Artea ikasbide 2020
2020.06.26 - 2020.09.27
Artea ikasteko erreminta gisa
Arteari buruz hitz egiteak eta artista baten laguntzarekin sorkuntza-prozesuan parte hartzeak Lehen Hezkuntzako ikasleei aukera ematen die curriculumeko gaiak ikuspegi ezberdin batetik jorratzeko.
Askok hobeto ikasten dute ikaskuntza aktiboagoa denean eta hautatzeko aukera gehiago baldin badaude. Programa honetan, galderak egiteaz gain, jakin-mina piztu, ideia inspiratzaile berriak aztertu eta ezagutzeko emozioa esperimentatzen da.
Proiektu bakoitza bakarra da eta pertsonalizatua, modu irekian diseinatu da, eta egin ahala bideratu da, pertsona bakoitzaren trebetasun eta interesetara ahalik eta gehien egokitzeko. Proiektua garatzerakoan, askotan lekua eman behar zaio inprobisazioari, jolasari, esplorazioari, ikerketari, esperimentuari eta akatsari. Ikasleek hautatzen duten prozesu artistikoak pentsatzera, baloratzera, hautatzera, probatzera, zalantzan jartzera, dibertitzera, galtzera, blokeatzera eta, jakina, hanka sartzera eramaten ditu, akatsik gabe ez baitago aurrerapenik.
Eta ikasturtearen amaierarekin batera, proiektu honen azken urratsa heldu da: sormen-prozesuak bere eszenaratzea du. Muntatzeak eta erakusteak beste zentzu eta esanahi bat ematen dio landutakoari. Erakusketak ziklo bat ixten du prozesu artistiko guztietan, beste pertsona batzuengana iristea lortzen duenean; hau da, egindako lana hautematen eta jasotzen duen publikoarengana iristean. Ikasleek beren sormen-lanak Museoan erakuts ditzakete, eta, era horretan, autoestimua eta errekonozimendua indartuko zaie; nekez ahaztuko duten gertaera izango da.
Uda guztietan bezala, Museoko Hezkuntza Gunea lanez betetzen da. Oraingoan, ekainaren 26tik irailaren 27ra bitartean, ikusleek aukera izango dute ikusgai dauden piezak ikusteko eta ikuspuntu originalenez eta freskoenez gozatzeko.