Eraikinaren kanpoaldea | Guggenheim Bilbao Museoa

Arkitektura

Guggenheim Bilbao Museoa XX. mendeko arkitekturaren obra enblematikoenetako bat da: esperientzia paregabea bizi ezazu Frank Gehryk bertan diseinatu zituen guneak arakatuz.

Zero
Sala ZERO | Guggenheim Bilbao Museoa

Zero

1. solairua, ZERO

Bisitaldia ZERO aretoan hastea gomendatzen dizugu, lengoaia bisualaren eta eszenografia harrigarriaren bitartez murgiltze-esperientzia berezia eskaintzen baitu.

ZERO atondoan dago, eta publiko guztiei egiten die ongietorria Museoaren eta ingurumarien historia, Frank Gehryren eraikina bera eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma modu sentsorialean azalduz.

Barrualdea
Plantas del interior del edificio | Guggenheim Bilbao Museoa

Barrualdea

Atrioa; 1., 2. eta 3. solairuak

Museoaren arkitektura goitik behera mia ezazu bertako gune guztietan barrena ibiliz. Areto ezberdin ugari topatuko dituzu, obra garaikideen aparteko erakustoki.

Atrioa eraikinaren bihotza da, eta kanpoaldea eta barrualdea bateratzen ditu. Haren inguruan antolatzen diren pasabideek aukera ematen dute artelanak ikuspegi berrietatik behatzeko.

Hirugarren solairuko aretoen sabaiko argi-zulo handiek argiztapen naturala ematen dute, eta argi hori bigarren solairuko erakusketa-guneetara ere iristen da.

Kanpoaldea
Exterior del edificio | Guggenheim Bilbao Museoa

Kanpoaldea

1. solairua, terraza

Itsasadarrera ematen duen terrazatik begiratuz gero, ohartuko zara hiri-ingurunean ezin hobeto txertatzen dela Museoa, bai eraikuntzarako erabilitako materialei esker (titanioa, kristala eta kareharria), bai inguruko eraikin eta egiturekin duen harremanagatik ere.

Urmaelak, Bilboko itsasadarrak hiriarentzat duen garrantzia azpimarratzeaz gain, kokagune paregabea eskaintzen die Anish Kapoor eta Yves Klein artisten obrei.

Atriotik, Museoaren kanpoaldera terrazatik aterata, Eduardo Chillida eta Louise Bourgeoisen artelanak begietsi ahal izango dituzu. Eta eraikinaren kanpoaldean ikusgai daude, halaber, Fujiko Nakaya, Daniel Buren eta Yves Klein artisten piezak, aldizka abiarazteko programatuta.

Bilboko hirigintza
Exterior del edificio y puente | Guggenheim Bilbao Museoa

Bilboko hirigintza

Museoaren barrualdea bisitatu ondoren, atera zaitez eraikinaren inguruan pasieran ibiltzera. Museoa eraikitzeak Bilboren erabateko eraldaketa ekarri zuen, eta munduan sona handia duen hiri turistiko bihurtu zuen krisiak jota zegoen hiri industrial hura.

Frank Gehryz gain, nazioartean izen handia duten beste arkitekto batzuek ere —tartean, Santiago Calatrava, Arata Isozaki, Rafael Moneo edo Alvaro Siza— metamorfosi hori nabarmen bultzatu zuten eraikinak diseinatu zituzten. Hiriaren ikuspegi berriak ezagutzeko, egizu osteratxo bat Salveko zubiaren azpitik, gurutzatu Zubizuri, eta igo Isozaki dorreen artean dagoen harmailadia. Gaur egun, Bilboren eraldaketa-prozesuak aurrera darrai Zorrotzaurre irlan. Itsasadarraren ibilguari bokalerantz jarraituz gero eskuineko ibaiertzetik, Frank Gehry zubia aurkituko duzu, horrela izendatua arkitekto kanadarraren omenez.

Beste ibilbide batzuk