Guggenheim

Datak berrikusteko daude

Vasily Kandinsky (Mosku, 1866 – Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1944) abstrakzioaren aitzindari izan zen, eta estetikaren teorialari ezaguna. XX. mendearen hasierako artea berritu zutenetako bat izan zen. Kandinskyk mundu naturalarekiko loturetatik askatu nahi zuen pintura, eta, zeregin horretan, bizitza osoan landuko zuen gai berri bat aurkitu zuen, artistaren “barne-beharrean” soilik oinarritutakoa. Erakusketa honetako obrak Solomon R. Guggenheim Foundation-en funts aberatsetakoak dira batez ere, eta pinturak eta paper gainean egindako lanak dira. Kandinskyk bere ibilbide osoan izan zuen bilakaera estetikoa dakarkigu erakusketak.

1908an Bavariara bizitzera joan ondoren, Kandinskyk Municheko Zaldizko urdina (Der Blaue Reiter ) taldea sortzen lagundu zuen, kolorearen ahal espresiboarekiko eta formaren oihartzun sinboliko eta, askotan, espiritualarekiko interesa partekatzen zuten artisten talde ez oso kohesionatu bat. Oso aldi emankor baten ondoren, Kandinskyk Alemaniatik joan behar izan zuen Lehen Mundu Gerra piztu zelako, eta, azkenean, Moskura itzuli zen. Hiri hartan, haren hiztegi piktorikoa Errusiako abangoardiaren esperimentu utopikoak islatzen hasi zen (besteak beste, irudi geometrikoetan jarritako enfasia), eta mintzaira estetiko unibertsal bat ezarri zuen. Gerraren ondoren, Kandinsky eskolak ematen hasi zen Bauhaus arte eta diseinu aplikatuko eskola alemaniarrean, haiek bezala pentsatzen baitzuten; alegia, artea gai dela banakoa eta gizartea eraldatzeko. Hala ere, artistak Alemaniatik joan behar izan zuen berriro, 1933an naziek Bauhaus eskola itxi zutenean. Nina emaztearekin batera, Parisko aldirietara joan zen bizitzera. Bertan, material desberdinekin esperimentatu zuen, eta irudimen handiko obrak sortu zituen pigmentuak eta harea nahastuta. Azken garai horretako konposizioek izaki bizidunez betetako mundu txiki-txikiak dirudite, artistak surrealismoarekin lotura zuelako eta natura-zientziak interesatzen zitzaizkiolako (bereziki, botanika, enbriologia eta zoologia).

Guggenheim Fundazioaren historia lotuago dago Kandinskyren lanarekin beste artista batzuen lanarekin baino. Solomon R. Guggenheim industrialariak sortu zuen Museoa; 1929an hasi zen obrak biltzen, eta, oso gogoko zuenez arte modernoa, Pintura Ez-objektiboaren Museoa inauguratu zuen New Yorken, gerora Solomon R. Guggenheim Museum izango zena. Gaur egun, Guggenheim Museoak oinarrizko artista honen 150 pieza baino gehiago ditu.

Komisarioa: Megan Fontanella

Vasily Kandinsky
Lerro beltzak (Schwarze Linien), 1913ko abendua
Olio-pintura mihise gainean
129,4 x 131,1 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Solomon R. Guggenheim sortze bilduma, dohaintza
© Vasily Kandinsky, VEGAP, Bilbo, 2020