
Ingurumenarekiko konpromisoa
Ingurumen Jasangarritasun Planek energia-eraginkortasuna hobetzeko ekintzak sustatzen dituzte, ingurumen-inpaktua minimizatzen duten asmo handiko ekimenak planteatzearekin batera, 2030erako neutraltasun klimatikoa lortzeko konpromisoarekin.
Gaur egun, energia-eraginkortasuna hobetzera, trantsizio ekologikoan oinarritutako teknologiak eta metodoak ezartzera, lehengaien kontsumoa murriztera, birziklatze- eta zirkulartasun-proiektuak garatzera eta gure komunitatearen eta bisitarien artean kontzientziazio-jarduerak sustatzera bideratutako ekimenak jorratzen ditugu.
Ekimen jasangarriak

Eguzki-panelak
Guggenheim Bilbao Museoak 300 eguzki-panel instalatu ditu bere teilatu lauetan. Panel horiei esker, % 5 inguru aurrezten da Museoaren kontsumo elektrikoan, eta erakusketa-areto guztien argiztapen-beharrei erantzuten zaie.

Energia elektriko berriztagarria
2024ko ekainaz geroztik, Museora iristen den elektrizitate-energiaren %100ak jatorri jasangarria du, eta, horri esker, karbono-aztarna heren bat baino gehiago murriztu ahal izan da.

Tenperaturaren eta hezetasunaren kontrola
Museoak %30 murriztu du gas-kontsumoa eta %6 elektrizitatearena, 2022an kanpoko baldintzetara hobeto egokitutako tenperatura- eta hezetasun-erlatiboa kontrolatzeko parametroak aplikatzen hasi zenetik. 2024ko amaieratik, Museoak are gehiago malgutu zituen hezetasun erlatiboaren parametroak, ICOM, IIC eta Bizot Group-en gomendioei jarraituz.

Paperaren kontsumoa murriztea, birziklatzea eta berrerabiltzea
Ekonomia zirkularra sustatzen duten hiru ekintza dira, erosketa arduratsutik hasita, berreskuratzeko eta birziklatzeko moduko materialak erabiltzea lehenetsiz.

LED teknologia Museoko argiztapenean
2015 eta 2021 urte artean, Museoko argi guztiak LED teknologia darabilten argi berriengatik ordezkatu ziren. Aldaketa horrekin nabarmen murriztu zen erakundearen karbono-aztarna; izan ere, atmosferara urtean 335 tona CO2 isurtzea saihestu zen, eta %25eko aurrezpena lortu zen energia elektrikoaren kontsumoa murriztearen ondorioz.

Argiztapen dinamikoa
Proiektua 2022an jarri zen abian; eraikinaren sabai-leihoak berriro irekitzea eta erakusketa-aretoen jatorrizko konfigurazioa berreskuratzea ekarri zuen, eguzki-argia eta LED argi berriak modu automatizatuan konbinatuz.

Museografia eta logistika biojasangarria
2024an, Museoak pintura biodegradagarria eta %100ean birzikla daitezkeen zur-zuntzezko taulak erabili zituen lehen aldiz diseinu museografikoetan, eta emaitza positiboak izan zituen. Ildo horretan, material ezberdinak testatzen jarraitzen dugu, erakusketetako eszenografietan erabilitako elementu guztiak berrerabiltzeko eta/edo birziklatzeko helburuarekin.
