitaldiak
2023az geroztik, Guggenheim Bilbao Museoak garapen jasangarria eta eragin sozial positiboa bultzatzen dihardu. Horretarako, jasangarritasunaren kultura txertatu du erakusketak inauguratzeko antolatzen diren ekitaldien nahiz Urteko Afariaren kudeaketan. Duela gutxi, IHOBEren Erronka Garbia eta ekitaldien kudeaketa jasangarriari buruzko ISO 20121 arauaren ziurtagiriak eskuratu ditu.












