Eurak bidean
Ongi etorri Bilboko Guggenheim Museora!
Ibilbide honetan, zure erritmoan ezagutu ahal izango dituzu Bildumako zenbait lan eta maileguan utziak izan diren beste batzuk. Denak ere emakume artistek sortutako edo emakumeak irudikatzen dituzten artelanak dira. Euren ekarpenak zurekin partekatu nahi ditugu eta Artearen eta Kulturaren Historian dagokien lekuan kokatu.
Louise Bourgeois
Terraza itsasadarraren ondoan.
Museora sartu, igaro Atriotik eta irten terrazara. Hemendik ere ikusi ahal izango duzu obra hau!
Louise Bourgeoisek ibilbide luze eta oparoa izan zuen…ia zazpi hamarkadakoa! XX. mendeko mugimendu abangoardista nagusietako batzuekin harremanak izan zituen, betiere bere independentzia eta nortasun sortzaile propioa eta berritzailea mantenduz. Haren ibilbidean diziplina anitzak erabili zituen, baina eskultura izan zen bere adierazpide nagusia, artea espazioarekin lotzeko aukera ematen baitzion.
Ia 9 metroko altuera duen Ama (Maman) bere eskulturarik handinahietako bat da. Ba al zenekien Louise Bourgeoisek behin eta berriz erabili zituela armiarmak bere ibilbidean eta ehulea zen bere amari egindako omenaldia direla?
Armiarma, kezkagarria izateaz gain, sublimea eta babeslea ere izan daiteke. Zergatik?
Louise Bourgeois, Mamá (Maman), 1999
Brontzea, marmola eta altzairu herdoilgaitza
927 x 891 x 1023 zm
Guggenheim Bilbao Museoa
Yoko Ono
Terraza, bigarren solairua.
Yoko Ono funtsezko figura da arte garaikide kontzeptualean, performancean eta parte hartze artean. Japoniako abangoardiaren garapenean izan zuen paperaz gain, Fluxus diziplina anitzeko mugimendu artistiko eta esperimentaleko kide izan zen Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan.
Bere bizitzan zehar bakearen, giza eskubideen eta feminismoaren aldeko aktibista nabarmena ere izan da.
Bilborako nahien zuhaitza lanak ikuslearen parte-hartzea eskatzen du. Artistarentzat garrantzia duten egunetan, zuen “bake nahiak” idazteko eta zuhaitzean zintzilikatzeko aukera izango duzue. Ondoren, mezu horiek artistari bidaltzen zaizkio munduko bakearen aldeko nazioarteko proiektu batean integratzeko. Beste batzuetan, zuen nahiak xaloki zuhaitzari xuxurlatu ahal dizkiozue.
Animatu eta parte hartu!
Yoko Ono, Bilborako nahien zuhaitza (Wish Tree for Bilbao), 1996/2014
Eskuz idatzitako eta markoztatutako testua, olibondoa, lurra, zurezko loreontzia, atrila, etiketak eta boligrafoak
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa
Lee Krasner
304 aretoa, hirugarren solairua
Artean trebatzeko ahalegin handia egin ondoren, Lee Krasner aitzindaria izan zen espresionismo abstraktuan, hau da, Bigarren Mundu Gerraren ondoren New York nazioarteko artearen gune bihurtu zuen mugimendu artistikoan.
Bere lanak berrasmatze eta esplorazio etengabea du ezaugarri: bere autoerretratu goiztiar eta aurrez aurreko marrazkietatik hasi eta ondorengo obra oparo eta monumentaletaraino. Haren margolanetan argi eta koloreen eztandak dira nabarmen.
“Palingenesia”, lan honen izenburua, “berriro jaiotzea” esan nahi duen grezierazko hitzetik dator, Krasnerren lanean funtsezkoa den kontzeptua baita. Elkarrizketa batean, artistak honakoa adierazi zuen: “eboluzioa, hazkundea eta aldaketa aurrera doaz. Aldaketa bizitza da”.
Zer gogorarazten dizu obra honek? Zein aldaketari esker hazi zara pertsona moduan?
Lee Krasner
Palingenesia (Palingenesis), 1971
Olio-pintura mihise gainean
208,3 x 340,4 cm
Pollock-Krasner Foundation, New York
Cristina Iglesias
307 egongela, hirugarren solairua.
Cristina Iglesiasek eskulturaren ikuspegi berritu bat garatu du. Espazioarekin esperimentatzea du ardatz, karga poetiko eta sinboliko handia duten instalazio eta obren bidez.
Artistak eskulturak sortzen ditu ikusleak espazio horiek “bizi” ditzan eta, espazio zehatzen bidez, guregan sentsazioak sorrarazteko helburua du.
Titulurik gabea (Alabastrozko gela) piezan, alabastro-xafletan barrena igarotzen den argitasunak eraldatu egiten du nolabait haien azpiko eremuaren pertzepzioa.
Cristina Iglesiasen beste lan askoren aurrean gertatzen den moduan, giro-argia eta espazioa bera funtsezko elementuak dira, ia immaterialak.
Cristina Iglesias
Titulurik gabea (Alabastrozko gela) [Sin título (Habitación de alabastro)], 1993
Burdina eta alabastroa
313 X 560 X 218,5 cm
Guggenheim Bilbao Museoa
Jenny Holzer
Hirugarren solairuko balkoia.
Jenny Holzer AEBko artista kontzeptual ospetsuenetako bat da. Hitza erabiltzen du adierazpide gisa, eta espazio publikoa baliatuta bere proiektu artistikoak hiri-ingurunean txertatzea izan da bere lorpenik handiena.
Laurogeiko hamarkadaz geroztik, mundu osora zabaldu ditu bere aforismoak eta bidegabekeriaren, zapalkuntzaren, botere-arazoen eta abarren aurkako salaketa-mezuak. Horretarako askotariko euskarriak baliatu ditu: pantaila elektronikoak, eskala handiko proiekzioak, errotulu digitaldun kamioi ibiltariak, baita marmol hotzezko eserlekuak ere.
Balkoiko barandara hurbiltzera eta mugikorrarekin Like Gerturatu zaitez balkoiko barandara eta deskarga ezazu mugikorrean LIKE BEAUTY IN FLAMES obra digital ezin bereziagoaren aplikazioa. Holzerrek errealitate areagotua erabili du sorkuntzarako bide gisa, eta arkitekturarekin hartu-eman berezia sortzen duten hiru esperientzia ezberdin proposatzen dizkigu: haietako bat Museo barruko hiru puntu zehatzetatik abiarazi daiteke eta beste bat Museoaren kanpoaldeko toki ugaritatik; hirugarrena, berriz, munduko edozein tokitatik aktiba daiteke!
Jenny Holzer
LIKE BEAUTY IN FLAMES
2021
Errealitate areagotuko aplikazioa
Guggenheim Bilbao Museoa