
Familia-bisitaldia
Bisitatu Guggenheim Bilbao Museoa familiartean! Haurrentzat berariaz diseinatutako jarduera eta material aukera zabala dakarkigu, Museoa ekarrekin arakatu dezazuen. Gogoratu artelanak ezin direla ukitu, eta komenigarriagoa dela txikiak eskutik helduta eramatea. Eskerrik asko zuen laguntzarengatik!

Eraikina
1. solairua, Atrioa
Badago zer arakatua Museoko Atrio inguruan! Aretoen kanpoaldea estaltzen duten materialek gune bakoitzak barrutik nolako forma duen jakiten laguntzeko arrastoak eskaintzen dituzte. Saiatu titaniozko estalkia duten aretoen eta kareharrizkoa dutenen arteko aldeak aurkitzen.

Artelan iraunkorrak eta kokapen zehatzekoak
Plaza, terraza
Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren barruan nahiz kanpoan modu iraunkorrean kokatuta dauden zenbait obra Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoak dira, eta horietako batzuk kokapen zehatzeko artelanak dira, hau da, berariaz gune horietara egokitzeko pentsatu eta egin dituzte artista garaikideek.
Puppy, lorez estalitako West Highland Terrier txakurkume erraldoia, Museora ongietorria emateaz arduratzen da. Baina gogoetatu al duzue inoiz ea nola ureztatzen den Jeff Koons artistak sortutako eskultura bizi eskerga? Puppy modu jasangarri eta eraginkorrean ureztatzen da, hainbat teknologia uztartzen dituen sistemaren bidez egin ere. Horrela, obra osatzen duten milaka loreek behar duten ura baino ez dute jasotzen; ez gehiago, ez gutxiago.

Erakusketak
1. solairua
Museoko erakusketek artelanak sortzeko eta ulertzeko modu berriak ikasteko aukera ugari eskaintzen dituzte. Ibili Richard Serraren Denboraren materia instalazioan barrena, eta sartu eskulturen barruan, haien formak nola aldatzen diren ikusteko. Amaitutakoan, ez ahaztu areto horretara ematen duen balkoitik begiratzea. Ziur harrituta geratuko zarela!
Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994–2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Komunak eta haurtxoak aldatzeko tokiak
1. solairua eta sotoa
Museoko solairu guztietan daude komunak. Haurtxoak aldatzeko tokiak, aldiz, lehenengo solairuan eta Museoko sotoan daude.

Beste batzuk
1. solairua, arropazaindegia
Museoko arropazaindegian haurrentzako aulkitxoak eta haurtxoak eramateko motxilak dauzkazue eskuragarri, zuen bisita erosoagoa izan dadin.

Guggenheim Bilbaoko taberna eta jatetxeak
Bar Guggenheim Bilbao tabernan mokaduak, pintxoak, pastelak eta edariak dituzue eskuragarri, baita eguneko platera ere. Museoak kalitate handiko bi sukaldaritza-esperientzia ere eskaintzen ditu: Nerua Guggenheim Bilbao, goi-mailako sukaldaritzako jatetxea, eta Bistró Guggenheim Bilbao, proposamen informalagoa. Gaur egungo osasun-egoera dela-eta, baliteke zerbitzuan aldaketak egotea.

Maria Helena Vieira da Silva
- aretoan Maria Helena Vieira da Silva (1908–1992) artista portugaldarraren pinturak aurkituko dituzu.
Neskatoa zela, Maria Helena Vieira da Silva ez zen eskolara joan, eta etxean jaso zuen heziketa, liburuz, musikaz eta artez inguratutako etxe batean.
1928an, Parisera joan zen artista bilakatzeko ametsarekin. Hiriko bazter, kale, galeria eta museo guztiak arakatu zituen. Ordutik aurrera, hiriak, errealak zein imajinarioak, behin eta berriz errepikatuko ziren haren obran. Zure ustez, nolakoa izango litzateke haren pinturetako batean barneratzea? Zer abentura biziko zenituzke?
Haren koadroak kolore askotako erretikulaz eta mosaikoez beteta daude, eraikinak ez ezik, bere jaioterria den Lisboako arkitekturako azuleju bereizgarriak ere gogora ekartzen dituzten espazio labirintikoak mihisearen barruan. Motibo abstraktu eta figuratiboek bat egiten dute Vieira da Silvaren margolan askotan, karta- edo xake-jokoak agertzen direnetan bezala. Échiquier rouge ou Joueurs d’échecs (Xake-taula gorria edo Xake-jokalariak, 1946) erakusketan sartuta dago, eta bi irudi agertzen dira, azaleratik haratago doan trazadura duen xake-taula baten aurrean murgilduta. Zure ustez, nork irabaziko du partida?
Échiquier rouge ou Joueurs d’échecs (Xake-taula gorria edo Xake-jokalariak), 1946
Olio-pintura mihise gainean, kartoi gainean jarrita
38,7 x 45,5 cm
Bilduma partikularra, Frantzia-Portugal
Eskaintza: Galerie Jeanne Bucher Jaeger, Paris-Lisboa

Lurraren arteak
Lurraren arteak erakusketak obra batzuetan barrena egingo den ibilbidea eskaintzen du. Obra horiek egiteko, material naturalak erabili dira, eta sortzaileek gure planeta zaintzearen garrantziaz hausnarketa egitera gonbidatzen gaituzte.
205. aretoan, landare-elementuekin egindako lan delikatuak aurkitu ahal izango dituzue; hala nola, Jean Dubuffetek hostoekin egindako erretratua edo Giuseppe Penone artistaren zuhaitz ikonikoetako bat. Azken horrek habe baten zuraren adabegien ingurua pixkanaka zizelkatu zuen, harik eta zuhaitzaren aurreko forma pixkanaka berpiztu zuen arte. Zuhaitz hori, hazi ondoren, bota egin zuten eta habe industrial bilakatu zen. Zure ustez, zenbat urte ditu Penonek berragertarazi duen zuhaitzak?
Hurrengo aretora joango gara, 206.enera, eta Delcy Morelosek sortutako lurrezko mendi izugarri batek harrituta utziko zaituzte. Kanela-usaina du. 207. aretoan, organismo bizidunak dituzten artelanek betetzen dute espazioa; esate baterako, Isa Melsheimerren Wardian Cases obrak. Pieza horiek Charles Darwin bezalako naturalisten lanean oinarritzen dira; izan ere, hazi exotikoak bildu eta Europara eramaten zituzten beirazko kaxa zigilatu batzuen barruan, lorategi botaniko eramangarri txiki bihurtzen zirenak.
203. aretoan, Mel Chin artistaren lanak, artea eta zientzia batuz, lurzoruari kutsadura kentzeko modu bat proposatzen digu, lurreko metal astunak xurgatzeko gai diren landare batzuei esker. Artistak lurrean egiten duen esku-hartzea lurrean zuzenean forma hartzen duen eskultura batekin pareka daiteke.
A! eta adi, pieza guztiak ez dira eta begi hutsez agertzen. Txoko batzuetan Asuncion Molinos Gordoren Antzinakoak obra ezkutatzen da; hots, udaberria iritsi arte hutsik egongo diren habiak. Zer txori biziko ote lirateke horietan?
Asunción Molinos Gordo
Antzinakoak, 2024. Teknika mistoa, buztina eta lastoa
Neurri aldakorrak
Artistaren eta Travesía Cuatroren eskaintza, Madril
© Asunción Molinos Gordo, Bilbo 2025





