Guggenheim
Aurreko erakusketa

Artea ikasteko erreminta gisa

Arteari buruz elkarrizketan jarduteak eta artista baten eskutik sortze-prozesuan parte hartzeak aukera ematen die lehen hezkuntzako neska-mutilei curriculumeko gaiak ezohiko modu batean lantzeko.

Ikasle askok hobeto ikasten dute ikaskuntza-prozesua aktiboagoa denean eta hautatzeko aukera gehiago dutenean. Programa honetan galderak egiten dituzte, jakin-mina pizten zaie, ideia iradokitzaile berriak aztertzen dituzte eta deskubritzearen zirrara sentitzen dute.

Proiektu bakoitza bakarra da, parekorik gabea, eta pertsonalizatua dago; modu irekian diseinatu da, eta egin ahala berregokituz joan da parte-hartzaile bakoitzaren trebetasunekin eta interesekin ahal beste bat etortzeko. Prozesuak inprobisazioari leku egitea dakar askotan, jolasari, esplorazioari, ikerketari, esperimentazioari, eta baita akatsari berari ere.

Ikasleek abiatzen duten prozesu artistikoak pentsatzera bultzatzen ditu, baloratzera, aukeratzera, probatzera, duda egitera, ondo pasatzera, galtzera, blokeatzera, eta, nola ez, erratzera ere bai ez baitago hutsegiterik gabeko aurrerapenik.

Ikasturtearen amaieran azken pausura iritsi gara: sortzeprozesua eszenaratzea. Erakusketak amaiera borobila ematen dio prozesu artistiko orori: sortutakoa hauteman eta hartzera iristen da publikoa, eta itxi egiten da zikloa.

Uda oro gertatzen den bezala, obraz beteko da Museoko Hezkuntza gela. Aurten, ekainaren 18tik irailaren 15era bitartean egongo da erakutsitako obrak ikusteko aukera, eta lanak sekzio ezberdinetan egongo dira banatuta: Letrak, non hizkuntza, hiztegia eta idazkera izan diren funtsezko parteak; Birziklapena eta kontsumoa, gai horiei buruzko hausnarketaren fruitu diren obrak biltzen dituena; Mapak, arkitekturak eta natura, non espazio desberdinetako aireko bistak, ibilbideak eta maketak jasotzen diren; eta Argazkiak eta filmak, paisaiak eta pertsonak, stop motion animazioak, performanceak eta bestelako sorkuntzak biltzen dituena.

Ikasleek erakusketaren inauguraziora gerturatzeko aukera izango dute, prozesuaren parte izan diren irakasle eta artistekin batera. Beren lanak Museoan emozioz betetako urte baten amaiera ekarriko die ikasleei, eta autoestimu- eta aitortzabultzada ahaztezina izango da askorentzat.

DESKARGATU KATALOGOA

Baliabide esklusiboakEgin zaitez Community-ko kide eta gozatu eduki honetaz
Artistak
Inaki Gracenea

Herria eta hiria, adierazpena eta esperientzia, iradokitzaile denetik egiturazko denera. Gure gertuko ingurunetik aldendu gara inguruan daukagun amaigabetasuna hauteman ahal izateko, eta berriz gerturatu gara ñabardura txikiak oharkabean pasatzen ez uzteko. Bizipenak partekatu ditugu, esperientzia komunetan aurkitu dugu elkar; horri esker, ideia horiek zenbait obratan irudikatzeko aukera izan dugu, agerikoa denetik, formala denetik abiatuta.

Iñaki Gracenea

Zaloa Ipiña

Programa honen ezaugarriei esker, ikasleek hobeto ulertzen dituzte gai jakin batzuk, ikusmolde libreago eta, era berean, konplexuagoaren bitartez. Saioen jarraikortasunak gai berari buruzko aldaeren inguruko hausnarketa egiten lagundu digu, ariketak errepikatu, aldatu edo probatzeko aukera eman digu, akatsak egiteko eta lanaren bilakaera osoa ikusteko aukera. Ikasleek denboraldi batean zehar proiektu batean lan egiten ikasi dute, gaur egun neurriz kanpo baloratzen den bat-batekotasuna alde batera utzita. Ikasleek sortzeko forma berriak ikasi dituzte, eta eurak izan dira forma berri horietan iniziatiba hartu behar izan dutenak.

Zaloa Ipiña

Gertuko inguruneko objektuei ikusmolde artistikotik begiratzen ikasi dute, eta, horrela, aukera berriak aurkitzen ikasi dute ustez halakorik ez dagoen lekuetan. Eskola eremuko materialekin lan egin dugu: liburuen forruak, errotuladoreak, erregelak, mapak, eta abar; ezagun zaizkien objektuak, funtsean. Hala, sortzerako orduan kontzeptuak duen garrantzia ikasi dute. Teknika desberdinak ikasi eta praktikan jarri ondoren, erakusketa osatu duten piezak sortu ditugu. Atsegin handia izan da sortzeprozesu honetan ikasleen aldamenean egotea, erakutsi duten jarreragatik, eta, batez ere, irakasleen inplikazioagatik.

Nerea Lekuona

Karlos Martínez Bordoy

Eskolara itzultzea oso esperientzia bitxia eta positiboa izan da. Taldean lan egin dugu (ikasleek, irakasleak eta nik neuk) boikotaren, esperimentazioaren eta akatsaren ideiei lotutako dinamiketan. Gure erantzun propioetara heltzea izan dugu xede, erantzun horien gaineko balioiritzi gehiegizkorik eman gabe. Hala, esperientziari berari jarraikiz, kontzeptu konbentzionalak gainditzea lortu dugu eta geure buruari galdetu diogu dakiguna nola frogatu dezakegun.

Karlos Martínez Bordoy

Manu Muniategiandikoetxea

Haurrekin lan egiteak hizkuntza eta diskurtso artistikoa egokitzea eskatzen du. Egiten duguna kontzeptu berberekin baina beste hitz batzuk erabilita erakusten saiatzeak berak oso aberasgarri eta bizigarri bihurtzen du prozesua. Hasiera batean konplexua dirudien edozein gai erraz bilakatzen da hitz egokiak aurkituz gero. Haurrek duten esperimentazio plastikorako gaitasuna jaiotzatikoa da. Hizkuntza plastikoa, margotzea, modelatzea jolasa dira haurrentzat.

Manu Muniategiandikoetxea

Jorge Rubio

Irudimena ez da ihesbide soila; motor boteretsua da, sormenaren beraren iturria; adierazpenerako, komunikaziorako, norberaren ezagutzarako eta eraldaketarako daukagun erreminta baliotsuenetakoa; gu guztion parte izan dadin zaindu eta hedatzen segi behar dugun erreminta. Izan ere, ez du mundua aldatuko, agian, baina bai aldatuko dituela hura eralda dezaketen pertsonak. Jakintzat ematen dugu existitu egin behar dela, garrantzitsua dela, oinarri-oinarrizkoa; eta, hala ere, ukiezina da, gobernaezina, eta ia aurreikusi ezinekoa: sormenak gizarte honen parte izan behar du, baina askotan, eraginkorra ez denez, inertzia hutsez bizi gara.

Jorge Rubio

Ixone Sádaba

Nola eraikitzen ditugu gure identitatea eta gure bereizgarriak taldearen parte izateari utzi gabe? Haurtzarotik nerabezarorako pausua prozesu konplikatua da, gauza asko uzten baititugu atzean gauza berrietara irekitzeko, eta ez beldurrik gabe gainera. Barakaldoko Munoa ikastetxeko ikasle taldearekin egindako lanean geure buruak begiratu ditugu, eta gure ingurunea aztertu dugu; eta prozesu horretan, gure ingurua deskubritzearekin batera, New Yorkera ere gerturatu gara! Geure buruak marraztu eta asmatu ditugu. Landa-koadernoak sortu ditugu eta, kamera analogikoen bitartez, batak bestea erretratatu dugu. Gure familiak eta gure ingurunea ere hartu ditugu argazkitan. Eta antzekotasunak eta desberdintasunak, biak ala biak gozatu ditugu.

Ixone Sádaba

Ibon Sáenz de Olazagoitia

Ikasleen sortze-gaitasunak eta irudimena estimulatzea; segurtasun-gabezia eta askatzeko beldurra kentzea; haiek ere artista potentzialak direla sinestaraztea… jakina baietz! Guzti horri bidea egingo dioten baldintzak sortu baino ez dira egin behar, eta Artea ikasbide programak hori bera ahalbidetzen du. Gasteizko Paula Montal ikastetxeko 5. mailako ikasleak izan dira esperientzia bikain honen zorioneko protagonistak. Ikastetxeko curriculum-programa zorrotzean parentesi bat aurkitu behar izan dugu gauzatu ahal izateko, baina uste dugu esperientziak merezi izan duela. Atsegin handia ematen du emaitzak ikusteak.

Ibon Sáenz de Olazagoitia

 

Manu Uranga

Tailer hauetan, erabakigarria izan da material eta teknika ezberdinak haurrekin praktikan jartzea, artearen inguruko aurreiritzietan erori gabe. Sormen-praktikak berak ahalmen harrigarria du itxuraz ezkutuan dauden gai eta kontzeptuak azaleratzeko, baita egunerokotasunean oharkabean pasatzen diren kezka zein motiboak ere. Modu horretan ekiten diogu lanari, elkarrekin martxan jarri eta berriz ikasteko, jada dakigunetik abiatuta. Halako jarduerek haur bakoitzari arreta berezia eskaintzea eskatzen dute, baina ezinbestekoak dira haien sormen-gaitasunak gizarte osasuntsuago baten partaide izatera eraman ditzan, eta hura eraldatzeko gai izan daitezen. Hori ere gure esku dago.

Manu Uranga

Ba al zenekien...?

Elkartrukea Bilbao–New York

Bi ikastetxetako —Barakaldokoa bata eta New Yorkekoa bestea— ikasleek mezu elektronikoak idatzi zizkieten elkarri sei astez.
Lortu informazio gehiago

Historia

1970. urtean, Learning Through Art hezkuntza-programa abiarazi zen New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en
Lortu informazio gehiago

Programa

Artea Ikasbide Hezkuntza-programa honek Lehen Hezkuntzako eskola-curriculuma indartzen du, artea baliabide gisa erabiliz
Lortu informazio gehiago